Erabiltzaile Tresnak


morf:5:3:3:1:13

Distributiboak

Zenbatzaile zehaztuei –na atzizkia erantsiz gero, distributiboak sortzen ditugu: bat > bana Gainerako zenbatzaileekin ere gauza bera gertatzen da: 2, bina; 3, hiruna; 10, hamarna; 100, ehuna; 999, Bederatzi ehun eta laurogei eta hemeretzina…

  • Seigarren illebetian Tomas ta Agatonek artu eben Ibaigardenen ibertzian etxe eder bana egiteko burubidia, albuan maizterrentzat beste etxe bana ebela euren korta, sabai, ollatoki, laba gela ta abarregaz. (Jaioterri maitia, Etxeita, J. M.)
  • Aphezek hiruna meza emanen dute, eta nik bat bakharra ezin eman! (Banhar deitu salbaiak, Zerbitzari)
  • Pulliki edo itsuski, oraikotik debruak joan du gure manddoa, ezen, bost hamarreko eta launa tanto dira bi alderdietatik. (Piarres I, Barbier)

Horrenbestez, bada, honela agertuko ditugu ondoko adibideok:

  • Kafe bana hartu zuten Patxik eta Karmelek. (Patxik kafe bat hartu zuen eta Karmelek beste bat)
  • Talde horiek bina ordezkari aukeratu dituzte. (Talde batek bi ordezkari, besteak beste bi, besteak beste bi…)

Aurrekaria pluralean

Distributibo hauek aurrekaria pluralean eskatzen dute, ezinbestean. Adibidez, ondoko perpaus hauek ez dira gramatikalak:

  • *Nik liburu bana erosi dut.
  • *Nik liburu bina erosi ditut.
  • *Kotxe banatan etorri naiz.

Horien ordez, beste hauek dira zuzenak:

  • Guk liburu bana erosi dugu.
  • Liburu bina erosi dugu.
  • Kotxe banatan etorri gara.
Partidetan eta, markagailuak 0 – 0 adierazten duenean husna (edo huts eta huts) esan ohi da.

bedera

Bestalde, bana-ren sinonimoa da bedera. Eta hortik Liburu bana erosi dugu edo Liburu bedera erosi dugu. Tradizioan batez ere Iparraldean erabili izan da:

  • […] erran zuen bertze soldadoak zigarreta bat hartuz. Bertzeek ere bedera hartu zuten. (Mendekoste gereziak, Etchepare Landerretxe, J.)
  • Nausiak ethortzen dire azote bedera eskuan. (Bi saindu hescualdunen bizia, Laphitz)
  • Eta orain, urte ilunetako gure historiari behako baten emaiteak argitzen bazuen apur bat gure ostartea, iragan bi mendeetan gure Iparrak eta Hegoak historia bedera harilkatu izanak zenbait ohar egiteko parada eskainiko digu menturaz. (De re publica edo politikaz, Xarriton, P.)

Adibide horietan guztietan bana jarriz gero perpausak gauza bera esan nahi du: bakoitzak liburu bat, zigarreta bat, azote bat… eta abar.

Egungo idazleek gutxi baina erabiltzen dute tarteka:

  • Baina bestaldetik ezin burutik kendu bi herrien teoria, benetako üskaldunena eta manexena, elkarren haurride eta bedera bere hizkuntzarekin. (Hitzak eta giltzak, Iñigo Aranbarri)
  • II. Mundu Gerlatik landako urte haietan antolatu baitzen Biarritzen Eusko Ikaskuntzaren Nazioarteko Biltzarra, Pierre Narbaitz gure irakasle ohiak eskaturik parte hartu genuen Erromatik, bedera lanekin, bi ikasle lagun gazteok: nihaurk alabaina argitaratu nuen Petite histoire religieuse du Pays Basque eta gai beretik zerbait erran nukeen. (De re publica edo politikaz, Xarriton, P.)

batbedera

Ohart gaitezen bedera-rekin batera batbedera ere badugula euskaraz, baina hori beste zerbait da, “bakoitza” esan nahi baitu:

Egungo adibideak:

  • Batbedera ere, aldez edo moldez, gaixo dagoela. (Erretzaileen erresuma, Jon Alonso)
  • Eta “Big Bang” batean, Arrazoimen horrek izate eta pentsamenduetan batera egiten du eztanda, batetik materia eta bestetik espiritu: materia eta espiritua bat eta bestelako direla, alegia, funtsean biak Arrazoimena baino ez, batbedera bi modutan erakutsita, subjektu eta objektu. (Filosofiako gida, Askoren artean)
  • Emakume bakoitzak haatik uste zuen batbedera zela jokoan ari zen bakarra. (Harreman arriskutsuak, Choderlos de L. / Jon Muñoz)

mila, milioi

Hala ere, mila zenbakitik gora gauzak aldatu egiten dira eta beste eredu baten arabera eraikitzen dira distributiboak:

  • 1.000 → mila bana (*milana)
  • 5.000 → bostna mila (*bost milana)
  • 5.030 → bost mila eta hogeitamarna
  • Gose dagoen jendeak ogia nahi du, ez hitz politak: ba, hobe duzue mila bana lira eman hektarea bakoitzeko, eta kasu horretan interes publikoagatik emango zaio lana jendeari: bestela nik, alkate eta langileriaren buru naizen aldetik, eskuak garbituko ditut. ( On Camillo, Giovannino Guareschi)
  • Lapurdiko bi irrati librerentzat: Radio Bonne Humeur Hazparnekoa eta Lapurdi irratiarentzat bosna mila euroko laguntza erabaki du. (“Departamenduak hartu finantza erabakiak”, Herria)

Ohart gaitezen hortaz mila zenbakiak ezin duela –na atzizki hori hartu. Gauza bera gertatzen zaigu milioi delakoarekin ere:

  • 2.000.000 → bina milioi
  • 1.000.000 → milioi bana

Aditzondoak

Distributiboetatik aditzondoak ere sor daitezke:

  • banaka (banazka, bederazka)
  • binaka (binazka, bidanazka)
  • hirunaka (hirunazka)
  • ehunka edo ehunaka (* ehundaka, espresuki baztertua Hiztegi Batuan)
  • Adibide klasikoak:
    • Ba-al dakizu oso saltalari trebea zaudela? Urrena idiki zion eskua Poliri ta asi zitzaion loreak eskuan jartzen banaka. (Poli, Anabitarte)
    • Edonun ta edonoiz ikusi litezke euskaluri danetako gizaseme ta andrazkoak, banaka, biñaka edo samaldaka, oni ta besteari, aurreko ta albokoari bultza egiñaz, gallurrean ta egalean, elizan ta zelaian bear aña leku idoro eziñik; (Garoa, Aguirre, D.)
    • Ongi etorri! “ Jandarmek besotik hartu eta ereman dituzte banazka oro kanporat. (Zezenak errepublikan, Hiriart-Urruty, J.)
    • Solasa bizi-bizia doako, alde guzietako hitzez betherik, birazka edo hirunazka uztartzen dituela. (Euskal Literaturaz, Lafitte, P.)
    • Orduan benedikatu zituen eta igorri binaska munduaren bastar guzietarat. (San Francizco Asisacoaren hirugarren ordenaco haurriden escu-liburua, Antonio Manuel de Beovide)
  • Gaurko adibideak:
    • Mahai gainean zeuden gutunazalak hartu eta banaka begiratu zien. (Ordaina zor nizun, Joxe Mari Urteaga)
    • Binaka jartzen ditu, iruditzen zaiolako horrela ez daudela hain bakarrik. (Peter Pan, James Matthew Barrie / Julen Gabiria)
    • Batzuk bina edo hirunaka, bestetzuk bakarka. (Kafka Bilbon, Pedro Alberdi)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Distributiboak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3