Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:3:4:7

edozein modutan (ere)

edozein modutan birformulatzaile urruntzailea ere atal birformulatzailean agertzen da eta birformulazio-eragiketari bidea zabaltzen dio. Bi modutara gauzatu ohi da birformulazio urruntzailea, baina kasu batean zein bestean atal birformulatzailean adierazten da ideia garrantzitsua:

  • aintzat hartu ez
  • balioa kendu

Batzuetan, atal birformulatzailean ez da aintzat hartzen birformulakizunaren edukia: eduki hori ez da zalantzan jartzen baina ez zaio kasurik egiten. Ikus adibide hau:

  • Izan ere, espezie batzuetan, emeek beren umeen arteko sexu-proportzioa alda dezakete, inguruabar-aldaketa batzuen ondorioz. Ugaztunetan, eme batek kostu txiki samar batez alda dezake bere umeen arteko sexu-proportzioa: aski du aukeratzea ernalduriko blastozitoetatik zein ezarri eta hazi umetokian. Edozein modutan, sexu-proportzioari dagokionez, ama-kontrol kasurik argiena himenopteroetan gertatzen da (inurriak, erleak, liztorrak). (Eder behar du, Graham Farmelo / Morillo, F.)

Testu horretan, esaterako, ez dago zalantzan birformulakizunean azaltzen dena: espezie batzuetako emeek beren umeen sexu-proportzioa aldatzeko duten gaitasuna. Baina ideia hori alde batera utzi eta bigarren ataleko baieztapenari ematen dio enuntziatzaileak garrantzia: ama-kontrol kasurik argiena himenopteroena da. Beste batzuetan, birformulakizunean adierazitakotik ondoriozta daitezkeen inferentziei balioa kentzen zaie edozein modutan birformulatzaile urruntzailearen bitartez.

Ikus adibide hau:

  • Hori guztia Einsteinen ekuazioa baliozkoa izatearen baitan dago (eta Tab gaiarekin zerikusia duten hipotesi fisikoki zentzuzko batzuen baitan). Zenbaiten iritziz, Einsteinen erlatibitate orokorraren sakoneko gabezia baten seinale dira singulartasun-teoremok. Ni neu apur bat aldentzen naiz jarrera horretatik. Badakigu, edozein modutan, Einsteinen teoria ezin dela azken hitza izan espazio-denboraren eta grabitazioaren izaerari buruz. (Eder behar du, Graham Farmelo / Morillo, F.)

Adibide horretan, esaterako, birformulakizunean adierazten den ideiatik inferentzia hau ondoriozta daiteke:

  • Einsteinen teoriarekiko jarrera kritikoetatik aldentzen da enuntziatzailea → enuntziatzailea Einsteinen teoriaren jarraitzaile guztiz fidela da.

Baina inferentzia horren aurka doa gero atal birformulatzailean baieztatzen dena:

  • Einsteinen teoria ezin da azken hitza izan.

Kokagunea

Askotariko testuetan erabiltzen da edozein modutan, baina batez ere testu akademikoetan, filosofikoetan eta zuzenbideko lege-testuetan. Erregistro zainduan maizago agertzen da lagunartekoan baino, eta maizago hizkuntza idatzian ahozkoan baino.

Baliokideak

Baliokideak ditu: dena dela, dena den, edonola (ere), edozelan (ere)…

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "edozein modutan (ere)", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3