Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:3:4:4

dena dela, dena den

Birformulatzaile den neurrian, solaskideek elkarri ulertzeko dauzkaten arazoak gainditzen laguntzen du, hau da, esandakoa birformulatzen dute. Baina gainerako birformulatzaileetatik bereizten dituen ezaugarri bat ere badute: aurretik egindako formulazio batetik urruntzea ahalbidetzen dute, aurreko enuntziatutik atera daitezkeen inferentziak mugatzen dituzte. Oro har, ikuspegi enuntziatiboaren aldaketa jartzen dute agerian, eta alde horretatik, ez-parafrastikotzat hartzen dira.

Bigarren formulazioa nabarmenduta geratzen da, eta lehenengo formulazioaren garrantzia, apalduta. Bigarren enuntziatuak lehenengoaren argumentazio-indarra mugatzen du eta argudio berriei indarra ematen. Beraz, markatzaileak adierazten du diskurtsoaren bigarren formulazioan oinarritu behar dela interpretazio egokia egiteko.

Birformulatzaile hauen zeregina ez da aurreko enuntziatua parafrasi baten bidez beste era batera esatea, lehenengo atalean aurkeztu diren ideien garrantzia auzitan jartzea baizik. Eta urruntze-prozesu hori bi modutara gertatu ohi da, batez ere 1: aurretik esandakoari garrantzia kentzea edo aurreko enuntziatutik atera daitezkeen inferentziak mugatzea edo berrorientatzea.

  • aurretik esandakoari garrantzia kenduz
  • aurretik esandakoa berrorientatuz

Garrantzia kendu edo berrorientatu

Beheko testuan, adibidez, garrantzia kentzen zaio aurreko enuntziatuan esandakoari: dena delak leundu egiten du lehenengo enuntziatutik atera genezakeen ondorioa, garrantzia kentzen die handik atera daitezkeen ondorioei eta arreta beste zerbaitetara bideratzen du; mutilak arazoak eragiten ditu, baina zorionez arazo horiek ez dira gaindiezinak:

  • —Madarikazioa! -orro egin zuen disimulurik gabe-. Zer mila arraio gertatu da? —Ohartuta zeunden -erantzun zion Luthek erbinudea lasaitu nahian ferekatuz-. Banengoen ba ni, mutil horrek arazoren bat ekarriko zigula. —Dena dela, hau oztopo txiki bat besterik ez da. Gure planak apur bat aldatu eta kitto. (Gerlari zuria, Joanes Urkixo)

Horrez gain, gerta liteke aurretik esandakoarekiko indiferentzia adieraztea ere. Ondorengo adibidean, esaterako, aurreko zatian azaltzen den egoerarekiko indiferentzia adierazten du birformulazioak:

  • Ezkutatzeko ahalegina izan zitekeela pentsatu dut. Aurretik doazen lekunberritarrek zalantza egin dute tupustean bidera atera zaien hondartzako sarrerarekin topo egitean. Atzera so egin dute, amaren bisaiaren bila. Amak Mateori so egin dio laguntza bila. Mateok sorbaldak altxatu eta baiezkoa egin du. Ezezkoa egin zezakeen moduan. Dena dela, berdin du. Sekreturen bat baldin bazegoen, joana da. (Tragediaren poza, Juanjo Olasagarre)

Diskurtsoari dagokionez, askotariko erabilera edo balioak bereganatzen ditu testuinguruaren arabera: hizketa-gaia aldatzea, zehaztapen bat gehitzea, ahots desberdinak testuratzea, konklusioa adieraztea, desadostasuna edo gaitzeste-kutsua erakustea, esandakoa justifikatzea, kontrastea nabarmentzea, garrantzitsuena azpimarratzea… Ondoko adibideetan ikus daitezke balio horiek, hurrenez hurren:

  • -Euskal alaba, orain zenuke tragedia bat zer den egiaztatzeko aukera. Zure aitaren eta nire arteko aurrez aurreko bat, errua eta alegrantzia, iragana eta oraina, techne eta tyche, ausa eta halabeharra anabasan, gatazkan, bizitzen… -Barrutia, alde hemendik. Dena dela, nork jo zaitu? Ahoskatzearekin bat, Barrutiaren amarruan erori naizela ohartu naiz. -Zure gurasoak bezalako batzuk, zu bezalako batzuk, beharbada. -Eta ez zaitu defendatu? -seinalatu diot Kaskamotza. (Tragediaren poza, Juanjo Olasagarre)
  • XVII. mendekotzat jotzen da, eta “Viva Jesus” izenez ezagutzen da (in Mitxelena 1954: 92): -Birtute esperanzakoa zer da? Saio honetara ekarri ditudan izkribu zaharretako ortografia gaurko joeretara egokitu dut irakurlearen lana errazte aldera. Dena dela, kontuan eduki ditut euskalkietako eta garaian garaiko bereizgarriak. (Euskara batua, Zuazo, K.)
  • Agoteren eta Amatriainen lorpena izan da munduari euskal kostaldeko olatu erraldoien berri ematea. Agote, Amatriainekin batera, aitzindari erabatekoa da Europako olatu erraldoien bilaketan. Olatu handi hitzak aipatu, eta erronka hitza datorkio Agoteri. «Olatu handiak hartzea niretzat erronka bat da, atsegin handia sentitzen dut momentu horietan, naturarekin bat eginez eta eskaintzen dizkidan fruituez gozatuz». Argi utzi du, dena dela, olatu mota guztiak dituela gustuko, eta ez handiak bakarrik. (“Olatu erraldoien”, Marcelo Diaz)
  • Bere motxila handi bakarra fakturatzeko bost lagun besterik ez du aurretik. Daramaten maleta kopurua aztertu eta azkar joango dela pentsatu du. Errenkada bi daude Frankfurtera, eta aukeratzerakoan betiko zalantzak: ni hemen, azkarrago han. Ez du ematen, dena dela, alde handirik dagoenik. Motxila behearen gainean utzi du. -Tira, ama, itzul zaitezke, eta eskerrik asko ekartzeagatik. Ama Amets baino txikixeagoa da, ez oso, ile labur ondulatua xerloka horiz tindatua; neurrian, ez nabarmenegi. (Karonte, Asel Luzarraga)

Erabilera

Atal birformulatzailearen hasieran doazenean, birformulatzaile urruntzaileak askotan erabiltzen dira juntagailu baten ondoren (baina, eta). Tarteka ere lokailua ere hartzen dute atzetik:

  • Baina dena den, ez zion atzeratua den aitona baten itxura eman nahi. (Skyroom, Etxeberri, R.)
  • Ar bez, ta ikus bez atra dezaken zerbait oneki; eta dena dela, bizia utziko dut lenago ezi ofenditu Jangoikoa. (Sermoiak, Lizarraga)

Era askotako testuetan agertzen dira birformulatzaile hauek; erregistro zainduan zein lagunartekoan, hizkuntza idatzian zein ahozkoan.

Baliokideak dira: dena den, edonola ere, nolanahi ere.

1 La organizacion del discurso: marcadores de ordenacion y de reformulacion, Garcés 2008: 143

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "dena dela, dena den", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3