Erabiltzaile Tresnak


morf:5:3:3

Zenbatzaileak

Determinatzaileen artean sartzen ditugu mugatzaileak, zenbatzaileak eta determinatzaile zehaztugabeak. Hola, izen bat emanik, ate, esate baterako, arruntean horrek beste zerbait behar du euskaraz sintagma hori behar bezala osatzeko:Brandeburgeko atea Berlinera sartzeko antzinako sarbidea da

Atal honetan zenbatzaileak aztertuko ditugu: bat, bost, hogei, asko, zenbait, eta abar.

Kuantifikazioa eta zenbatzaileak

Zenbatzaileak kuantifikadoreak dira. Kuantifikazioaren kontzeptuak mutur eta korapilo asko ditu, zentzu bat baino gehiagorekin erabiltzen baitugu. Batzuetan logikarekin du zerikusia, beste batzuetan semantika formalarekin eta beste batzuetan hizkuntza arruntean ematen zaion eta hain teknikoa ez den zentzuarekin.

Kuantifikazioa, hizkuntza arruntean

Zentzu ez teknikoan zerbait kuantifikatzea zerbait horren neurriaren berri ematea da. Hori egin daiteke zehatz-mehatz:

  • hiru kilo sagar erosi ditut.

Edo zehaztasun itxirik gabe:

  • nahiko jende bildu da.

Ez da zalantzarik, hala ere, Jon Miren baino gehiagotan joan da Ameriketara esaten badugu, gehiagotan horrek ere kuantifikazioa adierazten duela: ez dakigu, egia esan, zenbat aldiz joan den Jon eta zenbat aldiz Miren, baina informazio hori gabe ere kuantifikazio mota bat adierazten dugu hor.

Kuantifikazioa, filosofian

Filosofiak lantzen duen logikan eta semantikan, bi multzoren artean dagoen halako erlazio mota bat ezartzeari deitzen zaio kuantifikazioa. Hola, Peruk bi auto ditu esaten badugu harremanetan jartzen ditugu autoen multzoa eta Peruk dituen gainerako gauzen multzoa. Perifrasi batek hobeki ikusarazten du hori: Peruk dituen autoak bi dira.

Kuantifikazio adierazpenen egitura

Johann Sebastian Bach Kuantifikazio adierazpenek hiru mailako egitura dute:

  • kuantifikatzailea (“operadorea” ere deitua)
  • murriztailea
  • besarkadura

Demagun adibide hau:

  • Bachen preludio asko.

Sintagma horretan, “asko” da kuantifikatzailea, eta “Bachen preludioak”, berriz, murriztailea, kuantifikatzen den nozioa, alegia. Aldi berean kuantifikatzailearen besarkadura ere bada.

Kuantifikazio adierazpenak ez dira erreferentzia adierazpenak. Ikus adierazpen hauek:

  • Euskadi, gure txakurra
  • agurtu duzun andrea

Horiek erreferentzia adierazpenak dira, eta horietan aldaezintasuna adierazten da (txakur asko eta andre asko egonik ere munduan); kuantifikazioetan, berriz, ez, horietan aldakortasun puntu bat da nagusi. Baina kuantifikatzaileen kontu hau zenbatzaileetatik urrunago doa. Adibidez:

  • Bost aldiz joan da etxera hamarretan.
  • Beti joaten da hamarretan etxera.

Lehenengo adibidean, “bost aldiz” hori da esaldiko kuantifikatzailea, eta hor bost zenbatzailea ageri da. Baina horren parean, Beti joaten da hamarretan etxera esaten badugu, ez dago hor zenbatzailerik, baina bai beti aditzondoa, eta hori ere kuantifikatzailea da. Ikus adibideok:

  • Bost lagun etorri dira.
  • Ez da inor etorri.

Lehenengo adibidean “bost” zenbatzailea da, kuantifikatzailea dena aldi berean; baina bigarren adibidean “inor” da kuantifikatzailea, eta guk gramatika honetan izenordaintzat hartu dugu. Kuantifikazio egiturak sortzen ditu partitiboak ere, adibidez. Hemen, ordea, zenbatzaileak baino ez ditugu aztertuko1.

Zenbatzaile motak

Zenbatzaileen artean zenbatzaile zehaztuak, zenbatzaile zehaztugabeak eta zenbatzaile orokorrak bereiziko ditugu.

Zenbatzaile zehaztuak dira hauek: lau, hamar, hogeita bat, mila eta hirurogei eta antzeko numeralak. “ Zenbaki kardinal” ere esaten zaie. Funtsezkoak, alegia, “gontzak” (latineko jatorrizko hitzak adierazten duen gisan), eta kantitatea adierazten dute. Horiek dira zenbaki naturalak. Aurrerago ikusiko dugun bezala, zenbatzaileetatik sortzen dira ordinalak: laugarren, hogeigarren…, euskaraz izenlagun gisa emanak. Serie jakin batean unitate batek hartzen duen toki zehatza adierazten dute ordinalek. Azkenik, baditugu zenbatzaile biderkatzaileak ere: bikoitz, hirukoitz… Zenbaki natural bat beste kantitate batekin biderkatuz sortzen dira.

Zenbaki naturalak, esan bezala, kuantifikatzaileak dira, baina ez beti. Izen bihurturik ageri dira batzuetan:

  • Hamabia da gehien maite dudan zenbakia.
  • Nire txartelak hiru(a) jartzen du.

Eta zenbaitetan besarkadura ere ez da argi izaten:

  • 727 baten bigarren matxura aste berean.

Esaldi hori ikusten badugu egunkariaren izenburu batean, ez dakigu bi hegazkin desberdinez ari garen edo hegazkin bera den. Ondoko hauetan ere izena da:

  • Zenbaki hau hiruan amaitzen da.
  • Aurtengo loteria zazpian bukatu da.
  • Eta orain nahi dituzun zero guztiak jar ditzakezu hor.
  • Hemen idatzi dudana seia da.
  • Bederatzia ez da ongi ikusten.
  • Lau horri beste lau bat gaineratuz gero zortzi ematen du.
  • Aurten 2016a da.

Bestalde, zenbatzaile horiek sintagma mugatuak edo mugagabeak osatzen dituzte:

  • zenbatzaile zehaztuek sintagma mugagabea edo mugatua har dezakete:
    • bost ardi
    • bost ardiak
  • zenbatzaile zehaztugabeek sintagma mugagabea hartzen dute:
    • zenbait ardi
  • zenbatzaile orokorrek mugatzaile singularra edo plurala eskatzen dute:
    • denak etorri ziren
    • ardi guztiak

Hauxe da esandakoa laburtzen duen eskema:

Zenbatzailea Sintagma
Mugagabea Mugatua
Zehaztua bost ardi bost ardiak
Zehaztugabea zenbait ardi
Orokorra ardi guztiak
denak etorri ziren

Erreferentziak

  • Azkue, R. M. (1905-1906): Diccionario Vasco-Español-Francés, Bilbao.
  • Etxeberria, Urtzi (2102): “Quantification in Basque”. In Keenan, E. & D. Paperno (eds.), Handbook of Quantifiers in Natural Languages. Springer [Pre-final version].
  • Etxeberria, Urtzi & R. Etxepare (2012): “When quantifiers do not agree: Three systems”. Journal of Portuguese Linguistics, Thematic Volume on Bare Nominal 11.1. Ediçoes Colibri. [Pre-final version].
  • Garate, Gotzon (1988): Erdarakadak. Euskaraz ogi mintzatzeko Hiztegia. Zazpi Probintzietako Adibideak. Bilbao.
1 Gai honetan sakontzeko, ikus U. Etxeberria (2012) eta U. Etxeberria, R. Etxepare (2012)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Zenbatzaileak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3