Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:3:2:2

Balioak

Birformulatzaile zehaztaileek hainbat balio izan ditzakete. Horiek ikusiko ditugu segidan.

hain zuzen ere

Birformulatzaile zehaztaileek zehaztu egiten dute aurretik esandakoa. Zehaztapen hori, ordea, modu askotara eman daiteke. Ikus dezagun hain zuzen ere birformulatzaile zehaztailea nola erabiltzen den:

  • a) Multzo zabal baten barruan multzo zehatzagoa ezartzen du atal birformulatzaileak (inklusio-erlazioa):
    • Algoritmo hau estatistikan oinarritzen da, Bernoulli-ren probabilitate banaketan hain zuzen ere. (“Ikasteko gai al dira robotak?”, A. Zelaia Jauregi (Elhuyar Fundazioa, 1995), aldizkari artikulua)
  • b) Modu orokorrean formulatuta dagoen leku edo uneari erreferentzia zehatza ematen dio birformulazioak:
    • -Atzo arratsean, seiak eta zazpi minutu gutxitan hain zuzen, aintziraren ertzean paseatzen ari ginen, zuk ondo dakizunez; platano-bidean zehar genbiltzan, Casa Sommariva-tik beherago, hegoalderako bidea hartuta. (Parmako kartusia, Stendhal / Muñoz, J.)
  • c) Birformulakizunak gertakari, objektu, hipotesi, pertsona bat edo batzuk aipatzen ditu modu zehazgabean —enuntziatu-ataleko bat edo batzuk determinatzaileak dira horren erakusgarri—, eta atal birformulatzaileak zehaztu egiten du zein den gertakari, objektu, hipotesi edo pertsona hori. Pertsonak eta objektuak identifikatzeko balio du:
    • Produktu horien sorrera Estatu Batuetako mediku ospetsu bati zor diogu, John Harvey Kellogg jaunari, hain zuzen ere. (“Gosariko zerealak”, Arantza Lorenzo & Ane Miren Uranga, Elhuyar aldizkaria, 2002)
  • d) Enumerazioaren bidez ere zehatz daiteke birformulakizunak adierazitakoa, aurreko atalaren edukia zein elementuk osatzen duten zerrendatuz:
    • Ondoren datoz Lyellen epokak -Pleistozenoa, Miozenoa eta abar-, azken 65 milioi urteei soilik aplikatzen zaizkienak (nahiz eta paleontologiari dagokionez jarduera handiko urteak diren), eta, azkenik, azpimultzo xeheenak ditugu, hain zuzen, estaiak edo adinak. (Ia denaren historia labur bat, Bill Bryson / Ixiar Iza)
  • e) Izendapen-funtzioa du batzuetan birformulazioak:
    • Tenperatura baxuko konposatu kimikoen erregina, ura, hain zuzen, biak ere (eta bat bereziki) oso ugariak diren elementu jakin biren erreakziotik dator: oxigenoa eta hidrogenoa. (Formen matxinada, ZIO, Jorge Wagensberg / Garzia, Juan)
  • f) Birformulakizunak adierazitakoa zehatza izan daiteke eta, halakoetan, beste xehetasunen bat ematen du atal birformulatzaileak: alegia, kontakizunaren harirako garrantzitsua den daturen bat gehitzen du:
    • Hala ere, sarjentuak luzaz galdekatu zituen bi zerbitzari bakarrak (Rosannaren salbuespena eginda) etxekoandrearen neskamea eta etxeko neskame burua izan ziren, beren lankide dohakabea etxera iritsi zen egunetik bertatik hura zirikatzen jardun zuten bi emakume haiek, hain zuzen. (Ilargi-harria, Wilkie Collins / Antton Olano)
  • g) Bai birformulakizuna eta bai atal birformulatzailea perpaus beregainak direnean, lehen perpausean esandakoa berresten du, oro har, birformulazioak (argudioak emanez, batzuetan):
    • Herri gogoak dinamikoak dira, zalantzarik gabe; hain zuzen, beraiek dira dinamismoaren iturriak historian, kulturan. (Volksgeist - Herri gogoa. Ilustraziotik nazismora, Azurmendi, J.)

zehatz

zehatz hitzean oinarrituriko gainerako birformulatzaile zehaztaileek ere ordezka dezakete hain zuzen (ere) diskurtso markatzailea: zehatz-mehatz, zehazkiago, zehatzago esanda, zehazkiago esanda Betiere aurretik esandakoa zehazten badute:

  • […] distantziaren erdi aldean, lur-atmosferaren goi-geruzara, bi bat kaloria-gramo iristen da zentimetro karratu bakoitzeko; 1,94 kaloria-gramo, zehatz-mehatz /hain zuzen (ere). (“Meteorologiaren hastapenak”, Medina, Mariano, Elhuyar Fundazioa, 1990)

hurrenez hurren

Beste zehaztapen-balio bat du hurrenez hurren markatzaile berriak. Egungo euskaran, askotan, informazio-kate bat osatzen du hurrenez hurren esapideak. Zerrenda bateko elementuei buruzko azalpen edo zehaztapenak emateko erabiltzen da. Nolabaiteko balio banakaria du eta aurreko eta ondorengo enuntziatuetako datuen arteko korrelazioa adierazten du: enumerazio bateko elementuen hurrenkeran oinarritzen da ondorengo zehaztapen edo azalpen argigarri bakoitzaren interpretazioa edo erreferentzia; hots, korrelatiboak dira segidan datozen enuntziatuetako enumerazioetako datuak. Gehienetan “enumerazioa + enumerazio horretako elementuei buruzko zehaztapenak” hurrenkera nagusitzen da, eta gorago aipatutakoari erreferentzia egiteko balio du: balio anaforikoa du:

  • […] Egia esan, elefante guztiak ez dira berdinak belarrien handitasunari dagokionez. Loxodonta africana-k bai, oso handiak ditu belarriak, 183 cm eta 114 cm baitira, hurrenez hurren, haien luzera eta zabalera. (Animalien aferak, ZIO, J.I. Pérez Iglesias / M.B. Urrutia)

hurrenez hurren esapideak “bata bestearen ondotik” (gazt. “sucesivamente”) esateko erabiltzen zen hasieran. Eta badirudi 1 adberbio-erabilera horretatik (“baten ondotik hurrengoa doala”) eratorria dela birformulatzaile-erabilera (gazt. “respectivamente”).

Birformulakizuna (1. enumerazioa) 183 cm [A] eta 114 cm [B] baitira
Atal birformulatzailea (2. enumerazioa) hurrenez hurren, haien [belarrien] luzera [A´] eta zabalera [B´]

Birformulakizunean ageri diren datuak (183 cm eta 114 cm) interpretatzeko, hurrenkerari erreparatu behar zaio. Atal birformulatzaileko lehen elementua birformulakizuneko lehen datuari dagokio; atal birformulatzaileko bigarren elementua, birformulakizuneko bigarren datuari; eta horrela hurrenez hurren:

  • A’ zehaztapena (luzera) A datuarekin (183 cm) uztartu behar da;
  • eta B’ zehaztapena (zabalera), B datuarekin (114 cm).
1 “Diskurtso-markatzaile berri bat”: hurrenez hurren birformulatzailea“, ASJU, Alberdi 2011a

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Balioak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3