Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:3:2:1

Funtzioak

Beste hizkuntza batzuetan bezala, euskaraz ere, zenbait partikula eta esapidek funtzio bat baino gehiago betetzen dute. Esapide bera adberbioa izan daiteke testuinguru batzuetan, operadorea, beste batzuetan, eta birformulatzailea, beste askotan. zehazkiago hitzak hainbat funtzio izan ditzakeela ikusiko dugu segidan:

  • adberbioa
  • operadorea
  • birformulatzailea

Adberbio funtzioa

Beheko adibide honetan, esaterako, adberbioa da zehazkiago, bere funtzio sintaktikoari eusten diolako: Nola esan? galderari erantzuten dio:

  • Mogol Handia mendebaldekook erabiltzen dugun deitura da India iparraldeko eta Asia erdialdeko lurralde zabaletako agintaria izendatzeko. Zehazkiago esan beharko bagenu, Sha Jahan deitu beharko genioke Agustin Hiriarte gorteko bitxigile izendatu zuen agintari ahaltsuari. (Bizitza eredugarriak, Olaizola, J. M. "Txiliku")

Operadore funtzioa

Charles Sanders Peirce Beste testu honetan operadorea da zehazkiago. Ez da birformulatzailea; izan ere, ez du erlazionatzen diskurtso-segmentu bat aurreragoko beste diskurtso-segmentu batekin:

  • Baieztapen hori oso nabarra dela pentsatzen baduzu, esango dizut, zehazkiago, arrunki hiru bide erabiltzen dituztela ideal horiek euren balioa erakusteko, eta arrazoi osoz egiten dute. (Artikulu eta hitzaldien bilduma, Charles Sanders Peirce / Ibon Uribarri)

Birformulatzaile funtzioa

Beste askotan, birformulatzailea da zehazkiago. Beheko testu honen birformulakizunean, morfologiaren definizio bat ematen da, orokorra (forma aztertzea) eta anbiguoa (morfologia formen azterketa bada, forma ezberdin asko azter daitezke hizkuntzalaritzan); geroago, atal birformulatzailean emandako informazio zehatzagoaren bidez saihesten du hizlariak anbiguotasuna (hitzen forma aztertzea). Halako markatzaileen bitartez hiztunak atzera egiten du diskurtsoan, eta lehenago esandako elementu bat zehazten du:

  • Hitzaren barruan nahiz hitzen artean esanahiaren eta formaren arteko harremana aztertzen duen hizkuntzalaritzaren adarrari morfologia deritzo. Morfologiak, hitzez hitz, 'forma aztertzea' esan nahi du; zehazkiago, hitzen forma aztertzea. (Hizkuntza eta hizkuntzalaritza: hastapenak, Fasold, Ralph et al. EHU, 2010)
Birformulakizuna Morfologiak, hitzez hitz, 'forma aztertzea' esan nahi du
Atal birformulatzailea zehazkiago, hitzen forma aztertzea.

Are gehiago, birformulatzaile gisa ere, funtzio bat baino gehiago bete dezake esapide berberak. Esate baterako, zehazkiago birformulatzaileak, gutxienez, hiru balio hauek har ditzake diskurtsoan: zehaztailea, zuzentzailea eta esplikatiboa. Dena dela, funtzio zehaztailea da birformulatzaile gisa betetzen duen funtzio nagusia.

Autoreen iritzia

Funtzio aniztasun horren ondorioz, autoreak ez datoz bat esapide eta partikula batzuk sailkatzerakoan. Hala ere, hitz edo esapide bat birformulatzaile zehaztailea dela esateak ez du esan nahi beste funtziorik bete ezin duenik: adberbioa, operadorea, birformulatzaile zuzentzailea…

Hauek dira birformulatzaile zehaztaile gisa erabiltzen diren hitz eta esapide nagusiak: hain zuzen (ere), hurrenez hurren, zehatz-mehatz, zehazkiago, zehatz esanda/esateko, zehatzago esanda/esan/esatearren/esateko, zehazkiago esanda/esateko.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Funtzioak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3