Erabiltzaile Tresnak


morf:5:3:3:1:3

bat, batzuk

Hauek dira bat zenbatzailearen kasu markak:

  • Mugagabea: bat, batek, bati, baten, batentzat, batekin, batez, batean/baten, bateko, batera batetik…
  • Mugatua: bata, batak, batari, bataren, batarentzat, batarekin, bataz, batean, bateko, batera, batetik…

-tzu

Bat zenbatzaitzaileak –tzu pluralgilea har dezake, batzuk kolektiboa sortuz:

  • Oilo batzuk ikusi ditugu etxe inguruan.

Konturatu, hala ere, batzuk ez dela zenbatzaile zehaztua, zehaztu gabea baizik: ez dakigu zehatz-mehatz zenbateko kopuruari egiten dion erreferentzia batzuk honek. Erronkarieraz izan ezik, gainerako euskalki guztietan erabili izan da.

Idazleen artean historikoki bi sistema agertu dira absolutiboa eta ergatiboa bereizteko: batzu/batzuk (absolutiboa) eta batzuk/batzuek (ergatiboa).

Hala ere, egun batzuk/batzuek (absolutiboa/ergatiboa) nagusitu da, forma aldetik gainerako sintagmekin parekatuz horrela1.

  • Venezuelako herri askotan sakabanatuak daude eta horietako batzuk etorri dira Caracasera gaurkoan. (Venezuela, iraultza isilaren hitzak, Aristi, P.)
  • Komiteko arduradunek zubia zeharkatu zuten aldi arraroetan, aurpegi idor batzuek egin zieten harrera. (Hautsi da katea, Elena Touyarou / Martinez de Lezea, T.)

batzuetan

Inesiboan batzuetan izan da erabiliena XVIII. mendeaz geroztik.

  • Orretarako artzen dituzten egunak, batzuetan geiago dira, besteetan gutiago; baña geienean izan oi dira bederatzi; ta orregatik denbor oni deitzen zaio BEDERATZ urruna, edo Nobena. (Euskaldun onaren biziera,Mendiburu, S.)
  • Izakera bat legez jazkera bat daukie: berdea udabarritik udazkeneraño, lañuzkoa edo edur zuriz egiña neguko egun batzuetan. (Kresala, Aguirre, D.)
  • Orra emen zegaitik Marijak, ez bakarrik egiten deuskuzan aspertu baga mesediak, baita bere amodijo andijagaz, Ama baten amodijuagaz: Entzutea ditu gure erreguak, erantzuten deusku bijotzera, eta batzuetan ain geure gozotasun, ta samurtasun andijagaz eze, negarretan urtuten gara. (Marijaren illa, Uriarte)

Hala ere, iparraldeko autoreek batzutan ere erabili izan dute, XVIII. mendera arte batez ere:

  • Zergatik diozu: benturaz bai? Zeren batzutan gerthatzen baita. (Guero, "Axular")
  • Gregorio, Errumeko Aita saindiak eta Elizako laur doktoretarie batek, paubriak barnen eta kanpoan leku orotan ajutatzen eta sustengatzen zutian egun oroz bere mahaiñian, eta bere konpaiñian zoinbat errumes eta pelerin rezebitzen, eta haien artian zoinbat ainguru, eta batzutan aingurien Erregia tratatzen zian. (Arima penitentearen okupazione debotak, Tartas)
  • Batzutan, luzez, luzez otoituz, Zure bihoz gogorra goithuz, Norabait jitez hitz badidazu, Hur ere ger eztadukazu. (O-ten gaztaroa neurtitzetan, Oihenart)

batzuen

Genitiboan, kasu bakanen bat kendurik (Leiçarraga, esaterako, eta ez da sistematikoa) beti batzuen ageri da, ez batzuren.

  • batzuren formak 19 agerraldi baino ez dauzka Euskal Klasikoen Corpusean:
    • Eta harktableta batzuren eskaturik eskriba zezan, zioela, Ioanes da horren izena. (Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria, Leiçarraga)
    • Irri gozorik egiten zuen bere baitan bestearen aurpegi bitxiari eta jenadurari ohartuz, agurra bihurtzen ziolarik; baina laster, Theresarekiko elkar-izketak, edo gehienetan elkarrekin isil egoteak, kanpoko mundu hori ahatz-erazten zion, eta berriz ere biak baizik ez ziren gelditzen, arrotz batzuren artean. (Haur besoetakoa, Mirande)
    • Ba-eguan jauregi atan narrittari bat, eta aldi areitan otturea zan lez, beste zeregin batzuren artian bakaldunari barre eragittia ixaten eban jardunik andijena. (Bertolda eta Bertoldin, "Otxolua")
  • batzuen formak 1026 agerraldi dauzka Euskal Klasikoen Corpusean:
    • Paper txar batzuen truk, nahi dugun guzia hartzen diagu: Huni selauruko bihia, hari sotoko arnoa, berdin behi edo ardi bat. (Sarako lorea, Larzabal, P.)
    • Buru kaskoan, bonet edo kapelu beltx bat, onjo zabala iduri, ile kozkor batzuen gainean. (Supazter xokoan, Barbier)
    • Guziak hasi ziren Moisez errenkuratzen, nahiagoko zuten galdu bere biziak mortuan berean, ezen-ez gudukatu halako gizon izigarriki handi batzuen kontra. (Testamen çaharreco eta berrico historioa, Larreguy)

baten bat

Lehen ere esan dugu, bat zenbatzailearen forma genitiboaren ondotik bat erantsiz “(multzoko) norbait, zenbait” (gutxi, hala ere) adierazten dela:

  • Adiskideren bat ere etorri zen afaltzera.

Adiskide bakarra izan daiteke, edo bizpahiru.

Batzuk ere erabil dezakegu ingurune horrekin, eta orduan “zenbait” adierazi nahi du (Hegoaldean erabilia):

Euskaltzaindiak honetaz

1 Gogoratu Euskaltzaindiaren 12. araua, Bat eta batzuk-en deklinabidea

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "bat, batzuk", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3