Erabiltzaile Tresnak


morf:5:3:3:1:1

bat, zenbatzailea

Kilian Jornet korrikalaria Bat euskalki eta garai guztietan erabili izan da. Zenbatzaile zehaztua da edo artikulu zehaztugabea:

  • Hor badira bi andre eta gizon bat. → zenbatzaile zehaztua
  • Lasterkari bat sartu da plazan. → artikulu zehaztugabea

Gainerako zenbatzaileak ez bezala, bat izenaren eskuinaldean ageri da beti:

  • etxe bat
  • bost mendi

-a, bat

Ez da modu argirik –a artikulua eta bat artikulu mugagabea bereizteko. Eskura ditugun lehenbiziko testuetatik ageri dira bi joerak:

Adibide horietan inolako arazorik gabe jar daitekezke sintagma horiek artikuluarekin: ardia, handia, saindua, eta perpausak ez du esanahia aldatzen.

bata

Baina sarritan etxea eta etxe bat berdinak izanik ere, berdintasun hori galtzen da zenbatzailea mugatzen dugunean: etxe bata. Ondoko adibidean ikus daiteke hori:

  • Euskal Herrian aspalditik gabiltza hizkuntza bataren eta bestearen arteko erabilera orekatu nahian.

Beraz, bata hori (artikuluarekin) bostak sintagmaren parekoa litzateke gramatikaren ikuspuntutik. Tradizioan eta gaurko literaturan ere badira adibide franko holakoak:

  • Ala enpleatu ze zenbait urtes; ilzeko eritasunak artu zuelarik, pasatzen zire biajes ermita gartaik bi errelijioso: bata gelditu ze atarian deskansatzen; berzea aratxago arbola baten pean errezatzen. (Sermoiak, Lizarraga)
  • Itz oetan ematen zaio Elizari bekatuak barkatzeko eskua; eta bekatuak ditu bi gauza, bata da oben, edo kulpa, bestea pena. (Zazpi sakramentuen gañean erakusaldiak, Aguirre, J. B.)
  • Bi egiteko ditu eria sendatzen dabillenak: bata da eriaren bizia albaez luzatzea ta bestea eriak artu behar dituen sendagaiei duten laztasuna ta miña kenzea edo beinzat arin-leunzea. (Igande eta festegunetarako irakurraldiak, Mendiburu, S.)
  • Gizon batek balin baditu bi emazte, bata maite eta bertzea higuin dituenak, eta biek haren ganik izan badituzte haurrak, eta higuinaren semea balin bada lehenik sorthua; (Biblia Saindua I, Duvoisin)
  • Erran zuen: Haur bizia bi zathi egizue; emozuete batari erdi bat, eta bertzear bertze erdia. (Biblia Saindua I, Duvoisin)

Beraz, etxe bat-en parekoa etxea da, eta ez etxe bata.

beste, bertze

Ikusten denez beste/bertze hitzak ematen dio bidea bat mugatuari: bata. Tradizioan, hortaz, bat mugatua (bata) eta bestea parean doaz:

  • Bata mingarri, bertzea sorgarri.

Beste falta bada artikulu gabe erabiltzen da: batek, bati,… Eta bata izenaren ordezko gisa agertzen ahal da: Batak Koldo agurtu zuen, besteak Miren edo adjektibo moduan ere bai: Hizkuntza batean eta bestean. Bata mugatua eta bestea bikotearen erabilera sistematikoa hamazazpigarren mendearen erdialdera hautsi zen ekialdean. Pouvreauk baditu adibide batzuk non bat mugagabea erabiltzen baitu bestea-ren ondoan, adjektibo moduan:

  • Batzu amorioaren beroz eramaiten dire saindu bat gana bertzea gana baino: ordea afekzione hura gizonaren burutikakoago da Jainkoa ganik baino. (Iesusen Imitacionea, Pouvreau, S.)
  • Soldado gan baino lehen neskatxa batekin eta bertzearekin ibiltzen ginen. […] (Ahal dena, Treku, M.)

Adibide horietan ikusten da bestea-ren parean dagoena bat mugagabea dela, adjektibo funtzioan. XIX. mende hasieran gauza bera gertatzen da bat izenaren orderekin ere, eta bi aldaerek (bat/bata) txandakatuz erabili izan dira eta ez dute indarra galdu egun arte.

Aldaera zehaztuak (bata) bakarrik, aldamenean bestea ageri ez bada, ez du ia lekukotasunik tradizioan. Leiçarragak baditu hiru adibide (testuinguruan bi ageri da, ordea):

Lazarragak, "Axular"ek, J. B Aguirrek, Moguelek eta "Kirikiño"k ere badituzte adibide bakan batzuk.

  • Eta halaber, zeren bi pena suerte baitira, bata da. (Guero, "Axular")
  • Etziñien osatu ala? - Ara: ni Hospitaletik alta emonda bialdu ninduenien, eneukan indarrik lanerako; enintzan gauza ordu laureneko bierrari eltzeko, asi orduko izerdi larriyak urteteustan bata. (Bigarrengo abarrak, "Kirikiño")

Inesiboko aldaerak

Inesiboan hiru forma erakusten ditu tradizioak: batean, baten eta batetan. Hiru aldaera horietatik batean da erabiliena. Bizkaieraz batean eta baten erabiltzen dira tradizioko testuetan. Testurik zaharrenetan baten, eta XIX. mendetik aurrera bi aldaerak, nahiz Azkuek eta Aranaren jarraitzaileek baten erabilzen duten gehien.

Gerra ondoko testuetan baten testu dialektaletan, baina batean Erkiaga, Gandiaga, Bitaño eta inguruko idazleetan.

Gipuzkeraz eta nafarreraz sistematikoa da batean aldaera hasiera-hasieratik. Ekialdean, Etxeparek eta Leiçarragak batetan erabiltzen dute, baina XVIII. mendetik aurrera batean nagusitu da. "Axular"ek biak erabiltzen ditu, eta pixkanaka batetan desagertuz joan da, zubereraz izan ezik, han batetan nagusitu da egun artio.

  • Amoria ehork ere eztu nahi partitu Nik eztakit bertziak bana ni ari niz bekhatu Beriareki ekhustiaz hain hain noha penatu Hek dostetan ni neketan orduian errabiatu Jelosiak eztizaket nik gaiz erran sekulan Maite nuiena nahi enuke ehork hunki liazadan Bertzerenaz izanuzu amoros lekhu batetan Beriagana jelosturik desesperazer ninzan. (Linguae Vascomun Primitiae, Etxepare)
  • Galdu balin badituzu zeren ogen derautazu Nik dakidan lekhutarik ni baitara eztituzu Orai egun batetan zenaudela pensetan Hanbat zuzaz amoratu geroz nuzu penatan. (Linguae Vascomun Primitiae, Etxepare)
  • Lege guzia hitz batetan konplitzen. (Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria, Leiçarraga)
  • Hik aditzen duk beraz, muthatze hura hiltze bat bezala hetan izanen dela, zeren haien lehen natura abolituren baitate, berze estatu batetan resuszita ditezenzat. (Katexismea, Leiçarraga)
  • Eta gero bizitzen zen bake handi batetan. (Guero, "Axular")
  • Pena hura bera da, eta ez bertzerik bethi berde, estante batean dagoena, muthatzen eztena. (Guero, "Axular")

Batasunaren oinarriak jarri zirenean, 1970ean, batean, batera(t) eta batetik erabiltzen ziren, ia salbuespenik gabe.

Batetaz aldaerak ez du ia ez tokirik ez lekukotasunik, Mirandek bi aldiz erabili zuen eta "Orixe"k behin.

  • Haiek ere maitemintzen ziren noizpeinka gizaseme batetaz, eta beren egoitzara eroan ohi zuten, ondorengo ipuin honek erakusten digunez: Behin Kondle Gorria, ehun Borroketako Kond-en semea, aitarekin zegoen Goi-Usnech-ean. (Artikuluak, Mirande)
  • Zenbaitek, berriz, Harri Aro Berriko gizenda batetaz dauzkate. (Artikuluak, Mirande)
  • Ez al dago Kristoren Gizatasuna aldarean giza-itxurarik gabe? Zer kalte egin dezaioke orrek gure idurimenari? Gizon batetaz oroitzeko aren aurpegia ikusi bearra al daukagu naiz begiz naiz begi-iduriz? Ni begiz ez ikusiak galarazi al dizu nerekin iarduna, bide ortan gentozela? (Kiton arrebarekin, "Orixe")

Gogoratu, dena den, Euskaltzaindiaren 12. araua, Bat eta batzuk-en deklinabidea. Euskara Baturako baten, batean mugagaberako eta batean mugaturako proposatzen ditu arau horretan.

Etimologia

Etimologiari dagokionez, badirudi *bade etimoan hartzen duela oinarria bat zenbatzaileak. Hori ageri da bederatzi hitzean eta batbedera (bakoitza) forman ere. Horixe azaltzen du OEHk ere:

  • Etim. La comparación de bat con bedera 'mismo', 'cada uno', y bederatzi 'nueve', hace pensar que su forma antigua pudo muy bien ser *bade, reducida a bat en el uso enclítico normal del numeral como artículo indeterminado.

Erabilera

Izen berezien ondotik, erakuslearen ondotik eta izenordainen ondotik erabiltzen da bat:

(bat) bera

(bat) bera edo adierazi nahi duela ere erabili izan da. Arrunta da Hegoaldeko testuetan, aise gutxiago ikusten da, ordea, Iparraldekoetan:

  • Eta batak bertzeari zerbaitetan huts eginagatik, elkharri pairatu eta barkhatu behar diogu, eta amorio eduki, zeren gorputz bat, eta gorputz batetako mienbroak eta parteak baikara. (Guero, "Axular")
  • Ta au ikusi, ta beti era batera biziko naz? (Aita S. Ignacioren egercicioac, Cardaberaz)
  • Bai, gizaseme ona da, ta gitxi gora-bera, biak izango dira adin batekoak. (Josetxo, Etxeita, J. M.)
  • […] denak daude iritzi batean: “Zabaletako alabak artu duan asmoa baño gauza oberik eztago”. (Garoa, Aguirre, D.)

bat edo beste

Genitibo mugagabea aurretik duela ere erabiltzen da, bat edo beste adierarekin. Hegoaldean gehiago erabili da Iparraldean baino:

Gaur egun aski arrunta da:

  • Edozein lekutan zabaldu, eta beti aurkitzen zuen gezurren bat. (Zortzi kontakizun, Isaac Bashevis Singer / Navarro, K.)
  • Oso deserosoa egiten baitzitzaion ikasleren batekin topo egitea, beste aldera begiratu eta pausoa bizkortzen zuen, lepoa sorbaldan hondoratuta. (Ihes betea, Lertxundi, A.)
  • Diru-goseak eraginik, neurriz gaineko astakeriaren bat ez badu egiten, behintzat. (India harrigarria, Garate, G.)

"gutxi gorabehera"

Numeral baten ondoren gutxi gorabeherako kopurua markatzen du batek:

  • Adibide klasikoak:
    • Eta orai bertze hilabete bat egoiten baniz hemen, gero hamar bat egun etxean! (Mendekoste gereziak, Etchepare Landerretxe, J.)
    • Amasei bat orduko
      eguna lanian,
      zer poza egun ura
      bukatzen zanian!(Sasoia joan da gero, "Uztapide")
    • Zuk osoro senda zenetzan, asmo osasungarri ori artu zuten aiek, nik biziroago maite ta neure burua itsuskiago gorrota, aiekin alderatuz, urte aunitz igaro baitziran —amabiren bat— nere emeretzigarrenean Kikeroren Hortensi irakurririk zugurtasunera esnatu nintzala. (Augustiñ Gurenaren aitorkizunak, "Orixe")
    • Hura poza harako abarka-ren jatorriaz kezkatan dauden hamar-hogeiren bat linguistena. (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
  • Gaurko adibideak:
    • Hamar bat egunen buruko arrunt sendo nintzen. (Alemaniara deportatua, Gregoire Joannateguy / Marzel Etxehandi)
    • Hogeiren bat minutu egingo zituen horrela, lantzean behin kanila ireki eta hozten hasitako ura berrituz. (Ordaina zor nizun, Joxemari Urteaga)
    • Zazpiren bat urte, baldin banituen ere, izanen nituen nik orduan. (Harrizko pareta erdiurratuak, Perurena, P.)

Balio inpertsonalarekin

Balio inpertsonalarekin ere erabiltzen da, Hegoaldean bakarrik:

  • Batek daki zer egin holakoetan!
  • Eta esango didazu ez dirala oiek bat txoratzeko gauzak? (Euskal dialogoak, Iturriaga, A. P.)
  • ni naiz artzaya, bañon nola basuan beti egonda gauden, batek ez daki zer egiñ eta gogoratu zitzairan merkatari sartzia. (Anton Kaiku, Soroa, M)
  • Batek mundura etorritzian
    izaten du aurtzaroa
    aur geralarik bearrezko da
    bere amaren beroa; (Sasoia joan da gero, "Uztapide")
  • Honelako gizonarekin erromeriara joatea baino hobe luke batek ez dakit zer egin! (Mokoroa, J.)

Postposizio gisa

Postposizio gisa erabiltzen da, soziatiboa edo instrumentalaren ondotik:

  • Pekatutik, ta artarako okasioetatik alde egin, banidadeak, dibersio gaizto, ta peligrosoak utzi, zorrik bada, pagatzeko alegiña egin, bakoitzak bere estadu, ofizio, eta enpleoko obligazioakin kunplitu, ta duen moduaz bat obra onetan enpliatzea. (Ongi bizitzeko, Etxeberria, J. K.)
  • Egizu, arekin bat, emendatzeko proposito firmia. (Etxeberria, J. K.)
  • Ta, Amarekin bat, euskal-Fedeak magnificat jarraitzen du. (Arantzazu, Mitxelena, S.)
  • Zalduna ikustearekin bat geratzen da dontzeila ikaraz mututurik. ("Bilintx")
  • Bazijuan artzera, baña mandua, praillea ikusteaz bat, asi zan ostikoka, urreratzen ere utzi gabe Prailleari, eta mando gabe biurtu zan etxera, esanaz, Don Burnok mandua antiklerikaldu zuala. (Euskalerritik zerura eta beste ipui batzuk, Urruzuno)
  • Argiz bat dira asiko txori kanta otsak, Beor ardi ta beiak orroeka pozak, Akitian beoka txal eta bildotsak Bizar eta adarrak armatuta auntzak Txuntxurretan beeka zuri eta baltzak. (Ama euskeriaren liburu kantaria, Arrese Beitia)
  • Maldaz bera zeramaten arrastaka Ines, eta bat batetan, orazio Klarak egin zuanarekin bat, gelditu zitzaien Ines ain pisu eze, ez an ziran amabi gizonek ezik, beste geiago eraman zituztenak ere, ezin mugitu izan zuten zeguan tokitik. (Asis-co loria, Beovide)
  • Egun biz bat aldatzen da, se muda una vez cada dos días” («Notas lexicográficas (Urretxu-Antzuola)», ASJU, Izaguirre, C.)

Hemen sartzen dira ikusteaz / ikustearekin batera eta esapideak ere, gaur egun ere maiz erabiliak:

  • 'Hau da hau mutilaren hazteko modua!' esan zion aittittek Goiori, ikustearekin batera, gabon gaueko arratsaldean. (Lagun izoztua, Sarrionandia, J.)
  • Hura ikusteaz batera, Kafkaren izenak eta irudiak gorputz hartuko zuten gure baitan, eta ahaztuta geneukan idazlearen zenbait gauza gogoratuko genituen. (Kafka Bilbon, Alberdi, P.)

Esapideak

Esamolde asko sortzen ditugu bat zenbatzailean oinarriturik (adberbioak, aditzak, eta abar): bat-batean, batik-bat, batez ere, bat hartu, bat egin, bat(era) etorri, batetara heldu, batetara joan, bateko(a)z beste, batetik eta bestetik, batez beste, hitz batean… eta abar.

Idazkeran ez da bat etorri tradizioa, baina Euskaltzaindiak arautua du egungo forma: bat-batean1. Bat-batean adberbioak bi esanahi ditu: “berehalakoan, ez-ustean” da hedatuen eta erabiliena:

  • Bat-batean hil zen, ordea. (India harrigarria, Garate, G.)
  • tximistaren argiak bat-batean bete zuen zerua
  • Lourdesko ura baso batetik edan eta bat-batean sendatu zen.

Bigarren esanahia “aldi berean” da:

  • Goazen guziok bat batean soroetara, azia lurrera bota, ta Atxurlari oek alde egiten dutenean, jango degu ezarri duten azia, jaioko ez da lino-belarrik; egingo ere ezin dute sarerik. (Ipui onak, Moguel, B.)
  • Gizonaren arreta edo begirada, mugatua izanik, ezin diteke bat batean puntu denetara edatu. (Kristau fedearen sustraiak. I. Jainkoa., Villasante)

Istorioak kontatzerakoan

Bat erabiltzen da istorio bat kontatzen ari garenean, istorio horretako elementuak aurkezten ditugunean (aditza normalean iraganean agertzen zaigula):

  • Errege bat bizi omen zen Patagonian.
  • Aita batek ba omen zuen seme bat. Biak bizi omen ziren mendian zegoen herri koxkor bateko baserri eder batean.

Hortik aurrera aita, herria eta baserria aipatuko dira bat gabe, aurkezpena egin dugunean ezezagunak genituelako, baina aurkezpena egin ondoren, bat gabe erabiliko dira, gure informaziora pasatu direlako eta ezagunak ditugulako orain.

Oposizioak markatzeko

bat / anitz / asko oposizioa markatu nahi dugunean ere erabiltzen dugu bat:

  • Gela honetan mahai bat eta lau aulki sartzen dira.
  • Andonik uste zuen gela hartan aulki anitz sartuko zirela, baina bat bakarrik sartzen zen.
  • Galdera askoren artean batek kezkatu izan nau behin baino gehiagotan. (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
  • Bai, zerbait badira, baina galdera horrek beste bat zor du. (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)

Beste kuantifikatzaile baten barnean

Bat zenbatzailea beste kuantifikatzaile konplexuago baten barnean ere ager daiteke:

  • Baso bat ur eskatu zuen.

Adibide horretan baso bat osoa da ur izenaren kuantifikatzailea, eta, nolabait esateko, ur neurriaren berri ematen du. Noski, ez da hori bat zenbatzailearekin bakarrik gertatzen: Bi baso ur ere esan daiteke, baina maizkoenak, beharbada, bat-ekin osatutakoak dira. Ikusi “Zenbatzaileak eta kuantifikazio izenak atala.

Kokagunea

Bat zenbatzailea izen sintagmaren eskuinaldean joan ohi da gehienetan: Etxe bat. Beste zenbaitzaileekin, ordea, ez da horrelakorik gertatzen: Bost etxe. Gorago aipatu dugu hori. Hala ere, jakina denez, bi zenbatzailea ezker nahiz eskuinean jartzen dugu, euskalki edo estilo literarioen arabera: Bi etxe nahiz Etxe bi.

Esan bezala, zenbaitetan bat zenbatzailea artikuluarekin batera truka daiteke, baina ez da horrelakorik gertatzen beste zenbatzaileekin. Beste zenbatzaile hauei, trukaketarik onartzen ez dutenez gero, artikulua eransten bazaie, delako izen sintagma hori mugatua gertatzen da; alegia:

  • etxe bat = etxea
  • etxe bi (mugagabea) ≠ etxe biak (mugatua)

bat, bata

Norma bezala, eman dugun arrazoiagatik (trukaketatik), etxe bat-en ordez eta balio bertsuaz etxea esan daiteke, baina ez etxe bata, hori mugatua baita, etxe biak edo bost etxeak bezalaxe. Beraz etxe bat eta etxe bata ez da gauza bera (gorago ere esan dugu hau):

  • Aita batek ba omen zituen bi seme ta bi alaba. Alaba bata handia omen zen eta bestea, ordea, txiki-txikia.
  • Nagusi batek bi etxe omen zituen. Etxe batean Aste Saindua pasatzen omen zuen, eta bestean, berriz, udako oporrak.

Esan dugu bat zenbatzailea eta –a artikulua elkarrekin truka daitezkeela zenbait kasutan eta arrazoi horregatik etxe bat-en pareko edo kidea, etxe bata ez, baina etxea dela. Hala ere bat zenbatzailea (bat zenbakia) izendatzen dugunean –a erantsi behar zaio, izena baita, zenbaki baten izena, alegia:

  • Hau bata da eta beste horko hori bia.
  • Hau batekoa (edo bata) da (kartetan ari garenean).

Dena den, balio generikoaz ari garelarik, espezie osoa edo kontuan hartzen dugunean, -a erabiltzen dugu maizago:

  • Nekazaria beti dabil lurrarekin borrokan.
  • Andrearen eskubideak zapaldurik daude.
  • Kartzelan sartu omen dute.

Mugak finkatzea ez da, hala ere, hain gauza erraza. Zenbait euskalkitan generikotzat jotzen dira beste euskalki bateko hiztunek konkretutzat har ditzaketen elementu berak:

  • Ximizta bezala bide laburrez firrindan erreka-zolara yautsirik. (Piarres Adame, Elissamburu, J. B.)
  • Bart arratsean azeria hurbildu da baserrira.
  • Satorra hasi da lanean etxe aitzinean.
  • Kalean utzi dute.
  • Esneak ez du batere dirurik egin aurten.

Erkatu, esaterako, bi adibideok:

  • Satorra sartu da landan. (aski arrunta)
  • Ikusi duk, behinere, Pello, mendian, iratze edo otepean, eper familia bat alhan dabilela? (Elissamburu, J. B.)

Bietan zehatza da, batean artikuluarekin eta bestean zenbatzailearekin. Ondoko adibide honetan balio generikoa du:

  • Gernikako arbola iharraren sustraiak ere, aitari entzuna dut, sator batek jan omen zituen. (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)

Mitxelenak ez zekien eta sator bakarra edo gehiago izan ziren arbola jaleak.

batto

Bat-en txikigarria da batto. Iparraldean erabilia, izenordain gisa ageri da:

Euskaltzaindiak honetaz

1 Ikusi Euskaltzaindiaren 1. araua, Bat-batean, behinik behin, batik bat

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "bat, zenbatzailea", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3