Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:3:3:2:1

Balioa

Birformulatzaile berraztertzaileek berraztertu egiten dute aurretik esandakoa, birformulakizunean esandakoa. Horixe dute balio nagusia. Ondoren, hausnarketa edo azterketa horri bidea ematen zaio atal birformulatzailean, eta azken hori behin betikotzat hartzen da. Horrenbestez, diskurtso markatzailearen bitartez birformulakizunean adierazitakora itzultzen da esataria, birformulakizunean adierazitako hori beste ikuspuntu batetik emateko atal birformulatzailean.

  • Argiago mintzatu zen Le verbe basque en tableaux liburuan: Adibideak literaturako giputzetik hartuko ditut gehienetan, hura delako ezagunena, mintzatuena, landuena, eta baita aberats eta erregularrenetakoa ere, eta hura delako, azken batean, euskararen benetako ordezkaria, gutxi gorabehera toscaniarra eta gaztelania italieran eta espainieran diren neurri berean. (Euskara batua, Zuazo, K.)
Birformulakizuna Adibideak literaturako giputzetik hartuko ditut gehienetan, hura delako ezagunena, mintzatuena, landuena, eta baita aberats eta erregularrenetakoa ere,
Azalpena: atal birformulatzailea eta hura delako, azken batean, euskararen benetako ordezkaria, gutxi gorabehera toscaniarra eta gaztelania italieran eta espainieran diren neurri berean.
  • Marmolezko kaperako elkar ikustearen ondoren, arteraino ez bezalako alaitasun eta pozaldian bizi izan zen Fabrice. Bazirudien, egia esan, oztopo handiak zituela oraindik ere zoriontsu izateko, baina, azken batean, ezin handiagoa eta ustekabekoa zen gure presoaren poza, bere pentsamendu guzti-guztietan sartua zeukan izaki jainkozkoak bera maite zuelako. Elkarrizketa haren ondoko hirugarren egunean, lanpararen seinaleak oso goiz bukatu ziren: gauerdia aldera. (Parmako Kartusia, Stendhal / Jon Muñoz)
Birformulakizuna Bazirudien, egia esan, oztopo handiak zituela oraindik ere zoriontsu izateko,
Azalpena: atal birformulatzailea baina, azken batean, ezin handiagoa eta ustekabekoa zen gure presoaren poza,

Lehenbiziko adibideko birformulakizunean informazio-segida dago eta atal birformulatzailean azken batean diskurtso markatzaileak txertatzen duen enuntziatuaren ikuspuntua aurretik esandakoaren ildo beretik doa.

Bigarren adibidean, berriz, azken batean diskurtso markatzailea ageri den atal birformulatzailearen ikuspuntua desberdina da birformulakizunean adierazitakoarekin alderatuta. Aurkaritza agertzen duten atalak baina juntagailuaren bitartez lotu dira.

Beste balio batzuk

Birformulatzaile berraztertzaileek beste balio batzuk ere izaten dituzte: azalpenak emateko eta ondorioa adierazteko erabiltzen dira. Ikus adibideok:

  • Philippe ClaudelHerrian denek ezagutzen zuten elkar eta, bidean topatzean, elkar agurtzen zuten guztiek. Hamabi familia ziren osotara, eta denek zekiten gainerako guztien historia; bazekizkiten aitatxi-amatxiren izenak, arbasoenak, lehengusuenak, eta guztiek zuten besteen ondasunen berri zehatza. Herria, azken buruan, familia handi eta bakar bat bezalakoa zen. Zutoinen gaineko etxeetan antolatuta zegoen, eta etxe azpietan kakaraka eta lurrari mokoka ibiltzen ziren oiloak eta ahateak. Agurea jabetzen da lehenaldia erabiltzen duela bere artean herriaz mintzatzen denean. Horrek minez ziztatu dio bihotza. (Lihn jaunaren biloba, Philippe Claudel / Itziar Diaz de Ultzurrun)
  • Gogorra gertatzen zaio amari ordu horietan sukalderatzea, baina ohitzen hasia da. Xabi noiz esnatuko eta altxatuko den jakiteko araurik ez dago. Atzo, hamarretan jaiki zen; herenegun, zazpiak eta laurdenetan. Ez dago araurik, ez dago erregulartasunik, ez dago jakiterik hurrengo egunean zein ordutan esnatuko den, ez dago, azken buruan, ezer planifikatzerik. Alferrik da; ebazpiderik ez duen hieroglifikoa. Hieroglifiko tranpatia. Dena dela, gauza bat ziurra da, esnatzeko orduari dagokionez, amaren ordutegia Xabiren ordutegi bera da. (Istripuak, A. Arrieta Urtizberea)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Balioa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3