Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:3:3:1:2

Sintaxia

Sintaxiari dagokionez, birformulatzaile laburbiltzaileek perpaus bat (lokabea, koordinatua, mendekoa…) sortzen dute. Dena dela, zenbaitetan sintagma bati ere laguntzen diote, hurrenez hurren ondoko adibideetan:

  • Ez nuen, ordea, Angeloren etxera itzuli nahi, orduak eta orduak bertan bakarrik egiteko aukerak ez ninduen-eta asetzen. Hirira jaitsi eta kafesne bero bat hartuko nuen. Egunkariren bat erosiko nuen. Paper-dendaren batean sartu eta, postalen bat erosteko aitzakian, italiera praktikatuko nuen dendariarekin. Hitz gutxitan: orduak entretenituko nituen. Edozer gauza, etxera bildu eta han neure buruari galderak egiten eta neure barruko harren lardaskan egotea baino. Kalean alde batetik bestera, ez nuen lortzen kezka eta iluntasuna gainetik kendu eta kontu arruntagoak pentsatzea; baina etxe zuloan sartuta, zailagoa izango nuen. (Ihes betea, Lertxundi, A.)Haritz Monreal
  • Haren kontserbazioak ondokoa du helburu: edo mehatxatzen duten gaitzei aurre egitea, edo dagoeneko kaltetzen dutenei sendabidea topatzea. Hori lortzen bi modutan saiatu behar da: gure aurkikuntza partikularren bidez, eta gainontzeko pertsonen ikerkuntzen bitartez, beraiekin dugun elkartrukatzeak ahalmentzen duelarik horien probetxu ateratzea. Hortik sortu dira nekazaritza, medikuntza eta, hitz batean, guztiz beharrezko diren arte guztiak. (Pentsamendu ilustratua - idazlan hautatuak I, Jean le Rond d'Alembert, Diderot eta Priestley / Haritz Monreal)

Juntagailuekin eta beste diskurtso-markatzaile batzuekin ere agertzen dira birformulatzaile laburbiltzaileak:

  • Artean usatu ere egin nintzen ni neure bizimodu berrian: telegrafoari beti adi, parte militar hotzetan murgildurik, neure ondoan aspaldisko hartan emakume-irribarre leunik gabe idorturik, eta labur esanda, negua bezain hotz gertaturik, ahaztu ere egin nintzen biziaren gozagarriez. (Putzu, "Txillardegi")
  • Laugarren aitzakia: Jauna, ez det nik, erlijioko ordenetan bezala, paret artean bizitzeko gogorik, edo hitz batean guzia esateko, ez det Monja izateko ametsik egin: nik nai nuke. (Konfesioko eta komunioko sakramentuen gañean erakusaldiak, Aguirre, J. B.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Sintaxia", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3