Erabiltzaile Tresnak


morf:5:3

Determinatzailea

Determinatzaileak zer diren ikusiko dugu atal honetan guztian. Besteak beste, zer determinatzaile mota dituen euskarak. Hauxe da erabiliko dugun eskema nagusia:Pieza-zenbatzaileak oso erabilgarriak dira industrian

Lehenik eta behin, ikus dezagun determinatzailea eta determinatzaile sintagma zer diren.

Determinatzailea eta determinatzaile sintagma

Ikus ditzagun adibide hauek:

  • etxea
  • Mikel
  • ni
  • hauek
  • hiru neska
  • lau mendi
  • lau mendiak
  • Bilbo
  • Donostia
  • erosi duen gona gorria
  • gure alkatea
  • etxe ondoko sasia
  • film hura
  • gure Axular
  • Axular gurea
  • lekurik
  • zenbat jende
  • nahiko diru
  • arras lanabes gutxi

Hitz horiek osatzen dituzten kateak sintagmak dira. Eta euskal gramatiketan, oro har, izen sintagma deritze horiei. Hala ere, berehala konturatzen ahal gara sintagma horiek era askotakoak direla, itxuraz bederen:

  • Batzuetan izena + artikulua dugu: etxe + a, Donosti + a, lau mendi+ak
  • Beste batzuetan izena bakarrik: Mikel, Bilbo
  • Pertsona izenordainek osatuak ere badira: ni
  • Baita erakusle soilez osatutakoak ere: hauek
  • Zenbait kasutan sintagma konplexuak dira: erosi duen gona gorria, gure alkatea, etxe ondoko sasia, gure Axular, Axular gurea, arras lanabes gutxi
  • Sintagma konplexu horietako batzuek a artikulua daramate: …gorriA, …alkateA, …sasiA, …gureA
  • Beste batzuetan sitagma konplexuak dira baina ez dute artikulurik: gure Axular, arras lanabes gutxi
  • Sintagma horietako batzuek zenbatzaile bat daramate artikukuaren ordez:hiru neska, lau mendi, nahiko diru
  • Ez dira falta erakusle bat dutenak: film hura
  • Ez dira falta galdetzailea dutenak ere: zenbat jende
  • Batzuetan partitiboaren marka du sintagmak: lekurik
  • Eta aski arruntak dira euskaraz zenbatzailea eta artikulua, biak batera, erakusten dutenak: LAU mendi+Ak

Sintagma horiek guztiak ongi eratuak daude euskaraz, eta denei esan ohi zai “izen sintagma”, egitura aldetik aski desberdinak izan arren.

Sintagma motak

Gramatika honetan sintagma mota desberdinak bereiziko ditugu elkarren artean. Bereizketa hau egiteko oinarrizko ideia honako hau da: delako sintagma batek burua (edo gunea) duen gramatika kategoriaren izena hartzen du. Horrela, aditz sintagma esaten diogu zerbaiti, ontzat emanez sintagma horren burua “aditza” dela eta aditzak biltzen dituela bere inguruan aditz horri dagozkion osagarriak. Izen sintagma deitzen diogu burutzat, edo gunetzat, izena hartzen duen sintagmari. Gramatiketan ez da zalantzarik izan “Mikel” izen sintagma dela esateko. Gauza bera gertatuko litzateke mendia edo lau neska sintagmekin. Denak izen sintagmak lirateke, eta horrela erakutsi izan da, eta horrela ikasi.

Hala ere, badira arrazoiak etxea bezalako sintagma baten burua determinatzailea dela (a) pentsatzeko, eta determinatzaile horrek osagarri bat hartzen duela: izen sintagma bat, kasu honetan. Orobat, etxe berria esango bagenu, hori ere determinatzaile sintagma litzateke, eta horren burua, aurrekoan bezala, a litzateke, eta osagarritzat, kasu horretan etxe berri adjektibo sintagma hartuko luke. Mikel baldin badiogu ere berdin, sintagma horrek ez du determinatzailerik agerian, baina determinatzaile sintagma osatzen du: [Mikel+∅], “zero” litzateke determinatzailea. Ideia da perpausean ageri diren sintagmak, argumentu sintagma gisa lan egiteko, determinatzaile sintagmetan gauzatzen direla. Hemen berean, izenaz ari garenean, aurki daitezke ikuspuntu hau indartzen duten argudiobideak. Determinatzaile sintagmen barnean beste sintagma batzuk aurkitzen ahalko ditugu, kategoria desberdinetakoak: izen sintagmak, adjektibo sintagmak, zenbatzaile sintagmak… eta abar. Beti kategoria soil bakoitza (zenbatzailea, mugatzailea, adjektiboa, izena…) bere sintagman biltzen da, matriuska bat balitz bezala:

BAZTANDAR BAT DETERMINATZAILE SINTAGMAK IKUSTENBeraz, horren arabera, hau izango genuke:

  • Mikel –> determinatzaile sintagma (eta Izen Sintagma, aldi berean, noski)
  • berria –> determinatzaile sintagma
  • etxea –> determinatzaile sintagma
  • etxe berri –> adjektibo sintagma
  • bost gizon –> zenbatzaile sintagma
  • bost gizonak –> determinatzaile sintagma, eta horren barnean, zenbatzaile sintagma [bost gizon], eta zenbatzaile sintagmaren barnean izen sintagma [gizon]

Euskaraz, sintagmen buruak, oro har, eskuin muturrean kokatzen dira. Adibidez, aditza azkenean doa. Determinatzailea ere azkenean doa. Beraz, burutzat hartzeko arazorik ez litzateke. Noski, azaldu gabeko gauzak ere uzten ditu analisi honek (zenbatzaileen kokaguneari dagokiona, esaterako), baina orain arte ohiko izan diren analisiak baino koherenteago dirudi.

Multzo horretako laugarren adibidea (etxe berri) adjektibo sintagma dela diogu. 'Burua azkenean' delakoarekin koherente izateko, kasu horretan berri adjektiboa sintagmaren burua dela onartu beharko da. Buru honek, adjektiboak, etxe hartzen du osagarritzat (etxe, noski, izen sintagma da). Eta sintagma osoa adjektibo sintagma dela esango genuke, adjektibo bat buru duen heinean (ikuspegi hau, hala ere, ez du mundu guztiak onartzen. Izan ere, adjektiboaren kokagunea gorabehera, ohikoa izaten segitzen du [etxe berri] bezalako sintagma bat Adjektibo sintagma barik Izen sintagma dela esateak. Kasu honetan burutzat, jakina, izena hartu beharko litzateke, [etxe] alegia. Eta eskuinean daraman Adjektiboa edo buru honen 'gainean' eratzen den Adjektibo sintagma [etxe] buruaren 'lagun' bat izango litzateke, adjunktu bat, modifikatzaile bat (ikus Artiagoitia). Kasu honetan, Determinatzaile sintagmak DS izaten segituko luke. Aldatuko litzatekeena DS-ren barneko osagaien egitura eta hierarkia izango litzateke: [DS [IS etxe [AdjS berri] ] -a]

Beraz, esaten dugunaren arabera, etxe berria determinatzaile sintagma dela esango da eta determinatzaile sintagma honen barnean izen sintagma, edo adjektibo sintagma, zenbatzaile sintagma eta holako osagaiak aurkituko ditugu. Gure adibidearen taxua, funtsean, honako hau izango litzateke:

  • [DS [AdjS [IS etxe] berri] -a]

Determinatzaileak (a artikuluak) etxe berri hartzen du osagarri gisa, adjektibo sintagma bat. Sintagma horren barruan (etxe berri sintagmaren barruan, alegia), berri buruak beste sintagma bat hartzen du osagarri gisa, etxe, alegia, izen sintagma.

Determinatzaile sintagmak eta izen sintagmak

Goiko adibideetan ikusten denez, badira desberdintasun argiak determinatzaile sintagmen barnean ere: gizonA, gizonIK, BI gizonAK, eta abar. Hori da, hain zuzen ere, atal honetan aztertuko dena. Mugatzaileak zein diren ikusiko da berehala: artikuluak, erakusleak, eta abar. Artikuluaren kontzeptua nola ulertu den XVII. mendetik aurrera idatzi diren gramatiketan ere aztertuko da. Determinazio eta kuantifikatzaileen kontua ere aztertuko da eta, halaber, zein den partitiboaren tokia honetan guztian.

Izen sintagmari dagokionez, berriz, hari dagokion kapituluan esandakoa nahi dugu gogorarazi eta, batez ere izena deritzon sailean biltzen diren argudioak.

Zalantzak argituz

nahiko lan / nahikoa lana / nahikoa lan

Galdera
Nola esan behar da, nahiko ala nahikoa: nahiko lan ala nahikoa lan?

Erantzuna:

Biak erabil daitezke, nahiko eta nahikoa. Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna liburuan esaten den bezala (1993, 139 or.), nahikotasuna adierazteko, besteak beste, bi hauek erabil daitezke, “biak aski berriak, orain dela ehun eta hogei bat urtetik honakoak. Orobat nahiko gehixeago erabiltzen da, antza denez, eta nahikoa sortaldekoa da batez ere”.

Auzi horri buruzko argibide gehiago Orotariko Euskal Hiztegian edo Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegian aurkitu daiteke.

hau mutilau

Galdera
Bizkaierazko molde hau onartzen al da euskara batuan? hau mutilau; honek mutilak esan du; hauek mutil guztiak; honek gizon guztiok

Erantzuna:

Gai honen inguruan dagoen araudi bakarra Euskaltzaindiaren 4. arauan jasotzen da, hau guz(t)ia-ri dagokion arauan. Besteak beste, han esaten da hau guz(t)iau eta hori guz(t)iori oso bidezkoak direla, baina ez ordea *gizonau modukoak.

Gatozen kasuak banan bana aztertzera:

  • hau mutilau…: Ez dago erabakita horrela idatz daitekeen.
  • honek mutilak esan du…: Ez dago ezer erabakita, baina goikoaren egitura berari buruz ari bagara, izatekotan honek mutilonek behar luke.
  • hauek mutil guztiak…: Mutil hauek guztiak erabili behar dela esaten da 4. arauan.
  • honek gizon guztiok…: Gizon hauek guztiak egitura dago onartuta. Honek forma ez dago onartua euskara batuan pluraleko erabileretarako; lehen graduko erakuslearen ergatibo singularrari bakarrik dagokio euskara batuko erabileran.
1 EGLU I liburukian nolakotzaile esaten zaie atal honetako determinatzaileei, hau da, mugatzaile eta zenbatzaile ez diren gainerako guztiei. Gramatika horretan bertan aipatzen da, ordea, atal horretan jasotako determinatzaileek ez daukatela zerikusirik nolako galderarekin. Bestelako izenak eman dizkiete gramatikariek: determinante, predeterminante, prepositibo, e.a. Hori guztia kontuan hartuta, Determinatzaile zehaztugabe izena erabiliko dugu guk hemen.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Determinatzailea", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3