Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:3:4:3

Sailkapena

Birformulatzaile urruntzaileek hainbat funtzio edo erabilera dauzkatela ikusi dugu. Hain zuzen ere, askotariko erabilera horrek bi zalantza sortzen ditu: batetik, zer izen eman behar zaien; bestetik, nola sailkatu behar diren. Izan ere, funtzio bat baino gehiago bete dezaketenz, ez da erraza sailak mugatzea.

Gaztelaniaz Martín-Zorraquinok eta Portolések 1 diskurtso markatzaileentzat egiten duten sailkapenari jarraituta, birformulatzaileen multzoan sartu ditugu, eta zehazkiago, birformulatzaile urruntzaileen sailean. Nolanahi ere, izendapen hori oso modu zabalean ulertu behar da. Fuentesek bere hiztegian ((“El diccionario de conectores y operadores del español”, Español actual, 2009) kontzesiozkoen barruan sailkatzen ditu hemen aztertzen ari garen birformulatzaileen gaztelaniazko ordainak. Euskaltzaindiak ( EGLU-III), berriz, aurkaritzako lokailuetan jasotzen ditu hemen aztertzen ari garen birformulatzaileak.

Hauek dira birformulatzaile urruntzaile nagusiak: dena dela, dena den, edonola, edonola ere, edozein kasutan, edozein modutan (ere), edozelan (ere), esanak esan, guztiarekin ere, hala (eta) ere, hala eta guztiz ere, hala izanik/izanda ere, hitzak hitz, kontuak kontu, nolanahi (ere), nolanahi dela ere, susmoak susmo, usteak uste, izatekotan, IS + gorabehera, zernahi gisaz, horratik ere.

Dena dela, EUDIMA corpuseko datuen arabera hauek dira birformulatzaile urruntzaile erabilienak:

Birformulatzaile urruntzaile nagusiak EUDIMA corpusa
agerraldi-kopurua maiztasuna (100.000ko)
dena den (7794), dena dela (4754),12548 20,0
nolanahi ere [nolanahi ere den, nolanahi dela ere, nolanahi den ere]5003 7,9
edonola ere (1950) / edozelan ere (497)2447 3,9
edozein kasutan (1525), edozein kasutan ere (463)1988 3,1
edozein modutan ere, edozein moduz ere7141,1
1 “Los marcadores del discurso”. In I. Bosque eta V. Demonte (arg.), Gramática descriptiva de la lengua español, 1999: 4082

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Sailkapena", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3