Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:3:2:6

Tradizioa, testu mota, erregistroa

Ikus dezagun birformulatzaile zehaztaile bakoitzaren tradizioari buruzko ohar zenbait:

  • Egungo euskara estandarrean, hain zuzen (ere) da birformulatzaile zehaztaile erabiliena. Bereziki azalpenezko diskurtsoan erabiltzen da, eta askoz gehiago hizkera zainduan, lagunartekoan baino; eta askozaz ere maizago idatzian, ahozkoan baino. Dena dela, badirudi funtsezko bereizketa ez dela erregistroari dagokiona (zaindua/lagunartekoa), testu- edo diskurtso-motari dagokiona baizik.
  • zehazkiago eta haren tankerako birformulatzaileak (zehatz-mehatz, zehatzago esanda, zehatzago esatearren…) askoz gutxiago erabiltzen dira egungo euskara estandarrean. hain zuzen birformulatzailea bezala, azalpenezko diskurtsoan erabiltzen dira batik bat. zehatzago esanda eta zehatzago esateko birformulatzaileek, gainera, tradizio laburra dute, ez daude guztiz finkatuta edo lexikalizatuta esapide birformulatzaile gisa (zehatzago esanda/esateko/esatearren), eta ez daude jasota hiztegi eta gramatiketan.
  • hurrenez hurren birformulatzailea sarri erabiltzen da egungo euskaran; baina, eskatzen duen eragiketa anaforiko konplexuagatik, batez ere, diskurtso planifikatu idatzian erabiltzen da, hizkuntza akademikoan eta azalpenezko testuetan bereziki. Ahozko hizkuntzan ez da erabiltzen birformulatzaile gisa. Beste birformulatzaile batzuekin gertatu den moduan, badirudi itzulpengintzak eragina izan duela birformulatzaile honen sorreran eta erabileran.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Tradizioa, testu mota, erregistroa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3