Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:3:4:6

edozein kasutan (ere)

edozein kasutan (ere) birformulatzaile urruntzailea atal birformulatzailean joaten da eta bidea zabaltzen dio birformulazio-eragiketari. Birformulazioaren lehenengo atalean aukera batzuk agertzen dira, baina atal birformulatzaileko ideia gailentzen da. Ikus adibide hau:

  • Bulegotik altxatzen ez zela ikusirik, jarri egin ginen. “Ekografia egin aurretik jakinaren gainean ezarri behar zaituztet. Gero posible izango zaizue, benetan nahi baduzue, gaur bertan ekografia egitea. Bestela, beste egun baterako utziko dugu. Edozein kasutan, erabakia beti zuena izango da”. (Fikzioaren izterrak, Ur Apalategi)

Adibide horren lehenengo atalean bi aukera aurkezten dira: egunean bertan egitea ekografia edo beste egun batean egitea. Baina edozein kasutan birformulatzaileak baztertu egiten ditu aukera horiek eta atal birformulatzaileko ideia nabarmentzen du: aukeratzen dutena aukeratzen dutela, haiena izango da erabakia.

Denborazko osagarria

Kontuan hartu, dena den, edozein kasutan ez dela beti diskurtso markatzailea, denborazko osagarria ere izan liteke testuinguru batzuetan:

  • Gaur egun, –au eta –ori, lehen eta bigarren pertsonari loturik erabil ditzakegu forma markatu bezala; –a, berriz, edozein kasutan erabil daiteke. ( Azkena, hainbat konturen gainean, Oskar Arana)
  • Noiz uzten diote umeek hazteari? Pertsonaren azken taila 16-19 urterekin lortzen da emakumeetan, eta 18-21 urte inguruan gizonezkoetan, baina beste edozein kasutan gertatzen den bezala, beti daude salbuespenak. ( Nola indartu gure seme-alaben hazkundea?, Jabier Agirre)

Erabilerak

edozein kasutan birformulatzaileak bi erabilera nagusi ditu:

  • Batetik, birformulakizunak bi aukera adierazten ditu, baina atal birformulatzaileko ideia gailentzen da:
    • […] atestatu hori guardiako epaitegiari igorriko zaio, ustezko erantzulea atxilotu bezain laster edo aurreko paragrafoetan ezarritakoaren arabera hari zitazioa egin bezain laster, edozein kasutan ere, hurrengo bost egunetan. Kasu horietan, auziaren instrukzioa egin ahal izango du atestatua jaso duen guardia-epaitegiak bakarrik.) ( Prozedura Kriminalaren Legea, Deusto)
  • Bestetik, hiztunak birformulakizunean gogoeta edo ideia gehiegi dagoela sumatzen duenean, jarduna mozteko formulatzat erabil dezake birformulazioa, birformulakizuneko ideien gainetik atal birformulatzaileko ideia jarrita:
    • Euskal kultura benetan existitzen da ala ilusio politikoa da? Euskal kultura existitzen da, jakina, euskararen kultura existitzen delako. Galdetzen badidazu norainokoa den kultura hori, ea euskal kulturarik dagoen euskararik gabe, edo euskal kultura soilik den Euskal Herrian gauzatzen dena, orduan erantzuna zailagoa da. Edozein kasutan, ez da ilusio politikoa. (Zortzi unibertso, zortzi idazle, Urkiza, A.)

Testu akademiko eta filosofikoetan agertzen da, eta, beste inon baino sarriago, zuzenbideko lege-testuetan. Ia beti erregistro zainduan eta hizkuntza idatzian.

Baliokideak

edozein kasutan birformulatzaileak baliokide hauek ditu: edozein kasutan (ere), edozelan (ere), edonola (ere), dena dela…

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "edozein kasutan (ere)", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3