Erabiltzaile Tresnak


morf:5:3:3:1:2

Izen bereziak eta zenbatzaileak

Lehenago esan dugun bezala, izen bereziak zenbatzaileekin eta zenbatzailerik gabe ager daitezke. Horixe ikusiko dugu atal honetan.

Izen berezia + zenbatzailea

Izen bereziak zenbatzaile gabe ageri dira gehienetan:

  • Axularrek ez luke horrela esango.
  • Altube biziko balitz!

John F. Kennedy, AEBetako 35. presidentea. Erail egin zuten Baina batzuetan bat zenbatzailea har dezakete:

  • Altube bat biziko balitz!
  • Axular batek ez luke horrela esango.

Izenaren atalean aipatzen dira zenbait xehetasun, izenak bestelako zenbatzaileek lagundurik ere ageri baitzaizkigu batzuetan: Mahler bat, zenbat Aramendi, Picasso batzuk… Horrela, bi adibideok erabat onargarriak dira euskaraz:

  • Badakit bi Kennedy tiroz hil zituztela.
  • Badakit bi Kennedyak_ tiroz hil zituztela.

Batzuetan, gainera, behartuta gaude halakoak erabiltzera:

  • Bi Goenaga aurkitu ditut zerrenda honetan, baina ez dakit zein den margolaria eta zein hizkuntzalaria.
  • Bost Maradona baino hobea duzu Goikoetxea.

Adibideak atzo eta gaur

Tradizio handia du erabilera honek, ez da gaurko kontua:

  • Eta haur da azkenekotz ongi erdizkatzea, gaixtoa utzirik, onaren hartzea, Iondone Paulo batek bezala egitea. (Guero, "Axular")
  • Lapurrerija baten justizijak artuten badau bat, sartuten badabe karzelan, gosia iragoten badau, atsakaba onetatik jaso leike biotza Jangoikuagana, ta damu artu Manases batek legez katia artian, ofendidu dabelako Jangoiko ona; (Confesio ona, Moguel, J. A.)
  • Bein karta bat yaso nenunan Caparroso tik, apaizak esan ziela, olako ta olako Ormaetxea bat ba-zala, liburu idazlea. (Kiton arrebarekin, "Orixe")
  • Campion batek […] gorengo izarretaraino goretsi zuen [Arrese Beitia]. (Idazlan guztiak, Mitxelena, K.)

Egungo idazleek ere erabiltzen dute molde hau.

  • Baina, beste aldera, bazen bere baitako erdibideak hausten zekien Mitxelena bat ere: (Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, Iñaki Segurola)
  • Jakina, izanen dira (izaten ahal dira!), tratu pribatu hobeak ere zenbaitetan, pentsatzen baitut, Atxaga batek, esaterako, ongi merezitakoak izango dituela irabaziak, eta ez direla mauka izango harekiko negoziaketak, baina, oro har, horixe du Susaren planteamenduak, besteena ez bezalakoa izatea (nik dakidanez, berriro). (“ Argi dezadan”, Zuzeu)
  • Batasunaren aldeko borrokan, Villasante batek inoiz ez du lotu euskara indenpendentziarekin, ezta beste inolako tesi politikorekin ere (instituzioek zor duten euskararenganako begirunea eta laguntza itxaroteko ez bada). (Hizkuntza, nazioa, estatua, Azurmendi, J.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Izen bereziak eta zenbatzaileak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3