Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:3:4:0

Funtzioa

Horrenbestez, birformulatzaile urruntzaileen bidez, hiztuna urrundu egiten da esandakotik eta beste era batera birformulatuko du, formulazio berria ekoizten du. Hori horrela, birformulatzaile urruntzaileek norabide berria ematen diote birformulakizunetik atera daitezkeen inferentziei. Adiera berria zuzen eta egoki interpretatzeko, bigarren atalak lehenengoarekin daukan harremanari erreparatu behar zaio. Ikus ditzagun adibide batzuk:

  • Horrek Mundu Zaharreko makakoen (rhesus makakoen) eta Mundu Berrikoen (tamarinen) arteko desberdintasunen bat adierazten ote duen ez da oraingoz argitu, eta beste espezie adierazgarri batzuekin proba gehiago egin arte itxaron beharko da. Azterketa horiek, nolanahi ere, agerian uzten dute muga garrantzitsu bat duela tamarinak problemak ebazteko. ( Gogo basatiak, Marc D. Hauser / Irene Aldasoro)
  • Oraingoz ez dakigu nola eragiten dioten elkarri bi ezagutza-alor horiek, ez eboluzio-bidean, ez garapen-bidean. Gure zenbaki- eta hizkuntza-sistemen azpian dagoen lanabes konbinatorialak eragiten du elementu kopuru finitu baten birkonbinaketatik esapide ugaritasun infinitua sortzea. Dena den, oraindik ez da argitu gaitasun horren jatorri ebolutiboa zein den. ( Gogo basatiak, Marc D. Hauser / Irene Aldasoro)

Ikus ditzagun bi adibide horien interpretazioak:

  • Lehenengo adibidean, nolanahi ere birformulatzaile urruntzailearen bidez garrantzia kentzen zaio aurretik esandakoari: oraindik proba gehiago egin beharko dira gauza batzuk argitzeko. Bestalde, birformulatutako zatian esaten dena nabarmenduta geratzen da: alegia, gauza batzuk argitu gabe daude oraindik, baina gauza bat argi dago behintzat: Azterketa horiek, nolanahi ere, agerian uzten dute muga garrantzitsu bat duela tamarinak problemak ebazteko.
  • Bigarren adibidean, dena den elementuak apaldu egiten du birformulakizunaren garrantzia: asko ikasi da, baina oraindik gauza asko dago ezagutzeko; dena ez dagoela konponduta azpimarratzen du.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Funtzioa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3