Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:3:4:8

hala ere

hala ere eta hala eta guztiz ere askotan ageri dira testuetan. Ikus EUDIMA corpusean bi markatzaileok duten maiztasuna:

birformulatzaile urruntzaile / aurkaritzakoa EUDIMA corpusa
agerraldi-kopurua maiztasuna (100.000ko)
hala ere (30915) [halere, halarik ere, halaz ere] 3796960,6
hala eta guztiz ere [ hala ta guzti ere, halaz guztiz ere]28694,5

Funtzio bat baino gehiago

hala ere diskurtso markatzaileak funtzio bat baino gehiago betetzen ditu, bi hala ere dauzkagula esan genezake:

  • a) aurkaritza adierazten duen lokailu kontraargumentatiboa
  • b) birformulatzaile urruntzailea

Euskaltzaindiak 1 aurkaritzako lokailuen artean sailkatu zuen hala ere, eta egia da funtzio hori betetzen duela gehienetan. Hau da, gehienetan ez da birformulatzaile urruntzailea, lokailu kontraargumentatiboa baizik2.

  • Lokailu kontraargumentatiboa: gehienetan, aurreko diskurtso-ataletik atera daitekeen ondorioa baliogabetzen edo mugatzen du hala ere lokailua daraman diskurtso-atalak. Ikus adibide hauek:
    • Zaharrenak 50 urte baino gehiago zituen eta hala ere beltz zituen oraino buruko ileak eta bizarra. (Izan bainitzen Nafarroako errege, Epaltza A.)
    • Lehen atalean esandakotik (Zaharrenak 50 urte baino gehiago zituen) inferi daitekeenaren kontrakoa adierazten da bigarren atalean (eta hala ere beltz zituen oraino buruko ileak eta bizarra.). Espero zitekeen 50 urte baino gehiagoko edonork buruko ileak eta bizarra urdinduta edukitzea; hala ere, beltz zituen eta ideia hori nagusitzen da. Beraz, espero zitekeen ondorioaren aurkakoa adierazten da bigarren atalean. Aurkaritza-lokailua da hala ere halakoetan.
    • Zikindurik zeukan lumaje berdea; hautsaren azpian, ezagun zuen, hala ere, gorri-gorriak zirela hegaletako luma muturrak. (Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz)
    • Laket izan zitzaidan ganbera hartakoak itzuli zidan irudia. Frantzian barna bidaiatzen ari ginela gelditu nintzen bizarra egitetik. Ministroren batek kargu hartua zidan horretakoz. Ez, ordea, nabalara makurrarazi. Henrikerenaren aldean soilgunez beteriko itzal murritza baizik ez zen. Hala ere, harro nengoen ezpain inguruko itzalaz. (Izan bainitzen Nafarroako errege, Epaltza A.)
  • Birformulatzaile urruntzailea: beste batzuetan, birformulazio urruntzailea bideratzen da hala ereren bidez, hau da, aurretik sortutako formulazio batetik urruntzen da; eta haren zeregina ez da aurreko enuntziatuan adierazitakoaren kontrakoa esatea, baizik eta garrantzia kentzea aurreko atalean aurkeztu diren ideia edo argudioei. Hiztunak ez du baliogabetzen lehen atalean esandakoa, baina adierazten du ez dela garrantzitsua atal birformulatzailean aurkezten den ondoriora iristeko.
    • Gaitasun konplexu eta espezializatua da hizkuntza; haurrarengan berez garatzen da, oharkabean, irakaspen formalik gabe, azpian duen logika ulertu gabe, eta kualitatiboki berdina da gizabanako guztiongan, informazioa prozesatzeko edo bestelako gaitasun kognitibo orokorragoetatik bereizia. Arrazoi horiek direla-eta, zientzialari kognitibo batzuek gaitasun psikologiko gisa, gogoko organo gisa, sistema neural gisa edota modulu konputazional gisa deskribatu izan dute hizkuntza. Hala ere, aitor dut, nik nahiago dut deitura bitxiago bat: “sena”. (Hizkuntza-sena, Steven Pinker / Garikoitz Knörr)
    • Adibide horretan, birformulakizunean hizkuntza deskribatzeko erabili diren termino batzuk aipatzen dira (gaitasun psikologiko gisa, gogoko organo gisa, sistema neural gisa edota modulu konputazional gisa deskribatu izan dute hizkuntza); horien balioa zalantzan jarri gabe, idazleak gogokoago duen beste termino bat gehitzen du eta haren alde egiten (Hala ere, aitor dut, nik nahiago dut deitura bitxiago bat: “sena”).
    • Hona hemen beste adibide bat:
    • Irratia eta telebista aipatu ditugunez, esan horietan ere antzera batean dagoela kontua: nazio osorako euskara hutsezko hedabideak oso-oso gutxi dira eta euren ikus-entzuleria ez da handia; ezin ahantzi, hala ere, euskaraz diharduten kate lokalak ugaltzen ari direla (erdaraz dihardutenak ere bai, bidenabar esanda). (Bidegorriak hizkuntzentzat, Aitor Zuberogoitia)

Aldaerak eta erabilera

Aldaera nagusi hauek ditu hala ere-k: halere, halarik ere, halaz ere. Posizioari dagokionez, atal birformulatzailean agertzen da; batez ere hasieran eta tartean; gutxitan amaieran 3. Testu mota orotan azaltzen da: erregistro zainduan zein lagunartekoan, hizkuntza idatzian zein ahozkoan.

2 “Los marcadores del discurso”. In I. Bosque eta V. Demonte (arg.), Gramática descriptiva de la lengua español, 1999
3 ikus EGLU III, Euskaltzaindia 1990: 123

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "hala ere", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3