Erabiltzaile Tresnak


morf:5:3:3:1:14

Esamolde batzuk

Zenbatzaileak erabiliz esaera edo esamolde bereziak sor daitezke. Horrela, adibidez, talde batean baldin bagaude eta talde hori osatzen duten lagunen kopurua aipatzen badugu, honelako esaerak erabiltzen dira euskaraz:

  • Maritxu, Jon eta hirurok joango gara.
  • Zuek eta lauron artean egingo dugu.
  • Karmele eta biok ezkonduko gara.

Hori esaterakoan badakigu lehenengo kasuan hiru lagun garela (Maritxu, Jon eta ni). Bigarrenean ere, lau izango gara (zuek hirurak eta ni, hain zuzen ere). Azkenekoan, berriz, bi lagun gara.

Testu klasikoetan ere aurkituko ditugu honelako esamoldeak:

  • Berak, Jean Magüek eta hirurok erabaki genuen autoak ahal zuen bezain urruti joatea. (Alonso, J)
  • Ozeano Bareko uharteen historia, niretzat, hiru indonesiar adiskidek eta laurok indonesiar Ginea Berriko Jayapura hiriburuko denda batean sartu ginenean izan genuen gertakari batean dago laburbilduta. (Sagarna)
  • Coco eta biak kanoamentura heldu ginenerako, gorila-habitataren kopia txiki-txiki bat zen gela. (Navarro, K.)

Datari lotutako esamoldeak

Datari buruz ari garela, gaur astelehena baldin bada eta hurrengoa nahiz lehengo astelehenaz zerbait esan nahi badugu, forma hau erabiliko dugu: Gaur zortzi, bihar zortzi, heldu den larunbatean zortzi, eta abar. Berdin beste egunekin ere:

  • Hurrengo larunbatean zortzi (horrek esan nahi du hurrengo larunbatean ez, baizik eta hurrengo asteko larunbatean)
  • Atzo zortzi etorri zen Ameriketatik eta bihar hamabost hartuko omen du berriz ere hegazkina.
  • Atzo zortzi, ortzegun goizaldera buruz supituki ohean hila kausitu dute Albert Goinetxe, Donibane-Lohitzuneko jaun medikua; Eskual-herri guziak Donibaneko auzapez bezala ezagutzen zuen gizon kartsua. (Mintzaira, aurpegia, gizon, Hiriart-Urruty, J.)
  • Bai ba, Txorokilletako neskia atzo zortzi ezkondu zan, eta bere gizon gaztiaz ortik ziar ezti-aldia eginda, atzo etorri ziran etxera, ta gaur dauko zanbarradia, senide guztiek bazkari ospetsu bat egiñaz. (Bigarrengo abarrak, "Kirikiño")
  • Gaur zortzi, pilota partida Eibarko Astelenean. (Hizlandia, Aranbarri, I.)
  • Joko ona erakutsi digute eta momentu onean, ezen igandean zortzi izanen dute derbia Avironeko Baionesekin. (“Angelu”, Herria)
  • Baina dakidana da heldu den igandean gure etxen izanen dela. (Bihotzeko mina, Dirassar)
  • Herria-k berak 50 urte beteko ditu heldu den larrazkenian. (Ez da musik, Oxandabaratz)
kakotxa Aroen izenak dire belhartzea, uda, ihartzea edo larazkena eta negua. (Eliçara erabiltceco liburua, Etcheberri (Ziburukoa))kakotxa

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Esamolde batzuk", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3