Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:3:2:3

Kokalekua

Birformulatzaile zehaztaileak perpauseko hainbat lekutan joan daitezke. Kokaleku horiek ikusiko ditugu segidan.

hain zuzen ere

Atal birformulatzailearen hasieran, tartekatuta zein amaieran joan daiteke hain zuzen (ere). Eta, oro har, gauza bera gertatzen da zehatz hitzetik sortzen diren birformulatzaile zehaztaileekin ere (zehatz-mehatz, zehazkiago, zehatzago esanda, zehazkiago esanda…); alabaina, juntagailu baten ondotik, batez ere, atal birformulatzailearen hasieran eman ohi dira halakoak:

  • Basoan gerra amorratua dago. Ekologoak hau ikusiz, hausnarka eta buruari bueltaka hasten dira. Hipotesiak ere sortzen dira: lurrean edo, zehazkiago esan, lurzoruan gertatzen da lehia hori. (“ Ekologi azterketak nola egin?”, J. Lizeaga / J. Zapirain, Elhuyar fundazioa)

hurrenez hurren

hurrenez hurren birformulatzailea ere atal birformulatzailearen hasieran zein amaieran agertzen da, baina betiere enumerazio baten —birformulakizunaren— ondoren:

  • […] The normal and the Pathological eta Illness and Psychology dira liburu nagusiak; Canguilhemena eta Foucaultena, hurrenez hurren. (Antropologo bat Marten, Olarra, X.)
  • Fernando Lamikizek eta Miguel Fuentesek, hurrenez hurren Athletic eta Realeko presidenteek, istilurik ez dutela nahi adierazi zuten atzo, baina bakoitzak bereari eutsi zion. ( Berria)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Kokalekua", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3