Erabiltzaile Tresnak


morf:5:3:3:1:10

Zenbatzaile zehaztuak eta komunztadura

Zenbatzaile zehaztuek aditzarekin komunztadura nola egiten duten ikusiko dugu atal honetan.

Zenbatzaileak eta euskal aditza

Euskal aditzaren morfologiak perpaus horretan biltzen diren nor, nori eta nork kasuetako sintagmen zenbatasuna (sing/plur) islatzen du:Donostiako Zinemaldian film asko ikus daitezke

  • Filma ikusi dut (nor sing.)
  • Filmak ikusi ditut (nor plur.)
  • Hark ikusi du (nork sing.)
  • Haiek ikusi dute (nork plur.)
  • Hari eman diot (nori sing.)
  • Haiei eman diet (nori plur.)

Sintagma horiek zenbatzaile batek osaturik (eta ez, nahitaez, artikulu edo erakusleak) ager dakizkiguke:

  • Film bat ikusi…
  • Bost film ikusi…
  • Gizon batek ikusi…
  • Bost gizon ikusi…
  • Andre bati eman…
  • Bost andreri eman….

Holako kasuetan, nola ematen dugu aditz laguntzailea?

Zenbatzailea "bat" denean

Zenbatzailea bat baldin bada, aditz morfologian singularra ageriko da beti:

  • Film bat ikusi dut (nor)
  • Gizon batek egin du (nork)
  • Andre bati eman diot (nori)
  • Hau da, bat horren ordez artikulua balerama bezala.

Zenbatzailea "bat" ez denean

Zenbatzailea ez bada bat, besteren bat baizik, eta sintagma osoa -zenbatzaileaz gain- artikuluak mugatzen baldin badu, aditz morfologian pluralaren aztarna agertuko da:

  • Lau film ikusi ditut. (nor)
  • Bost gizonek egin dute. (nork)
  • Bost andreri eman diet. (nori)

Gainerako zenbatzaileekin

Gainerakoetan singularrez edo pluralez ageriko da aditza, gehienetan pluralez. Idazle batzuek singularrez bakarrik erabiltzeko joera izan dute eta zubereraz ere -neurri batean behinik behin- horrela jartzen da, baina hori ez da nahi eta nahiezko araua, adibideok erakusten digutenez. Egun pluralez egiten da maizago komunztadura hori:

  • Hiru film ikusi dut (nor)
  • Hiru film ikusi ditut
  • Hiru ikusi ditut
  • Zer irudi zaizue? baldin gizon batek ehun ardi baditu, eta hetarik bat errebela badadi, eztitu laurogei eta hemeretziak utziten, eta mendietara ioanik eztu errebelatu zena bilhatzen? (Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria, Leiçarraga)
  • Bertuteak behar luke gizonetan handiago Emaztetan nik dakusat hongiz ere gehiago Mila gizon gazxtorik da emazte batendako Gizon baten mila andre bere fedean dago. (Linguae Vascomun Primitiae, Etxepare)
  • G: Badira beraz hirur Jinko? I: Ez: zeren hirur presona hoiek ezpaitie ber izatia, indarra, eta Jinkotarzün bera baizik. (Belapeire)
  • Neure Iaun Maitia, eta ohoratia, bi soldado pobre heldu dira aroetik bartzoitzera, zure iauregi ederrian, zure ikustera zure bisitatzera, eta bere zerbutzu humilen, zuri ohoroskatzera. (Onsa hilceco bidia, Tartas)
  • Gau-egunetan ogeita lau ordu ditu. (Augustiñ Gurenaren aitorkizunak, "Orixe")
  • JENERALA: Ni porrua! Ni porrua! Tiro bat, bi tiro, lau merezi ditu hola mintzo den gizonak. (Ihauteriak, Larzabal, P.)
  • Larruneko harri ilhunetarik altxatu ziren bakarrik lau edo bost arrano handi, inguru eta inguru zeru gorenean eman zirenak, herri bat othoitzean ari ikusteko bezala. (Piarres I, Barbier)
  • Urtheak hamabi ilhabete ditu; berrogoi eta hamabi aste eta egun bat; Hirurehun, hirur-hogoi eta borz egun, sei orenekin: ezen denbora hunen barrenean Iguzkiak zodiaka inguratzen du. (Debozino eskuarra, Haranburu, J.)

iraun

Gaur egun gero eta gehiago ikusten da iraun aditzarekin pluraleko komunztadura1:

  • Lau urte iraun zituen.

Tradizioan ez da adibide gehiegi ageri egitura honekin, baina lekuko ia gehienek singularra aukeratzen dute:

Gaurko literaturan tradizioan baino ugariagoak dira pluraleko komunztadura erakusten duten egiturak (nahiz gehienak, egun ere, singularrekoak diren):

  • Beti besteak baino handi eta indartsuago izan beharra zen; milaka eta milaka urte iraun zituen lehia hartan hondarrean hatsantuka nindabilen, unatua. (Denboraren mugan, Jose Angel Irigaray)
  • Berari bezala hari ere eraso zion akidura bat-batekoa izan zen, baina urteak iraun zituen. (Maitea, Toni Morrison / Anton Garikano)
  • Hilabeteak iraun zituen erasoak, eta soldadu alemaniarrek haien egoera norainokoa zen txarra, krudela eta itxaropengabea kontatzen zieten euren senideei, euren emazteei. (Gauza txikien liburua, Aristi, P.)
  • Liskarrak 14 ‘round’ iraun zituen. (Skyroom, Etxeberri, R.)
  • Hamabost minutu iraungo ditu gaurko hasiera ekitaldiak. (Kirola saila, Berria)
  • Hiru urte iraungo ditu bigarren faseak. (Euskal Herria saila, Berria)
  • Desfileak bost ordu inguru iraungo ditu orotara: (Piano gainean gosaltzen, Cano, H.)

Gaian sakonduz

1 Hala ere, EHULKUren arauetan, besteak beste, singularreko komunztadura hobesten da

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Zenbatzaile zehaztuak eta komunztadura", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3