Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:3:4:1

Balioak

nolanahi ere eta dena den birformulatzaileak erabili ditugu aurreko adibideetan, eta adibide horien adiera ulertzeko, bigarren enuntziatua hartu behar dugu kontuan, ez lehenengoa. Diskurtso markatzaile horiek laguntzen digute bi enuntziatu artikulatuz atera litezkeen ondorio oker edo desegoki horiek berbideratzen eta irakurketa zuzena egiten, esandakoari benetako zentzua har diezaiogun.Geziek laguntzen digute noranzkoa hautatzen

Horrenbestez, birformulatzaile urruntzaileen funtzioetako bat da bi enuntziatu edo testu zati artikulatzea. Baina birformulatzaile urruntzaileek izaera instrukzionala ere badute, lotu diren bi zatien artean ezarri den harremana nola interpretatu behar den adierazten dute.

Beste balio batzuk

Dena dela, bestelako erabilera diskurtsiboak ere erakuts ditzakete: solasaldia berrorientatzea, garrantzizkoena azpimarratzea, zerbait argitzea, gaia aldatzea, kontrastea nabarmentzea, adostasuna edo desadostasuna erakustea, eta abar.

Alde horretatik, beraz, litekeena da, partekatzen dituzten ezaugarriekin batera desberdintasunak ere agertzea haien artean. Bestalde, litekeena da, gainera, portaera diskurtsibo zenbait bat etortzea birformulatzaile urruntzaileen sailetik kanpo sailkatuta agertzen diren beste markatzaile batzuekin (dena dela-k, esate baterako, laburbiltze-zentzua izan dezake testuinguru batzuetan)

Esandakoaz gain, badago azpimarratzeko beste alderdi bat. Zenbaitetan, hizpide ditugun elementu edo partikulok adberbio edo lokuzio soilak izan daitezke, eta ez diskurtso markatzaile. Eta markatzaile direnean ere funtzio anitz betetzen dituzte.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Balioak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3