Erabiltzaile Tresnak


morf:5:3:3:1:4

bi, eta gainerako zenbatzaileak

bi eta gainerako zenbatzaileez ariko gara atal honetan.

bi

Keinu honek hainbat esanahi izan dezake: "garaipena" edo "bi" Bi zenbatzaileak, bakarrik doanean (zehaztugabeko izenordain gisa erabilia, hortaz), aldaera batzuk ditu: bi, bia, biga eta bida. Aldaera horiek Nafarroako eta ekialdeko euskalkietan ageri direnak:

bia

bi zenbatzailearen erabileraz eta ezaugarriez ariko gara atal honetan.

Batzuetan zehaztua ere ageri da bi:

Izenaren ondotik, zehaztua, erabiltzen dute autore batzuek, eta izenordainaren ondotik ere bai:

  • Orrela zaude, zu, gure Jesus maitagarria, ordu batez, ordu bidaz, ta dezun odol guzia zere biziarekin nere amorez eman artean! (Jesusen amore-nequeei, Mendiburu, S.)
  • Zubira ginenian, oro elgarrengana, presentatzeko lotsa guardiarengana; batek, berak juaiteko hartu zuen plana; gu bida gibeletik beldurrez engana: arribada hunian sartzeko orena. (Bordel bertsularia, Bordel)

Kokagunea

Bi zenbatzailea izenaren eskuinean (mendebalean) edo ezkerrean (euskalki guztietan) erabiltzen da gaur egun: bi andre / andre bi. Testu zaharretan ikusten da eskuinaldean jartzearena hedatuago zela, baina erabilera horrek indarra galdu du mendeetan zehar.

Gainerako zenbatzaileak

Gainerako zenbatzaileak izenaren ezkerrean agertzen dira beti:

  • Herri hartako hauzo aphezak eta konseiluko hiru gizonek erran zutela goraki eta paperean ezarri. (Piarres Adame, Elissamburu, J. B.)
  • Bihotz onez obeditu nahi ez badu, lau edo bortz gizonek makhila mehetto banekin, eman dezotela zurra-aldi bat ona, eta ikhusiko duzu nola sendatuko duen eria!…» (Piarres Adame, Elissamburu, J. B.)

Zenbaki txikienetan

Zenbaki txikienetan hiru modutara adieraz daiteke gutxi gorabeheranzko zenbatasuna:

  • edo sartuz bi zenbatzaileen artean:
    • bi edo hiru, lau edo bost, hiru edo lau…
  • bi zenbatzaile segidan emanez, edo gabe:
    • hiru lau, lau bost, zazpi zortzi…
  • modu markatu batean:
    • bizpahiru, lauzpabost, hiruzpalau, bospasei…

Hona hemen adibide batzuk:

Zenbaki handiagoetan

Zenbaki handiagoek ez dute holakorik onartzen: hogeita bi edo hogeita hiru; hamar edo hamabi porru… Baina horietan ere edo ken daiteke: hogeita bi hogeita hiru; hamar hamabi porru…

Gutxi gorabeherako zenbatasun hori amaieran bat ezarriz ere eman daiteke, edo genitiboa eta beste esamolde batzuk erabiliz: Hamar hamabi bat porru erre genuen; zortzi hamar bat ertzain sartu ziren dantzalekuan; hogeiren bat; hogei bat; hogei lagun hurbil; hamabi hurren bat; hogei lagun inguru; lauretan hogei urte eskas; hogei eta gehiago gizon; ehun eta zenbait ardi…

Ikus adibideak:

  • Klasikoak:
    • Egun batez hamar bat eskualdunek deliberaturik elgarrekin afari ontto bat egin behar ginuela, ilhuntzean joan ginen herriko ostatu pollitenerat. (57a gerlan, Zerbitzari)
    • BAINA, ZEIN POLITO! Atzo gure ontzi gainean egozan bertako lanetarako hor hogeiren bat zorro harriketzaz. (Hau mundu arrano hau, "Batxi")
    • Ta an danok sartu ezin giñalako, andik berrogetamar neurkiñ ingurura egoan ardi txabola txikiago baten irurogei lagun inguru. (Neure lau urteko ibillerak, "Kamiñazpi")
  • Gaurkoak:
    • Lantokian, berrogei-berrogeita hamar bat lagun ezagutu ditut Togas baino doilorragoak berez. (Rock'n'roll, Epaltza A.)
    • Bankuan hogeiren bat bezero zeuden. (India harrigarria, Garate, G.)
    • Bien bitartean, Basaurin ehun auto inguru presondegira hurbildu ziren eta bi buelta eman zituzten. ( Berria)

Zenbatzailea + izen sintagma inesiboa

Zenbatzaile batek mugatutako izen sintagma inesibo kasuan agertzen baldin bada eta noiz galderari erantzuten baldin badio, nahiz eta esanahiz plurala izan, erakuslea singularrez ere har dezake:

  • Azkeneko hamar urte honetan.
  • Ai nire alaba! Bi urte honetan zure amak zer kalbario daraman ez dakizu! (Lore Bat Loitan, Amundarain, A.)
  • Gizon bat hil da; jaun bat, gure departamenduan bizpahiru urte huntan lan onik egin duena, eta zalaparta ederrik erabili, ba eta erabil-arazi. (Mintzaira, aurpegia, gizon, Hiriart-Urruty, J.)
  • Hek egin eta egin arazi dituzte Europan eta Ameriketan, bederen ehun urthe huntan, khonda ahal erreboluzione, eta hek hil arazi dituzte milaka eta milaka gizonak, gerla zibil hetan, berak lekhu segurrean zaudelarik. (Frantziako hirur errepubliken ixtorioa laburzki, Elizanburu, M.)
  • Orai trenka ditzagun bi eztabaida, Frantzia hanitz urte huntan nahasia daukatenak. (Buruchkak, Etchepare, J.)
  • Aldiz Abrahamen alaba hau, hemezortzi urthe huntan satanek estekan zadukana, ez othe zen behar esteka hortarik laxatu larunbat egunarekin? (Duvoisin)

Dena dela, galdera hori non baldin bada (eta ez noiz) komunztadura pluralez eginen da: Azkeneko hiru herri hauetan.

Plurala

Bi zenbatzailetik aurrera plurala ere har dezakete zenbatzaileek:

  • Biak etorri ziren (bi ertzainak etorri ziren)
  • Bostak sartu zitzaizkigun ohartu gabe (Bost ertzainak sartu…)

Bestalde, zenbatzaileek kasu-postposizioak har ditzakete:

  • Hirurak bien kontra.
  • Biak hiruren kontra.

Edo, Lafitte, P.k jartzen duen gisan:

  • Biak ari gara hiruei. (biak hiruren kontra. Mugatua)
  • Biga ari gara hiruri. (bi hiruren kontra. Mugagabea)

Konparazioak

Konparazioetan ere erabiltzen dira zenbatzaileak:

  • Etxe hau hura baino bi aldiz handiagoa da.

Hori da, beharbada, gehien erabiltzen den egitura. Baina horren ondoan bada beste egitura bat ere:

  • Etxe hura beste hau halako bi da.

Bi aldiz handiagoa dela esan nahi du perpaus horrek.

Beraz, konparazioetan gutxienez bi elementu behar ditugu, “etxe hura” eta “etxe hau” gure perpausean. Lehenbiziko elementua absolutiboan dela (genitiboan ere batzuetan, baina aise gutxiago), mugatua nahiz ez, singularra nahiz plurala, halako + zenbatzailea jartzen dugu, eta aditza gero.

Hortaz bi egitura hauek esanahi bera dute:

Maiz konparazio burua agerian egoten da:

  • Oraingo jokalariek aurrekoek halako hogei irabazten dute.

Baina ez da ezinbestekoa:

  • Bost halako handitu da hiria azken mendean.
  • Iaz 4.000 eduro gastatu genuen, baina aurten hiru halako.

Hurrenkeraren eredua hogei halako nahiz halako hogei izan daiteke, adibide guztietan.

Adjektiboekin

Adjektiboekin ere erabiltzen dira horrelako egoerak:

  • Autoa halako bi luze den garagea egin dute etxean.

Perpaus erlatiboekin ere gauza bera:

  • Lehen joaten ziren halako lau joaten da orain mendira.

Zenbatzaileak izendatzea

Zenbatzaileak izendatzerakoan joera dago artikulua eransteko beti:

  • Zein zenbaki da hau: bia ala hirua?

Kasu horretan artikuluarekin batera izendatuko ditugu zenbakiak: bata, bia (baina ez, izendatzeko orduan, bida edo biga), hirua, laua, etab.

Batzuetan artikulua eskatzen dute ezinbestean: 5a (bosta); 6a (seia). Artikulua jarriko diogu halaber zenbatzaileari, izendatu nahi dugun aldioro: Hau bia da; Hau 2a da. Hala eta guztiz ere 0 (zero) zenbakiarekin erabiltzen ditugun bi joerak ontzat eman daitezke: huts eta zero, kontuan hartuz, hala ere, beste zenbakiekiko paralelismoa ongi zaindu beharko dugula: Hauek bia, hirua edo hutsa (edo zeroa) dira; Nire telefonoa lau, bi, sei, zazpi, huts (edo zero) (eta) sei dut. Matematiketan gehiago erabiltzen da zero, huts baino. Esan nahi da, huts eta zero-ri artikulua erantsiko diegu, testuinguru horretan beste zenbakiren bat jarriz gero, azken horri ere artikulua eransten badiogu; bestela, ez.

zenbakia + -ko + -a

Bateko urrea oso karta garrantzitsua da Batzuetan [zenbakia + ko + a] sistema erabiltzen dugu: batekoa; bikoa; hirukoa; laukoa, eta abar. Kartetan ari garelarik, adibidez, honela izendatzen ditugu: Bateko urrea; Seiko ezpata, eta abar.

Zenbatzaile kardinalak eta zenbaki naturalak

Zenbatzaile kardinal hauek ematen diete izena zenbaki naturalei:

  • Telefono zenbakia bederatzian bukatzen da.

Adibide horretan bederatzian hori izena da. Argiago ikusten da beste honetan, beharbada:

  • Marrazki hori hirua da.

Marrazki hori etxea da esaten dugunean etxea izena den bezala, goiko horretan hirua izena da. Zenbaki izen hauek zenbatzaileak izendatzen dituztenez gero, arrunta da honelakoak esatea:

  • Atzoko zozketan lau aldiz atera zen seia.
  • Atxikitzen ahal dituzu hor nahi dituzun zortzi guztiak.
  • Horrek badu zazpi baten antz handia.

Testuinguru batzuetan izen bereziekin asimila daitezke:

  • Bi gehi bi lau da. (ez da esaten laua da)
  • Lau bider zortzi hogeita zortzi da.

Artikulu gabe ematen ditugu. Beste batzuetan, ordea, izen arruntekin asimilatzen dira:

  • Bederatzia ez da nire gustuko zenbakia.
  • Zazpi honi bi gehituz gero bederatzi ateratzen zaigu.

Hor, zazpi zenbatzailea ez bezala, bi zenbatzailea izen berezi batekin asimila daiteke, baina izen arruntarekin, ordea, beste honetan:

  • Zazpi honi beste bi gehituz gero bederatzi ateratzen zaigu.

Ikus zerorekin zer gertatzen den:

  • Etxe hau zero euro kostatu zaio.

Adibide horretan zero zenbatzailea da, baina zerotik hasi, zeroan bukatu… bezalako esapideetan izen arruntekin asimilatzen da.

zenbakiak + -kote

Zenbakiei -kote atzizkia gaineratuz, beste izen batzuk sortzen ditugu. Morfologiako atalean ikusi dugu –kote atzizkia handigarria dela eta izen bati erantsirik mutiko, zezenkote, gizonkote eta antzeko izenak sortzen direla. Hemen, ordea, ez gara horretaz ari. -kote atzizkia zenbatzaile zehaztu bati erantsirik izenak sortzeaz ari gara: bikote, hiruko, laukote, eta abar. Erabiliena, zalantza gabe, bikote da, egun guztiz hedatua:

  • Ez zegoen jarrera horretan bikote gisa inor lotzeko intentziorik, gero kasualitateak halaxe nahi izan bazuen ere. (Romain zen bere izena, Joxean Agirre)
  • Oso bikote bitxia osatzen duzue zure txakurrak eta zuk. (Larunbatak, Arretxe, J.)
  • Sartu ginenean, argazkilaria bikote gazte bat artatzen ari zen. (Neguko zirkua, Cano, H.)


Zaldi bikotea Tradizioan, ez horrenbeste, XX. mendeko Hegoaldeko idazleek erabiltzen dute: Orixe, Erkiaga, Labaien, Barrensoro, Etxaniz…

  • Baño, ixo! pake, itzalpean dauden bikote maitaleentzat! (Mireio, "Orixe")
  • Batera eta bestera zioazten bidaztiak, bakartiak, biñakoak, saldozkoak, etzioten geienbat jaramonik egiten an eserlekuetan gauero maitaketan aritzen ziran bikote pinpirrinduai. (Araibar zalduna, Erkiaga, E.)
  • A zer nolako bikote dotorea. (Jokua ez da errenta, Labaien, A. M.)
  • Gure aurrean bikote bat zijoak. (Gazigozoak, "Barrensoro")
  • Ori bide zuzena! Ta urrutiago datorren beste bikote ua? Ene! oixen da arritzeko bilquna! Ille zuria batek buruan ta besteak berriz ume-irria arpegian. (Arraldea, Etxaniz, N.)
  • Egiazko biziduna bikoteaz osatzen baita, eta bikote hori ez da oraindik oso, harik eta emankor izan dadin artio. (Villasante)

Hirukotek lekukotasun gutxiago ditu: Villasante, Etxegarai, Mitxelena…

  • Aristoteles, irukote aundi ura. (Kristau fedearen sustraiak. I. Jainkoa., Villasante)
  • Etorki bereko bikoteak (hirukoteak, etc.) maiz ditugulako (arima / anima, goilare / kutxare, kanpae / kanpana, zeinu / sinu, etc.) (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
  • Irunaka joaten ziran: irukote bakoitzean apaiz bat eta bi oraindik etziranak. (Gure patroi aundia. Aita San Inazio'ren bizitza, Ignacio Manzisidor)

Hortik aurrerako izenak (laukote, boskote…) askoz ere bakanago ageri dira. Ikus adibide batzuk:

  • Laukote onek iñoren
    kejarikan eztu. (“Basarri - Uztapide” Berrehun Urtez Bertsotan)
  • Laukote zelebrea. (Beti bertsoa buruan, Insausti)

Aldien zenbatasuna

Aldien zenbatasuna ere zenbakien bidez adierazten dugu: Behin; Bi aldiz, bider, bitan, bi bider, birritan; Hiru aldiz, hirutan…

  • Adibide klasikoak:
  • Gaurko adibideak:
    • Handik atera, eta Pedriñoren mahai gainean zegoen paper-zulagailuaz behin eta birritan erasotu ondoren, paperontzira bota zuen. (Odolbildua, Josu Landa)
    • Milurteko honetan lau aldiz banandu dute Polonia potentzia handien artean. (Europako mugetan barrena, Jimenez, E.)
    • Bitan pentsatu gabe, atzetik abiatu zen Leonor. (Egurra Pinotxori, Aritz Gorrotxategi)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "bi, eta gainerako zenbatzaileak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3