Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:3:3:1

Laburbiltzaile hutsak

Birformulatzaile laburbiltzaile hutsen bidez, aurreko atalean, birformulakizunean, eman diren azalpenak kontuan hartu eta atal horretan esandakoaren ildotik bideratzen dira inferentziak atal birformulatzailean. Oro har, atal birformulatzailean laburpen gisa aurkezten den informazioa nabarmentzen da laburbiltzaileen bidez:

  • Aldaeretan ere mendebaleko eta erdialdeko euskalkiekin egiten dute bat sarri: ahaztu (Hondarribiko portuan ahantzi ere bada), belarri (ez beharri, begarri), bildur (ez beldur), bultzatu (ez bulkatu), esan (ez erran), gutxi (ez guti, gutti), hamaika (ez hameka), ikuttu (ez ukittu), itxi (ez hetsi, hertsi), izu (ez izi), jantzi eta erantzi (ez jauntzi/erauntzi), orain (ez orai, guai)… Laburbilduz, Oiartzun eta, batez ere, Hondarribia eta Irun “tarteko” eremuan sartu ditugu, eta erdialdeko euskalkiaren eta euskara nafarraren arteko lotura ez ezik, nafar-lapurtarrarekin ere egiten dute batasuna. Aldiz, Lezo eta Errenteria ia erabat lerratu dira erdialdeko euskalkira. Hondarribi aldera dagoen Lezoko Gaintxurizketa auzoan gorde dira ondoen ekialdeko ezaugarriak. (Euskalkiak, euskararen dialektoak, Zuazo, K.)
Birformulakizuna Aldaeretan ere mendebaleko eta erdialdeko euskalkiekin egiten dute bat sarri: ahaztu (Hondarribiko portuan ahantzi ere bada), belarri (ez beharri, begarri), bildur (ez beldur), bultzatu (ez bulkatu), esan (ez erran), gutxi (ez guti, gutti), hamaika (ez hameka), ikuttu (ez ukittu), itxi (ez hetsi, hertsi), izu (ez izi), jantzi eta erantzi (ez jauntzi/erauntzi), orain (ez orai, guai)…
Azalpena: atal birformulatzailea Laburbilduz, Oiartzun eta, batez ere, Hondarribia eta Irun “tarteko” eremuan sartu ditugu, eta erdialdeko euskalkiaren eta euskara nafarraren arteko lotura ez ezik, nafar-lapurtarrarekin ere egiten dute batasuna.

Birformulakizunean luze eta zehatz eman den informazioa laburbiltzen du atal birformulatzaileak, informazio ahalik eta funtsezkoena bilduz.

  • […] ematen zizkion, ea seme-alabak ostatuan bertan bizi ziren gurasoekin batera eta ea seme nagusia ezkongabea ala ezkondua zen, ea norekin zegoen ezkondurik, ea ezkontsaria handia ala txikia izan zen, ea aitaginarreba pozik geratu zen ala haserretu egin zen ezkontzan opari gutxi jaso zituelako; hitz batean, ez zitzaion ahaztu ezertxo ere galdetzea. (Arima hilak, Nikolai Gogol / Jose Morales)

Beste balio batzuk

Beste balio batzuk bideratzeko ere erabiltzen dira laburbiltzaileak:

  • informazio argigarria gaineratzeko;
  • eta ondorioa bideratzeko.
    • Nahiz eta Sky Blue Sky ez den Yankee Hotel Foxtrot oinarrizkoa bezain osoa, nahiz eta ez daukan rock disko batek izan dezakeen hasierarik onena —A Ghost Is Bornlaneko At least that's what you said itzela— disko honek azalera ekarri du, beste behin, gaur egun ez dagoela iparramerikar musikaren eremuan Wilcok bezainbesteko pisu eta, orain bai, egonkortasun daukan talderik. Hitz gutxitan esateko, disko berria lasaia da, baketsua; ez dago bertan aurreko laneko Spiders/Kidsmoke haren moduko asaldatzerik. ( Berria)
    • Kostuak murrizteko neurriak proposatu, beren moduluetako materialak kudeatu, produktuaren kalitatea zaindu eta diseinu- eta garapen-ahalmena izango duten hornitzaileak arrakastatsu suertatuko dira. Hornitzaile nagusi hauek automobil fabrikatzailearen bazkide bihurtuko dira eta hauekin negoziatuko dituzte produktuaren lehiakortasunarekin lotuta dauden puntu guztiak, preziotik osagaien diseinuraino. Horrelako neurriak hartuz, General Motors eta Wolkswagen-ek bilioi erdi pezeta baino gehiago aurreztea lortu dute eta noski, horrek, enpresa handien interesa ziurtatzen du. Laburbilduz, Moduluka Egindako Automobila planteamenduak fabrikatzailearen eta hornitzailearen arteko harreman-esparru berri bat definitzen du. Harreman-esparru berri honek, aldi berean kontenplatu behar diren aparteko lau arlo biltzen ditu bere baitan; ondokoak dira: (“Automobilgintzako osagai-hornitzaileen etorkizuna: Moduluka Egindako Automobila”, Elhuyar aldizkaria, Aranburu, Iñaki)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Laburbiltzaile hutsak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3