Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:3:4:9

hala eta guztiz ere

Esapide honek, hala ere-k bezala, bi funtzio nagusi hauek betetzen ditu hala eta guztiz erek:

  • lokailu kontraargumentatiboa
  • birformulatzaile urruntzailea
  • Balio kontraargumentatiboa: Gehienetan aurreko diskurtso-ataletik atera daitekeen ondorioa baliogabetzen edo mugatzen du hala eta guztiz ere lokailua daraman diskurtso-atalak. Aurkaritzako hala ere lokailuaren baliokidea da, baina aurreko atalean ematen den argudioa —eragozpena— are pisu handiagokoa dela adierazteko erabiltzen da.
    • ADELAREN BISITAK are gehiago bultzatu ninduen abiatua nuen bidetik. Egia da inoiz baino bakartiago ibili nintzela, ia misantropo bihurturik, ez nintzela asteburuetan lagunekin irteten, edozein tarte libre edo opor baliatzen nuela irakurtzeko eta ikasteko. Hala eta guztiz ere, hilean behin edo, beheko auzoko mendizale talde batekin joaten nintzen ibilaldiak egitera. (Hauts bihurtu zineten, Igerabide, J. K.)
    • Ur azaletik gorakoari emaiozu gogoa. Bai, ur azpikoa hor dago, hutsean zintzilik bezala gaude, baina zure irudimenean dago beldurraren kausa. -Bai, badakit hori dena, horixe esaten diot behin eta berriz neure buruari, eta hala ere, hala eta guztiz ere, ezin beldurrari ihes egin. (Kuskue tanden, Iñaki Iñurrieta)
  • Birformulatzaile urruntzailea: Zenbaitetan, birformulazio urruntzailea bideratzen da hala ereren bidez: haren zeregina ez da aurreko enuntziatuan adierazitakoaren kontrakoa esatea, baizik eta garrantzia kentzea aurreko atalean aurkeztu diren ideia edo argudioei:
    • AITAK HIZKETAN JARRAITU ZUEN, eta guk irribarrez entzuten genion; aprobetxatu beharra zegoen abagune hura, ez baikenekien zenbat denbora igaroko zen berriro halako joerak ematen zion arte. Hala eta guztiz ere, hark esan zizkigun istorio guztiak gerra aurrekoak ziren; hantxe zeukan muga aitak, gerran; handixe hedatzen zen amildegi ilun isila. Adela gauerdi aldera joan zen. Agurtzerakoan, estu besarkatu ninduen, ilobaz harro dagoen izeba batek bezala. Gorputza biguna zeukan artean, kanaberaren eitekoa, haragiak tenk, baina haren estutuan urteen zama nabari zen, edo urteak baino zama pisutsuago bat. (Hauts bihurtu zineten, Igerabide, J. K.)

Kokagunea

hala ere eta hala eta guztiz ere baliokideak izan arren, alde nabarmena dago bien artean posizioari dagokionez: hala eta guztiz ere oso gutxitan erabiltzen da atal birformulatzailearen bukaeran. Bestalde, biak erabiltzen dira beste juntagailu batzuekin batera (baina, eta):

  • Kontatzen ere ez zekien, eta hala eta guztiz ere ez ei zen egungo arrautza bat gora edo behera, ogerlekoren bat gora edo behera erratu. (Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan, Jimenez, E./ Muñoz, J.)
  • Itxura eskasa, iharra; baina hala ere erakargarria. (Farorantz, Virginia Woolf / Anton Garikano)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "hala eta guztiz ere", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3