Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:3:1:8

Tradizioa, testu mota, erregistroa

Birformulatzaile esplikatiboak azalpenezko diskurtsoan erabiltzen dira batez ere, baina bakoitzak ezaugarri batzuk ditu:

  • OEHren arabera, alegia, jatorriz, lagunarteko hizkeran erabiltzen zen, baina XIX. mendearen bigarren zatian hasi zen zabaltzen testuetara:
    • Tr. Alegia se emplea como partícula propia del habla coloquial, lo que puede explicar su ausencia en los textos hasta finales del s. XIX. Más tarde, cuando se tiende a emplear giros o clichés “castizos” (es decir, propios del diálogo y en gral. de la lengua oral), aparece con profusión en algunos textos guipuzcoanos y alto-navarros.
    • Egun erabat zabaldu da gipuzkeratik eta nafarreratik egungo euskara estandarrera. Hizkera lagunartekoan zein zainduan erabiltzen da, idatzian zein ahozkoan.
  • hau da birformulatzailea azalpenezko diskurtsoari dago lotuta eta maizago azaltzen da hizkuntza idatzi zainduan. Hegoaldeko tradiziokoa izanik, erabat zabaldu da egungo euskara estandarrean (nahiz eta Iparraldean gutxitxo erabiltzen den).
  • hots ere azalpenezko testuetan azaltzen da gehien, eta arrakasta handiz zabaldu da ipar-ekialdeko euskalkietatik euskara zaindura.
  • erran nahi baita birformulatzailea oso gutxi erabiltzen da Hegoaldean, euskara batuan soilik; Iparraldean, ordea, testu mota guztietan ageri da, lagunarteko erregistroan zein maila zainduan, hizkuntza idatzian zein ahozkoan.
  • Gainerako birformulatzaile esplikatiboak berriagoak dira: bestela esanda, beste era batera esanda… eta sarriago azaltzen dira hizkera zainduan lagunartekoan baino; hizkera zainduari eta azalpenezko testuei lotuta daudenez, ahozko hizkuntzan agertzekotan erregistro edo testu mota horietan agertuko dira batik bat.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Tradizioa, testu mota, erregistroa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3