Erabiltzaile Tresnak


morf:5:3:2:4

Partitiboa

Partitiboa kasutzat hartu izan da euskal gramatiketan. Deklinabide zerrendak egiten zirenean beti ageri zen han nonbait absolutiboarekin edo ergatiboarekin batera. Arruntean absolutiboaren aldaera bat bezala aurkeztu izan da. Baina gaur egun bat datoz euskal gramatikariak hori ez dela onartzeko. Berez determinatzailea da, edo artikulu indefinitua, nahi bada, eta horregatik sartu dugu hemen.

Ongi deskribatu izan da non erabiltzen dugun partitiboa:

  • ezezko perpausetan: ez du ogirik erosi, ez dugu euskaldunik ikusi
  • galderazkoetan: ikusi duzu hemen atezainik?

Beste batzuetan ez da, ordea, determinatzailea, baizik ablatiboa:

  • konparazio batzuetan: mendirik garaiena Himalaian dago (=mendietatik garaiena…)
  • aski, franko eta horiek bezalako zenbatzaileekin: ogirik aski badugu hemen
  • balio enfatikoa eman nahi diogunean zerbaiti: mutikorik indartsuena etxe hartan bizi da

Edo kategoriaz aldatzeko erabiltzen den postposizioa:

  • aditzondoak sortzeko batzuetan: aski gazterik izan zuen istripua

Baina horietan guztietan beste mugatzaile bat jar daiteke (edo ezer ere ez, behar ez duelako):

  • ez du ogia erosi
  • ikusi duzu hemen atezaina?
  • mendi garaiena Himalaian dago
  • ogi aski badugu hemen
  • mutiko indartsuena etxe hartan bizi da
  • aski gazte izan zuen istripua

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Partitiboa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3