Erabiltzaile Tresnak


morf:5:3:3:1

Zenbatzaile zehaztuak

Zenbatzaile zehaztuak

Hauek dira zenbatzaile zehaztuak1:

0 zero, huts
1 bat
2 bi
3 hiru
4 lau
5 bost (bortz)
6 sei
7 zazpi
8 zortzi
9 bederatzi
10 hamar
11 hamaika
12 hamabi
13 hamahiru
14 hamalau
15 hamabost (hamabortz)
16 hamasei
17 hamazazpi
18 hemezortzi (hamazortzi)
19 hemeretzi
20 hogei
21 hogeita bat
22 hogeita bi
25 hoegita bost (hogeita bortz)
30 hogeita hamar
31 hogeita hamaika
32 hogeita hamabi
33 hogeita hamahiru
40 berrogei
50 berrogeita hamar
60 hirurogei (hiruretan hogei)
61 hirurogeita bat (hiruretan hogeita bat)
62 hirurogeita bi (hiruretan hogeita bi)
70 hirurogeita hamar (hiruretan hogeita hamar)
80 laurogei (lauretan hogei)
81 laurogeita bat (lauretan hogeita bat)
82 laurogeita bi (lauretan hogeita bi)
100 ehun
101 ehun eta bat
102 ehun eta bi
200 berrehun
300 hirurehun
400 laurehun
500 bostehun (bortzehun)
600 seiehun
1000 mila
1200 mila eta berrehun
1984 mila bederatziehun eta laurogeita lau
1.000.000 milioi bat
10.000.000 hamar milioi
1.000.000.000 mila milioi (miliar bat)

Zatigarritasuna

Zenbatzaile zehaztuak ez dira zatigarriak, batetik hamarrera: bat, bi, hiru, lau, bost, sei, … Gauza bera gertatzen da hogei, mila, ehun eta kopuru handien markak ezartzen dituztenekin: milioi, eta abar. Hamarretik aurrerakoak zatigarriak dira: hamabi (hamar+bi), hamasei (hamar+sei), hirurogeita hamar, eta abar. Hamaika-rekin zalantzak sortzen dira etimologia aldetik: bistan da hamar duela lehenbiziko zatian, baina amaierako –ka horren jatorriaz zalantzak dituzte espezialistek.

Multzokatu ere hogeika multzokatzen dira zenbatzaileak euskaraz, inguruko hizkuntzetan ez bezala: hogei, berrogei, hirurogei (hiruretan hogei), laurogei (lauretan hogei), eta abar.

Zenbaki izen kolektiboak

Zenbaki izen kolektiboak ere ibiltzen ditugu: hamarreko, dozena/hamabiko, ehuneko (baina ehunka etorri ziren), milako, eta abar. Ikus adibideok:

  • Klasikoak:
    • Dozena bat bertso nahi nituzke jarri, Pestetan kantatzeko, denbora pasagarri, Horien emaiterat hunek nau ekarri, Bihotza diot eskaini, zenbait neska zarri. (Ipuin eta ixtorio, Larzabal, P.)
    • […]dozena bat hatzgorapen biziz, humilmendu eta oldazarre amoriozkoz[…] (Philotea, Pouvreau, S.)
    • […]hamabi dotzena arbola agertu zaizkit larrain eder batean lerro-lerro landatuak[…](Murtuts eta bertze, Lafitte, P.)
    • -Or eztaude ba dozenaka, Joxepa Txepel, Mari Txori ta beste amaika milla neska zar? Txing. (Euskalerritik zerura eta beste ipui batzuk, Urruzuno)
    • Zure dirua galdua zinuke: dozena bat pinta edan orduko, elhea nausitzen zaio! (Artho-xuritzetan, Zerbitzari)
    • Hamarreko bat erranen dugu bakarrik, gure Piarres hemen dugula gurekin! “ Eta, oro zoin bere ganbaralat joanik, amets goxoenez bethe zen gau hartan Oihanaldea. (Piarres II, Barbier)
  • Egungoak:
    • Eguerdian barau egin eta gero, Santa Ana erruki-etxera joan ginen familia osoa, etxean bazkaldu ez genituen barazkiak eta txerriki gatzatua, eta baita dozena bat arrautza ere, otar estalkidun batean hartuta: hiriko behartsuenei laguntzeko hilean behingo eltzeko domekaren usadio hori zen aitak Hitlerren erregimenari barkatzen zion neurri bakarrenetako bat. (Ihes betea, Lertxundi, A.)
    • Halere, adituek diote idatzi zenaren hamarreko bat baino ez dela. (Note book, Aristi, P.)
    • Ugarte desberdin horietan ehunka hizkuntza desberdin hitz egiten ziren. (Skyroom, Etxeberri, R.)

3 eta 4

Hiru eta lau zenbatzaileek kasu markak hartzen dituztenean, artikulu ondotik –r– bat tartekatu behar da. Horrela, hiruretan edo lauretatik esango dugu. Kontuan izan, dena dela, zenbait hiztunek hedatu egiten dutela r hori beste zenbakietara ere, baina hori euskara idatzian ez da egokia. Hortaz, bada, seiretan, zazpiretan eta antzekoak ez dira ontzat ematen. Horien ordez seietan eta zazpietan dira forma zuzenak 2.

Lau zenbatzaileak kasu markak hartzen dituenean bokalez amaitzen den beste edozein hitzek bezala hartzen ditu: lauan, lautik, laura, eta abar. Ez du, hortaz, gau hitzaren eredua segitzen, hitz hori salbuespena baita: gauean, gaurik, gaueko… 3

1 Euskaltzaindiak 7. arauan eman zituen zenbakien idazkerari buruzko arauak
2 Zenbakien deklinabideaz, Euskaltzaindiak 8. araua eman zuen.
3 Ikus honen inguruan Euskaltzaindiaren 29. araua.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Zenbatzaile zehaztuak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3