Erabiltzaile Tresnak


morf:5:3:2:4:2

Partitiboa eta ezezko polaritatea

De Rijk-en (1972) lanaz geroztik, badakigu partitiboa polaritate alea dela (polarity item, ingelesez) eta polaritate testuinguruetan aurki daitekeela. Testuinguru horietako bat ezezko perpausak dira. Izan ere, ez hitzak zilegiztatzen ditu partitiboa bezalako polaritate aleak:

  • Ez dut egunkari-r-ik erosi
  • Gaurkoan ez da egunkari-r-ik plazaratu Otaño

Partitiboa, ikusten denez, absolutiboa ager litekeen gune sintaktiko bietan ageri da bi perpaus hauetan: osagarriari dagokion lekuan lehenengo adibidean, eta subjektu iragangaitzari dagokion lekuan bigarrengoan.

  • Ez dut egunkaria-Ø erosi
  • Gaurkoan ez da egunkaria-Ø plazaratu

"Gabe" bezalako postposizioekin

Ezezkoak diren gabe (bage, barik) bezalako postposizio askeek ere zilegiztatzen dute partitiboa:

  • Dudarik gabe, nere borondatiaren jabe (Juana Bixenta Olabe)
  • Baldiñ begiramenik bage (B-rekiñ, Otaño)
  • Ezeren beldurrik barik (Sukar Ustelaren urtea, Jimenez, E.)

"Eza" bezalako izenekin

Baita eza izenak ere –inoiz edo faltak ere bai–.

  • Beldurrik eza eta kasik pizipoza ere bai (Iñaki Segurola, Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, 134)
  • Horietan datza bere ahala eta ezina, bere izatasuna eta gaitasunik eza. (Etika, Spinoza / Xarriton, P.)

"Ezean" postposizioarekin

Ezean postposizioarekin ere bai (a,b). Batzuetan baldintzakoak diruditen ezezko perpausetan (c,d).

  • Bertzerik ezean, disko-zorroa erabili nuen gitarratako (Rock'n'roll, Epaltza A.)
  • Beste erremediorik ezean, mekanikari, mediku, artzain bihurtu dira (Gerrako pilotu, A. Saint-Exupéry / J. Zabaleta)
  • Xederik ezean, zentzubako litzateke bidea (Egonean doazen geziak, Garzia, Joxerra)
  • Zinerik ezean, ametsa ere ezinezko: ez zinezko (Egonean doazen geziak, Garzia, Joxerra)

Ezezko testuinguru hauetatik aparte, ikus –(en)ik partitibodun ezezko konplementatzailea.

Beste polaritate mota batzuk

Beste polaritate testuinguru bat galde perpausak dira, eta bai-ez erako galde perpausetan aurki daiteke bereziki partitiboa:

  • Egunkaririk erosi al duzu?
  • Gaurkoan egunkaririk plazaratu al da?

Kontuan izan bai-ezko perpaus mota horiek mendekoak ere izan daitezkeela:

  • Egunkaririk erosi duzun galdetu du Jonek
  • Gaurkoan egunkaririk plazaratu den galdetu du Jonek

Traskek (2003: 125) dioenez NZ-galderek (non, noiz, nola…) ere zilegizta dezakete partitiboa, baina berezko galderak baino gehiago, inplizituki ezeztapena dakarten adierazpen erretorikoak dira.

  • Nola eros autorik dirurik gabe?

Partitiboa, beste testuinguru batzuetan

Gainerakoan, baldintza perpausetan ere ageri da partitiboa:AUTOBUSAK EZ DIRA AUTOEZ KEZKATZEN

  • Dirurik banu, autoa erosiko nuke
  • Autobusik balego, ez genuke autoaz kezkatu beharrik

Baita superlatiboa duten adjektiboekin batera ere:

  • Berririk lazgarriena
  • Gorpurik ezkutuena

Azkenik, Traskek (2003:125) jasotzen duenez, perpaus existentzialetan ere aurki daiteke partitiboa;

  • Bada hemen neska ederrik

Baita interpretazio existentzial enfatikoa duten perpausetan ere, predikatua bera existentziala izan ez arren:

  • Besterik ere ikusi dut

Partitiboaren azterketa zehatz baterako, jo Partitiboa deritzon atalera.

— Egilea: Beatriz Fernandez

lanaren aipamena nola egin...

Beatriz Fernandez, "Partitiboa eta ezezko polaritatea", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3