Erabiltzaile Tresnak


morf:5:3:3:1:11

Ordinalak

Elementu batek serie batean edo hierarkia batean hartzen duen hurrenkera edo tokia seinalatzen dute zenbatzaile ordinalek:Lehenbizikoak, txapeldun saria eraman du

  • Bigarren etxea
  • Hamargarren jabea
  • Hiztegiaren hirugarren liburukia
  • Lehenbizikoak txapeldun saria eraman du…

Osaera

Dagokion zenbatzaileari -garren atzizki zenbatzaile-sortzailea atxikirik sortzen dira ordinalak: zortzi, eta hortik sortzen da zortzigarren. Tradizioan, hala ere, badira adibideak -garren bereiz idatzita erakusten dutenak:

Idazteko orduan zortzigarren edo, zifra erabili nahi bada, 8., hau da, zifraren ondoan puntua: zortzigarren nahiz 8.. Artikulua erantsiz gero, zortzigarrena nahiz 8.a1.

1 zenbatzailea

Norma orokorra aipatu den hori baldin bada ere, 1 zenbatzailearen kasuan aldaera bat baino gehiago du: lehen, lehenengo, lehenbiziko eta lehendabiziko. Lehenengo horren parean zenbaitetan lehengo ere erabili izan da:

  • Baina Theresa haiduru zen — orain, lehengo aldikotz beharbada, den mendren lotsarik gabe haren soari eta haren irritsari eskainirik izanaz. (Haur besoetakoa, Mirande)
  • Aurpegiko trasplantea egin dute Txinan lehengo aldiz, eta ondo joan da. (Gaiak saila, Berria)

Baina lehengorekin anbiguetatea sortzen da, perpaus honetan ikusten den moduan:

  • Hau da lehengo txirrindularia.

Horrek bi esanahi bai baititu:

  • Hau da lehendik ezagutzen den txirrindularia (eta, agian, egun ez du kurritzen)
  • Honek irabazi du itzulia (hots, hauxe izan da lehenbizikoa)

Euskalki edo hizkera batzuetan oso ongi bereizten dira bi horiek, lehengo eta lehenengo. Anbiguetatea desegin nahi baldin badugu, bada, hobe da ordinalen kasuan lehenengo aldaera bakarrik erabiltzea.

Hori dela eta, bi gauza desberdin ditugu ondoko hauek:

  • Lehengoan ikusi nuen.
  • Lehenengoan bizi da.

Edo erkatu bi hauek:

  • Egia da ez naizela lehengo jokalaria, baina oraindik maila eman dezaket.
  • Ez naiz lehengo jokalaria, baditut aurretik hobeak direnak.
Gogoratu, bost zenbakiaren kasuan (berdin bortz- ekin ere) bosgarren egiten dela. 2

-engo, -(e)neko

Ordena bat amaitzen duenari honela esango diogu: azken, azkenengo, azkeneko. Zenbait euskalkitan, hala eta guztiz, -engo atzizkia ez da mugatzen aipatutako kasu horietara eta beste guztietan ere ageriko da, aldaera hauekin: bigarren, bigarrengo, bigarreneko; laugarren, laugarrengo, laugarreneko. Tradizioan badira lekukotasun franko (batez ere Hegoaldean):

Eta gaurko idazleen artean:

  • Lur jotzeko zorian zen MTGD. Argazkilariei egin zizkien eskariak ez ziren alferrikakoak izan: abaildura zegoen MTGD bosgarren eta seigarrengo gelen argazkien aurrean. (Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz)
  • Hirugarrengo, ordea, galdetu beharrekoa da, zerk eragiten duen egiaz behin eta berriro ihes hori, arazoa batere premiarik ez dagoen eta eztabaida erreala ezinezko bilakarazten duen maila batera eramateko. (Euskal Herria krisian, Azurmendi, J.)

Laugarreneko eredukoak gehiago ikusten dira Iparraldeko tradizioan:

  • Efraimen kanpetako khondatuak izan direnak heltzen dira ehun eta zortzi mila eta ehunetara, zein beren andanetan: hirugarrenekorik ilkhiko dira. (Biblia Saindua I, Duvoisin)
  • Hau dio armadetako Jaunak: Laugarren hilabetheko barura, bortzgarrenekoa, zazpigarrenekoa eta hamargarrenekoa, bozkario eta jauzitara eta besta-buru ederretara bihurturen zaizkio Judako etxeari: bakharrik maitha zatzue egia eta bakea. (Biblia Saindua II, Duvoisin)

Beste molde batzuk

Lafitte, P.k birden, heren, laurden, etab. ere aipatzen ditu.

Hortik sortuko lirateke: lehengusu, herengusu, herenegun, eta abar.

Lehentxeago data nola eman azaldu dugunean aipatu den gisan, mendeak izendatzeko ordinalak erabiltzen dira: Hirugarren mendea, eta abar.

Aditzondoak

Hauen pareko ditugun aditzondoak –ik atzizkia erantsiz sortzen dira: lehen, lehenik, aurrenik; lehenengo, lehenengorik; lehenbiziko, lehenbizikorik; bigarren, bigarrenik, bigarrenekorik; azken, azkenik, azkenekorik…

Batzuetan, hala ere, lehenbizi hori izen bihurtuko da:

  • Esango nuke nik, lenbizi artan illuna eta argia alkar itsasirik eta eldurik, nork nori eragingo zion, zeñek zein garaituko zuen ibilli ziradela; noiz-eta Jainkoak ikusirikan burrukan biak, erdian bitarteturik, aparterazoko zituen. (Euskal testuak, Larramendi, M.)
  • Baditake ere batzuen gibelatzeko hori bera aski zen lehenbizi hartan. (Gontzetarik jalgiaraziak, Hiriart-Urruty, J.)
  • Lehenago, Apostoluen denboran, eta oraiño Apostoluak hillez gero ere, lehenbizi berri hartan, hain zen debozinoa handi, eta bero, ezen egunoro gorputz saindua errezibitzen baitzuten, eta hartarakotzat, bekhaturik zutenak, egunoro halaber, kofesatzen baitziren. (Guero, "Axular")

Ordinalaren kokapena

Ordinalen puntu honetan ongi bereizi behar dugu jarritako ordinala sintagmaren zati bati bakarrik ala sintagma osoari dagokion:

  • Ipar Euskal Herriko II. astea.
  • II. Ipar Euskal Herriko astea.

Lehenengo adibidean II. hori astearekin doa, eta beraz, astea da bigarrena. Hurrengo adibidean, aldiz, II. horrek sintagma osoa mugatzen du. Horrenbestez, kontuan hartu behar da ordinalak zer besarkatzen duen:

  • Hauxe dugu etxeko 2. semea.
  • Hauxe dugu 2. etxeko semea.

Lehenengo adibidean bigarren semeaz ari gara; bigarren adibidean, berriz, bigarren etxeaz.

Azken batean, berdin gertatzen da zenbatzaile kardinalekin ere:

  • Hauek dira bi lorategitako loreak.
  • Hauek dira bi lorategietako loreak.
  • Hauek dira lorategiko bi lore.
  • Hauek dira lorategiko bi loreak.

Euskaltzaindiak honetaz

1 Ikus Euskaltzaindiaren 18. araua, Ordinalen eta banatzaileen idazkera
2 Ikus Euskaltzaindiaren 18. araua, Ordinalen eta banatzaileen idazkera.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Ordinalak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3