Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:3:4:5

edonola ere (edozelan ere)

dena dela eta dena den birformulatzaile urruntzaileen baliokidea da edonola ere, eta, beraz, haien balio oinarrizko bera du: aurretik sortutako formulazio batetik urruntzea ahalbidetzen du. Bi modutara gauzatu ohi da urruntze-prozesua eta bietan atal birformulatzailea gailentzen da: garrantzia apalduz edo indiferentzia adieraziz.

  • Aurreko formulazioaren garrantzia apalduz edo handik atera daitekeen inferentziari muga jarriz, eta garrantzizkoena azpimarratzen da birformulazioan:
    • Izan ere, artista profesionalei begira laguntza programak martxan jarriko dira. Batez ere, proiektuak finantzatzeko ildoak izango dira, De la Horrak azaldu duenez. Kasu eta egitasmo bakoitza banan-bana aztertuko dute, erabakia hartu baino lehen. Orain arte, Araban kultura sustatzeko bideratzen ziren laguntza gehienak amateur edo erdi-profesionalentzat ziren. Edonola ere, diru-laguntza zuzenak ere emango dituzte. ( Berria)
  • Aurreko enuntziatuarekiko indiferentzia adierazten du, eta hiztunak atal birformulatzailean esandakoa egiten du bere.
    • Gure arazoa azaldu genien, baina, jakina, haiek ezin zuten ezer egin; gure aparatuak, behintzat, ez zien interferentziarik egiten berenari. Edonola ere, ez ginen gehiago hartaz arduratu: soinuak deserosoak ziren, baina, Maddik negar egin ezkero, ondo baino hobeto entzuten genuen, eta ohitu ginela esan daiteke. Asteburu batean, alabaina, aiton-amonenera abiatu ziren auzotarrak, eta interferentziak ez ziren haiekin joan. (Itzalak, Zaldua I.)

Bestalde, dena delaren balio kontestual berberak hartzen ditu: tematizazioari laguntzea, zehaztapen bat gehitzea, konklusioa adieraztea, ahots desberdinak testuratzea, kontrastea, justifikazioa… Testu honetan, adibidez, hizketa-gaia aldatzea eta solasaldia gai berri batera berrorientatzea ahalbidetzen du.

  • ANDONI.- Bai. Koldorena ondo lotuta utzi duzue.
    EDUARDO.- (ase, ironia puntu batekin) Sekulako pena izan duk. Tipo jatorra zuan (“zen” hau azpimarratuz).Isilunea.
    EDUARDO.- (gaiaz beste) Edonola ere, beste kontu bategatik deitu diat.
    ANDONI.- Bota.
    EDUARDO.- Dena jakin nahi diat Txerrenkori buruz. Baita berak gobernatzen duen Irinaren klubari buruz ere. ( Goenkale)

Bere baliokideak diren dena den eta dena dela markatzaileak baino gutxiago ageri da testuetan. Testu akademiko eta filosofikoetan agertzen da, eta, beste inon baino sarriago, zuzenbidekoetan. Ia beti erregistro zainduan eta hizkuntza idatzian.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "edonola ere (edozelan ere)", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3