Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:3:3:2:4

Puntuazioa

Atal birformulatzailearen hasieran doazenean, birformulatzaile berraztertzaileek koma hartzen dute ondotik, eta aurretik koma edo puntuazio-zeinu zorrotzago bat (puntu eta koma, puntua, bi puntu). Tartekatuta doazenean, berriz, koma artean joatean dira. Azkenik, atal birformulatzailearen bukaeran doazenean, aurretik koma jarri ohi da.

  • Hara, bada, zergatik biltzen zituen Montsek mutil eta gizon ospetsu haien ileak: haiek hilda gero prezio onean saltzeko eta zahartzaroan estutasun ekonomikorik ez izateko, gerora begira aitaren negozioari edozer gerta baitzekiokeen, munduan ez baitago, azken buruan, krisirik ez duen ekonomiarik, eta segurtasun sozialari begira jartzea mila zulo dituen bide-lapurraren poltsa galduari begira jartzea bezalakoa baita, itxura guztien arabera. (Odolean neraman, Irigoien, J. M.)
  • Azken finean, Giristinoak, zazpi donu hek zurubi bat Iakopen zurubia baiño mirakulluskoagoa konposatzen dute, zeren donu hautarik zurubiaren maillez bezala gure arimerat jausten baita espiritu saindua eta gure baitan egonen da promes deraukun bezala. (Doctrina Christiana, Materre, E.)
  • Elezahar ederra, baina elezaharra hau ere, azken batean. (Txanponaren bi aldeak, Iñaki Heras)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Puntuazioa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3