Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:3:1:7

Baliokidetzak birformulatzaileetan

Birformulatzaileen forma eta jatorria kontuan harturik, bi multzotan bana daitezke euskarazko birformulatzaile esplikatiboak:

  • birformulatzaile erabilienak: alegia, hau da, hots. Hiru horien artean ezberdintasunak daude sintaxiari, posizioari eta funtzioei dagokienez 1, baina baliokidetzat jo daitezke, diskurtsoan zeregin bera dute eta: azalpenezko birformulazioa gauzatzen dute hirurek.
  • enuntziazioari loturiko esapide birformulatzaileak, esan aditzaren bidez sortuak: erran nahi baita, bestela esanda, beste era batera esanda, beste modu batera esanda, beste hitz batzuetan/batzuekin (esanda), beste hitzetan/hitzez (esanda). Hauen artean ere badira ezberdintasunak: lexikalizazio-maila, sintaxia, posizioa… Baina guztiak bat datoz gauza batean: esan aditza erabiliz, espresuki adierazten dute beste hitz batzuetan, egokiago formulatuko dela aurreko enuntziatua edo enuntziatu-atala. Gehienetan, azalpenezko balioa hartzen du atal birformulatzaileak. Halako birformulatzaileak erabiltzerakoan are agerikoagoa da, birformulazioaren izaera polifonikoa.

Funtzio semantiko-pragmatiko nagusiari erreparatuz gero (azalpenezko birformulazioa), berriz, badirudi nolabaiteko baliokidetza dagoela multzo bateko eta besteko birformulatzaileen artean.

1 “Birformulatzaile esplikatiboak (alegia, erran nahi baita, hau da, hots) egungo euskara estandarrean: erabat baliokide ote?”, Euskera, Alberdi 2014b

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Baliokidetzak birformulatzaileetan", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3