Erabiltzaile Tresnak


morf:5:3:2:1

Euskal artikulu definitua

Euskal artikulu definitua oro har bakarrik ager ezin daitekeen morfema da; atzizki baten moduan portatzen da, eta [-a] (singularreko forman) edo [-ak] (pluraleko forman) moduan gauzatzen da.

  1. GIZONAK
    1. gizon-a
    2. gizon-ak

Mendebaldeko aldaeretan pluraleko [-ak] formarekin batera hurbileko plurala ere badugu: [-ok].

  • (c) gizon-ok

Gaur egungo euskaran hurbileko singularrik ez dugun arren, testu zaharretan posible da -ori, -or, -au edo -o bezalako formak aurkitzea. Gaur egungo bizkaieran singularreko -o hemen berton bezalako kasuetan aurki daiteke (hemen bertan ere erabiltzen da gaur egungo bizkaieran).

Artikuluaren kokagunea

Artikulua, izen sintagmaren azken gunean agertzen zaigu, dela izenari lotuta, dela adjektibo bati lotuta. Jakina, oro edo franko bezalako kuantifikatzaileekin gertatzen dena albo batera utzi behar da: ikasle-ak oro, ehiztari-a(k) franko; ikasle-eta-tik asko bezalako egitura partitiboetan ere artikulua ez da sintagmaren bukaeran agertzen, izena eta kasu ablatiboaren artean baizik1. MOTO GORRI HANDIA

  1. moto gorri-a
  2. moto gorri haundi-a
  3. moto gorri haundi polit-a

Artikulua, ezinbestekoa

Onartu izan da, (ikus Laka 1993, Artiagoitia 1997, 1998, 2002, besteren artean) euskaran IB-rik ezin daitekeela argumentu bezala erabili eta artikuluaren presentzia ezinbestekoa dela esaldia gramatikala izango bada.2 3

Subjektu posizioan:

    1. Irakasle*(-a) berandu etorri zen
    2. Irakasle*(-ak) berandu etorri ziren

Objektu posizioan:

    1. Martxelek pilot*(-a) hartu zuen
    2. Martxelek pilot*(-ak) hartu zituen

Argumentu posizioan IB-rik agertu ezin badaiteke euskaraz, IB-ak erabili ditzaketen hizkuntzetan IB bidez adierazi daitekeena euskaraz nola adieraz daitekeen galde diezaiokegu gure buruari. Ingelesez eta beste hizkuntza germaniko batzuetan, adibidez, izen pluralak eta masa izenak D-rik gabe erabili daitezke espezie irakurketak (5) zein irakurketa esistentzialak adierazteko (6).

    1. Fishes appeared 390 million years ago
    • arrain.pl agertu.lehen milioi urte.pl dela
    1. Silver has the atomic number 47
    • zilarra dauka D.sg atomiko zbkia.
    1. Garazi has eaten olives
    • Garazi aux jan oliba.pl
    1. Moles are ruining my parents’ vegetable garden
    • sator.pl aux hondatzen nere guraso.pl.gen baratza

Fenomenora gerturatzearekin batera, euskal artikuluaren erabilera hizkuntza erromantzeetako edo ingeleseko determinatzaile definituaren erabilera baino zabalagoa dela ohar gaitezke: (3) eta (4)ko ohiko interpretazio erreferentzialaz gain beste hizkuntza batzuetan, hala nola espainola edo ingelesa –ez ordea frantsesa, zeinak ezin baitu IB-rik erabili juntadurazko testuinguruetan ez bada; ikus Roodenberg 2004–, IB-ak erabiliko genituzkeen testuinguruetan ere agertzen zaigu euskal artikulua.

Hasteko, euskaraz, artikuludun izen bat (5) adibideko bezalako espezie mailako predikatu batekin (‘kind level predicates’, Carlson 1977; ikus baita ere Krifka et al. 1995) konbinatzen denean, ohiko irakurketa espezifikoa (h.d. irakurketa definitu estentsionala) desagertu eta espezie irakurketa hartzen du non determinatzaile sintagma (DS) osoak izenak denotatzen duen espezieari egiten dion erreferentzia (irakurketa intentsional bat bultzatuz, zeinak mundu eta egoera posible guztietan multzoaren pluralitate handienari egiten dion erreferentzia). 4

    1. Dinosauru-ak aspaldi desagertu ziren.
    2. Nitrogeno-a ugaria da gure unibertsoan.

(7)ko adibideetan, dinosauruak eta nitrogenoa DS-ak ez diote dinosauru multzo jakin bati edo nitrogeno kantitate jakin bati erreferentzia egiten, baizik eta (lehenago adierazi dugun bezala) dinosauruen espezieari eta nitrogenoaren espezieari egiten die erreferentzia.

Determinatzaile sintagmak eta erreferentzia

Erabilera honetaz aparte, euskarako DS (Determinatzaile Sintagma) definituak (pluralak eta masa izaeradunak) objektu zuzen posizioan agertzen direnean ez dute (berriro ere) nahitaez multzo zehatz bati erreferentzia egin beharrik, eta (6) adibideak adierazten duen interpretazio esistentziala deitua lortu dezakete (ikus Carlson 1977, besteak beste). Hau da, (8)-ko adibideetan ez dugu goxoki multzo jakin batez ez eta ardo kantitate jakin batez hizketan aritu beharrik. 5

    1. Amaiak goxoki-ak jan ditu.
    2. Izarok ardo-a edan du.

Ohar gaitezen (8)-ko adibideetan DS objektuek ez dezaketela espezie irakurketa deitua lortu. Halere, irakurketa espezifiko definitua bai da posible (8)-ko adibideetako DS objektuentzat, hau da, espainoleko glosak eskeiniko bagenitu (8a) eta (8b) bi modutara interpreta genitzake: (8a) ‘Amaia ha comido caramelos’ edo ‘Amaia ha comido los caramelos’ bezala; eta (8b) ‘Aritz ha bebido vino’ edo ‘Aritz ha bebido el vino’ bezala.

Kasu hauetaz aparte, DS definitu singular batzuek ere jaso dezakete interpretazio esistentzial deitzen duguna, (9)-ko adibidean erakusten dugunez; ikus Rodriguez (2003), Etxeberria (2005, prestatzen) edo Eguren (2006) analisi posibleetarako; ikus Manterola (2006) analisi diakroniko baterako.

  1. JULENEK AUTOA EROSI ZUEN
    1. Julenek auto-a erosi zuen.

Esaldi hau ere, (8)-eko adibideak bezala, bi modutara interpreta daiteke: irakurketa posible batean, Jonek auto jakin bat erosi du; adibidez, aurreko egunean aipatu zuen autoa: Citroën Bi Zaldiko bat; bigarren irakurketa berriz ‘Julenek auto bat erosi du’ perpausaren gutxi gora beherako pareko bat litzateke non ez dakigun ze autoz ari garen (auto bat-en irakurketa ez-espezifikoaren pareko litzateke, beraz).

Halere, (8)-ko [izen zenbagarri+determinatzaile singular] sekuentziek (objektu zuzen posizioan) irakurketa esistentziala testuinguru jakin batzuetan lortzen dute bakarrik: testuinguru estereotipatu deituetan (9) hain zuzen ere, non jabegotasunak ere baduen zeresanik: (9)-ko adibide guztiek jabegotasunaren kutsu ageriko bat dute, hau da, behin autoa/etxea erosita, auto hori eroslearena bihurtzen da, zerbait edukitzeak ere jabegotasunarekin erlazio hertsia du, eta baita zerbait gainean eramateak ere (e.g. txapela). Bistakoa da beraz DS singularreko hauek ez dutela irakurketa esistentziala pluralek eta masa izenek eskuratzen duten erraztasunarekin lortzen.

  • (b) auto-a/etxe-a erosi, senarr-a/emazte-a eduki, txapel-a eraman, etb.

Hizkuntza erromantzeetan (espainolez, frantsesez eta errumanieraz behintzat) (9)-ko adibideetako esamoldeek adierazten dutena adierazteko IB singularrak erabiltzen dira (ikus Bosque 1996 espainoleko datuen aurkezpen zabal batetarako; ikus baita ere Dobrovie-Sorin, Bleam & Espinal 2005, Espinal & McNally 2007, 2009, Espinal 2010 analisi posibleetarako).

    • comprar coche/casa, tener marido/mujer, llevar sombrero, etb.

Ohart gaitezen, halaber, normalean, euskaraz, objektu mailako predikatu baten objektu zuzen posizioan agertzen den [izen zenbagarri+determinatzaile singularra] sekuentzia batek irakurketa espezifikoa duela, eta irakurketa hori bakarrik, (9)-ko adibideetan gertatzen ez den bezala. Hau da, (11)-ko adibideetan liburu jakin batez, mutil jakin batez eta aldizkari jakin batez ari gara nahitaez, eta ezinezkoa da (9)-ko adibideentzako aipatu dugun irakurketa esistentzialik eskuratzea:

    • liburu-a erosi, mutil-a ikusi, aldizkari-a irakurri, etb.

Euskal artikulua eta posizio predikatiboa

Euskal artikuluak badu beste ezaugarri bat ere: posizio predikatiboetan ager daiteke. (12)eko adibideak anbiguoak dira irakurketa identifikatzaile eta predikatibo baten artean.

    1. Miren ikasle-a da.
    2. Miren eta Peru ikasle-ak dira.

Bi kopula ditugu euskaraz: izan, izaera mailako predikatuak aukeratzen dituena, eta egon, zeinak egoera mailako predikatuak aukeratzen dituen (ikus Milsark 1977 izaera mailako eta egoera mailako predikatuen analisi baterako). Euskal artikuluaren presentzia hertsiki lotua dago banaketa honekin, [-a(k)] izan laguntzailearekin konbinatzen diren predikatuekin soilik agertu ahalko da, hau da, izaera mailako predikatuekin (cf. Zabala 1993, 2003, Artiagoitia 1997, Eguren 2005, 2006, Matushansky 2005 analisi posibleetarako). Izaera mailako predikatua duen (13a)ko adibidea anbiguoa da irakurketa identifikatzaile eta irakurketa predikatibo baten artean.

    1. Miren mediku*(-a) da
    2. Miren mediku(*-a) dago

Ohart gaitezen (12) eta (13a) adibideetan aipatzen dugun anbiguotasuna erabiltzen dugun kopula izan denean bakarrik lortzen dugula, ez kopula egon denean.

Euskal artikuluaren presentzia beharrezkoa da predikatu posizioan agertzen diren izaera mailako adjektiboekin ere. Izen predikatuekin gertatzen zen bezalaxe, beren interpretazioa anbiguoa da irakurketa identifikatzaile eta irakurketa predikatibo baten artean.

    1. Miren altu-a da.
    2. Miren eta Peru altu-ak dira.

Bestalde, erabiltzen diren adjektiboak egoera mailakoak direnean (egon kopularekin), adjektibo batzuk artikulu gabe agertu behar dute (15a), baina beste batzuk artikuluarekin zein artikulu gabe agertzen ahal dira (15b) (cf. Zabala 2003).

    1. Peru urduri(*-a)/lasai(*-a)/gaixo(*-a) dago
    2. Peru lodi(-a)/gazte(-a)/polit(-a) dago

Orainartekoa ikusita, badirudi euskarako artikulu definitua beti Determinatzaile Sintagmaren azken posizioan agertzen dela; eta horrelaxe gertatzen da orokorrean artikulua izenekin (edo adjektibo gehi izenekin) konbinatzen denean. Halere, badaude egoera batzuk, e.g. egitura partitiboak, non artikuluaren pluraleko forma izenarekin konbinatzen den, hau da, -tik posposizioaren aurretik agertzen den. Behin egitura partitibo hau behin osatzen dugunean, kuantifikatzailea aplikatzen dugu.

    1. [Ikasle-etatik gutxi] berandu iritsi ziren.
    2. [Ikasle-etatik asko] berandu iritsi ziren.
    3. [Ikasle-etatik batzuk] berandu iritsi ziren.

Euskaraz, ageriko egitura partitiboa den -etatik (zeinak nahita nahi ez kuantifikatzaile sendoak sortzen dituen) bi zatitan banatzen da: batetik, [-a] artikulu definitua, pluraleko marka den -eta elementuarekin asimilatzearen ondorioz ikusten ez dena, eta bestetik -tik ablatiboko marka. Euskaraz, kasua atzizki bidez markatzen da eta morfologikoki paradigma mugatu eta mugagabea desberdindu ditzakegu.

mugagabea mugatu sg. mugatu pl.
Ergatiboa etxe-k etxe-ak etxe-ek
Ablatiboa etxe-ta-tik etxe-tik etxe-eta-tik

Eta nola dakigu artikulu definitua -etatik elementuaren barnean dagoela? Jakina da egitura partitiboek testuinguruak murriztutako talde bat denotatzen dutela (etxeen multzoa, kasu honetan) eta jakina da baita ere egitura horietarako artikulu definituaren presentzia beharrezkoa dela. Gauzak horrela, printzipioz posible izan behar luke egitura partitibo bat ablatiboaren forma mugagabearen bitartez, baina (18a) adibideak erakusten duen moduan, hau ezinezkoa da.

    1. * etxe-ta-tik asko
    2. etxe-eta-tik asko

Gauzak horrela, -eta definitutasuna eta numeroa markatzen dituen morfema bat dela ondoriozta genezake.

Gaian sakonduz

1 (ikus -a, -ak eta -(r)ik euskal hizkeretan zehar Etxeberria 2008, datuen aurkezpen zabal eta analisi posible batetarako
2 Determinatzaile indefinitu baten (ia) edo kuantifikatzaile ahul deitu baten (ib) (ikus Etxeberria 2005, 2008, prestatzen) presentziak ere gramatikaltasuna eman diezaioke esaldiari.
  • (i)
    • a. Mutil bat berandu iritsi zen.
    • b. Mutil asko berandu iritsi ziren.
Lantxo hau euskal artikuluan zentratzen denez, esaten ari garena zera da: euskarak ez duela izen biluzirik onartzen argumentu posizioan. Azken baieztapen hau ez da erabat zehatza halere, zubereraz, izen biluziak erabili baitaitezke argumentu posizioan (zubereraz bakarrik gertatzen da fenomeno hau –garai batean erabilera hau zabalduagoa zegoela (Lapurdi alderaino) dirudien arren; ikus Gandara & Santazilia 2007–); aukera hau objektu posizioan soilik gerta daiteke.
  • (ii)
    • a. Bortüan ikusi dut behi, ardi eta mando (Coyos 1999: 232)
    • b. Dembora da (…) içan deçadan diru (Bourciez 1895)
    • c. Sagar ebatsi dü (Manterola 2006)
Lan honetan ez da erabilera hau kontutan hartuko eta izen artikulugabearen presentziak esaldiaren ezgramatikaltasuna bultzatzen duela onartuko da; ikus Etxeberria (prestatzen) analisi posible batetarako.
3 Ohar gaitezen, euskarako [-a(k)] baiezko esaldietan erabiltzen den forma dela. Ezezko esaldietan, [-a] artikulua partitiboa den [-rik] formarekin aldatzen da (non komunztadura plurala ezin baita erabili), esanahi definitua mantendu nahi ez bada behintzat (ic)-n lortuko genukeena (kasu honetan [-a(k)] erabiliko genuke).
  • (ia) Jonek ume-a/-ak ikus du/ditu
    • (ib) Jonek ez du ume-rik ikusi
    • (ic) Jonek ez du/ditu ume-a/-ak ikusi
Frantsesez ere antzeko zerbait gertatzen da, eta ezezko esaldietan [-rik] partitiboaren parekotzat hartu daitekeen [de] partitiboa erabiltzen da.
  • (iia) J’ai vu les/des enfants
  • (iib) J’ai ne pas vu d’enfant
Ikus Etxeberria (prestatzen) euskal artikulu partitiboaren analisi posible batetarako.
4 Hizkuntza erromantzeek ere determinatzaile definitua erabiltzen dute espezieen gaineko irakurketa adierazteko. Espainoleko adibidea bakarrik eskaintzen dugu hemen.
  • (i)
    • [Los peces] aparecieron hace 390 millones de años.
    • ‘Lit.: D.pl arrain.pl agertu ziren duela 390 milioi urte’
5 Hizkuntza erromantzeek estrategia desberdinak erabiltzen dituzte euskaraz artikuludun DS-aren bitartez lortzen dugun irakurketa esistentziala lortzeko. Espainolez eta italieraz izen biluziak erabil daitezke. Frantsesez aldiz, des/du determinatzaile partitiboa deitua erabili behar dute (italierak ere badu determinatzaile partitibo bat). Ikus besteak beste Chierchia (1998b), Zamparelli (2000, 2002a, 2002b), Kleiber (1990), Bosveld-de Smet (1997), Heyd (2003), Bosque (1996a, 1996b), Laca (1996).

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Euskal artikulu definitua", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3