Erabiltzaile Tresnak


morf:5:3:3:1:7

Orduak nola eman euskaraz

Orduak adierazteko sistemek bide bat baino gehiago erautsi dute euskaraz, eta maiz zalantzak sortu izan dira:

  • zeri erantsi behar zaio artikulua? eta plural marka? zazpiak eta laurdenak ala zazpiak eta laurden?
  • kasu marka nola? hamarrak eta hogeitan ala hamarrak eta hogeian?
  • komunztadura nola egin? ordu bata eta hamar da ala ordu batak eta hamar dira?

Horiek guztiak ikusiko ditugu atal honetan. Dena den, ikus Euskaltzaindiaren 35. araua, Orduak nola esan, gai honen inguruko argibide gehiago jasotzeko.

Ordu osoa

Tradizioa eta literaturako erabilera kontuan hartuz, orduaren berri emateko, orduaren zenbakia ematen da, plural markarekin:

  • […]bederatziak aldian juan zen Bernardatxo berriz ere arkaitzera; (Ama Birjiñaren agertziak, Goñi, F.)
  • Eta gero ni ganaduen moldatzeko ta lanak egitera etorri nintzen bostak aldean, bazkalduta. (Ahal dena, Treku, M.)
  • Goizeko zortziak hirian, Larreko Gurutzetik jautsia, orga-bide edo inta pullit bati behera heldu zen orai proesionea, kartierean sartzen ari. (Supazter xokoan, Barbier)

Iparraldean arrunta da oren hitza gaineratzea (eta Hegoaldean autore batzuek ordu ere ibiltzen dute, baina gutxitan):

Ordu bata-ren kasuan, Bizkaialdean ordu batak dira nagusitzen ari dela dirudi; Erdialdean eta Ekialdean ordu bata / oren bata da. Tradizioan ere Azkuek, Arrese Beitiak, Kirikiñok… ordu batak erabiltzen dute. Aldiz, Anabitartek, Izetak, Orixek, Txirritak… ordu bata erabiltzen dute.

  • ordu batak
    • Guk, goizerdian artzeko, zerbait sakeletan daroagu, baia mendiak gosea berea dau ta bizkor-bizkor zu ibili, ordu batak-inguruan Yata-ganera eltzeko alegiñak egin. (Latsibi, Azkue, R. M.)
    • Onen bestegaz urten egin zan kalera, Ordu batak jotean, sartu bearrera; Eta mutu egiñik geratu zirean, Juan eta Juana berriz maian suetean; (Ama euskeriaren liburu kantaria, Arrese Beitia)
    • Abadiak eta Alkatiak emakume bat bidaldu eben, gabeko ordu batak baño bakarrago eguan errukarrija zaindu egijan. (Abarrak, "Kirikiño")
  • ordu bata
    • Gaueko ordu bata zan. (Usauri, Anabitarte)
    • Goizeko ordu bata bazen Franzis eta Mayi etxeratu orduko. (Dirua galgarri, Izeta)
    • Onetan, erlojuak eguerdi-osteko ordu bata yo eban, eta etxe baten aurrera eldu giñan. (Tormes-ko itsu-mutila, "Orixe")
    • Billera dago Aularre deitzen diyoten etxe batian, asi gabeko amarretan da ordu bata bitartian; zazpi mutil da lau neskatx gazte danak dirade partian, itz-bire ederrak jarri dituzte aurten da juan dan urtian. (Bertso jarri guztiak, Txirrita)

Gaurko idazleen artean bietarik aurkituko dugu, baina aise gehiago ordu bata forma, ordu batak baino:

  • Ordu batak aldera Iturbideren bulegotik gertu zebilen. (Denak du bere prezioa, Mintegi, M. A.)
  • Behin goizeko ordu batak eta erditan etxeratzen nintzela, ttuku-ttuku, gertakari harrigarri baten lekuko izan nintzela aitortzea zilegi bekit: bidearen betean, liburuetan sekula ikusia ez nuen izengabeko kabala bat zegoen. (% 100 basque, Borda, I.)
  • Ordua, ordu batak eta bost. (Etorkizuna, Zaldua I.)
  • Ordu bata hiru minutu guti. (Rock'n'roll, Epaltza A.)
  • Konturatzerako ordu bata eta erdiak ziren. ( Gloria Mundi, Morillo, F.)
  • Horrela bada, ordu bata arte irakurtzen egon ondoren, leiho zabalduaren ondoan esertzera joan naiz, bekokia eta pentsamendua iluntasuneko haize barean freskatu ahal izateko. (Fantasiazko ipuinak, Guy de Maupassant / Josu Zabaleta)
  • New Yorken, ordu bata eta erdiak. (Jeans-ak hozkailuan, Zubizarreta, P.)
  • Ordu bata arte baliatuko zaizu zinta. (Soinujolearen semea, Atxaga)

Oren batak eta oren bata ere aurkituko ditugu:

  • Dena adostua genuen bezala egin genuen; eta bizkondesa oren batak inguruan heldu zen nire gelara. (Harreman arriskutsuak, Choderlos de L. / Jon Muñoz)
  • Oren bata, oren bata eta erdi… eta beraz, zazpiretan berriak entzun edo berdin goizago eta… altxa. (% 100 basque, Borda, I.)
  • “Ixtantean oren bata, bero gaitza egin behar dik, egun ere”. (Santiago oinez, Aintziart, P.)
  • Goizeko oren bata edo biak dira. (Alemaniara deportatua, Grégoire Joannateguy / Marzel Etxehandi)

Ordu erdia

Erdia adierazteko bi joera nagusi daude:

  • Hegoaldean artikulua eta plural marka erdi osagaiari eransten zaizkio. Askotan t' erabiliz eta-ren ordez (baturako eta osorik aukeratu da holakoetan). Iparraldean arrunta da orenak hitza erabiltzea, eta plural marka orduari ere eransten zaio (ez beti):

Euskararen Herri Hizkeren Atlaserako egin diren galdeketetan ere, Iparraldean, erantzun nagusia lauak eta erdiak da, baina horren ondoan lauak eta erdia, eta bakanago lau eta erdiak ere aurkitu dira.

  • Igande goizalderat, lauak eta erdiak irian, lurra guti aski ikaratu da Hendaiakoalde hortan bai eta Nafarroan gaindi. (Herria, 2001-11-01)Euskararen Herri Hizkeren Atlasa
  • Lau eta erdiak: abiatu beharko, 14 kilometro xuxen gelditzen baitzaizkit egiteko. (Santiago oinez, Aintziart, P.)
  • Bat bi hiru lau, bat bi hiru lau, lau eta erdiak, klaska! Ene atean, promenade! (Bakartasunaz bi hitz, Bidart, F.)

Ordu laurden

Ordu osotik 15 minutu igaro direla esateko, eta laurden egitura erabiltzen dugu. Zalantza nagusia bada artikulua orduari eta laurdenari, biei, erantsi ala laurdenari bakarrik erantsi, ikus dezagun nola jokatu duten gure idazleek.

Adibide gutxi dago tradizioan honi buruz. Iparraldean joera da seiak eta laurden egituraren parekoak erabiltzea, hau da, zenbatzaileak pluralean artikuluarekin eta ondoren laurden hitza, artikulu gabe, dagozkion postposizio markekin:

  • Bi orenen ingurua iraun du histasun horrek; arratsaldeko hiruak eta laurdenetarik, bortzak eta laurden iri arte. (Zezenak errepublikan, Hiriart-Urruty, J.)
  • Beransko izana gatik - zortziak eta laurden da - itsas-mainu baten hartzeko, ene lagunek nahi dute egin legartzarako itzuli bat bederen. (Beribilez, Etchepare, J.)

Egungo idazleen joera bostak eta laurden-en eredukoa da:

  • Bostak eta laurdenetan Bep etorri den arte ez naiz behera joan. (Anne Franken egunkaria, Anne Frank / Josu Zabaleta)
  • Asteburu libre baten bezpera, zortziak eta laurden jo gabe eta dagoeneko etxeko atariaren pean. (Rock'n'roll, Epaltza A.)
  • -Hirurak eta laurden dira, gero eta aukera gutxiago dauzkagu, honezkero itxi dituzte leku asko… (Urregilearen orduak, Aristi, P.)
  • Zazpiak, zazpiak eta laurden, zazpiak eta erdiak. (Ostiralak, Arretxe, J.)
  • Goizeko seiak eta laurden. (Anaiaren azken hitza, Landart, D.)
  • Bostak eta laurden ziren ate handiaren gaineko erloian. (Alemaniara deportatua, Gregoire Joannateguy / Marzel Etxehandi)
  • Baina nik uste baino lehenago deitu naute: seiak eta laurden. (Labartzari agur, "Txillardegi")
  • Hirurak eta laurden arte poteoan ibili gara Iñaki eta biok, Donostiako Parte Zaharreko pintxorik onenen ehizan. (Gezurrak, gezurrak, gezurrak, Zaldua I.)

Baina besterik ere bada:

  • Bostak eta laurdenak arte patatak ez dira behar zuten lekura iritsi: ordubete, bila joan naizenetik. (Anne Franken egunkaria, Anne Frank / Josu Zabaleta. Gorago esan dugu autore berak ordu bata arte erabiltzen duela: Horrela bada, ordu bata arte irakurtzen egon ondoren, leiho zabalduaren ondoan esertzera joan naiz, bekokia eta pentsamendua iluntasuneko haize barean freskatu ahal izateko. (Fantasiazko ipuinak, Guy de Maupassant / Josu Zabaleta)
  • Ordubatak eta laurden: banaketa nagusia hasten da. (Anne Franken egunkaria, Anne Frank / Josu Zabaleta)

gutxi

Hurrengo orduko zenbat falta den adierazteko, gehienetan gutxi erabiltzen da (edo dituen aldaerak: guti, gitxi…):

  • Egintxe duelarik badoa orenari behatzera: “Eguerdi laurden guti! Ba, hek hunarat orduko. (Ixtorio-mixterio, Barbier)
  • Otoa ebatsi diote bere etxe aintzinetik, hamekak laurden gutitan. (Roxali, Larzabal, P.)
  • Zenbat bide dagon, ez dakit; bañan, eguardiko amabiak laurden gutxitan illargitik praille bat botako baluteke, eguardiko amabi-amabietan erretore etxean bazkari-zai egongo litzake. (Pernando Amezketarra, Mujika, G.)
  • Batek goizeko bostetan eramango ninduala abindu zidan, eta bostak laurden gutxitako pronto nengoela joan egin da. (Aprika-ko basamortuan, Anabitarte)

Hala ere, gutxiago ere erabiltzen da, batez ere Hegoaldean:

Atlasean egindako galdeketek ere antzeko zerbait erakusten dute: gut(x)i Iparraldean erabiltzen dela eta gutxiago Hegoaldean.

Komunztadura

Komunztadurari dagokionez, ordu bata da esaten da, komunztadura singularrean eginez. Baina gainerakoetan, pluralean egiten da komunztadura: hirurak dira, laurak dira….

Hain zuzen ere, ordu batari zerbait, “x minutu” gaineratzen diogunean sortzen dira zalantzak: ordu bata eta hogei da / ordu batak eta hogei dira… Tradizioan ez da lekukotasunik ikusten, eta gaurko idazleen artean ere ez dugu adibide asko aurkitu.

Ereduzko Prosa Gaur corpusean adibide hauek daude ordu bata eta erdia egiturarekin:

  • Konturatzerako ordu bata eta erdiak ziren. (Gloria mundi, Morillo, F.)
  • PøDø: loak hartu ezinik, goizaldeko ordu bata eta erdiak diren honetan dendako atea zabaldu, eta kanporantza begira egon naiz; hori dela eta, azkenean jakin ahal izan dut Danek non egiten duen lo: furgonetako ekipaje tokira igoa, hor, zerupean. (Jeans-ak hozkailuan, Zubizarreta, P.)
  • Oinetakoak kendu eta alfonbraren bazter batean uzten ari zela, pendulu erlojuak ordu bata eta erdia jo zuen tinbre garbi-garbiarekin; laborrian itzuli zen alde hartara, eta ez zen ausartu gehiago mugitzen. (Parisen sabela, Emile Zola / Zabala, K.)
  • Ordu bata eta erdiak dira. (Goragalea, Jean Paul Sartre / Monika Etxebarria)

Euskaltzaindiaren erabakia

Egungo aldaketek eta egunero ikusten ditugun pantaila, tresna elektroniko, abisu eta gainerakoetan, sistema berriak ezarri dira: 20:43; 15:30, eta abar. Nola eman hori euskaraz (batzuetan kasu postposizioak hartu behar dituzte), hori arautzeko inolako tradiziorik ez bada?

Hori guztia kontuan izanik, Euskaltzaindiak aukera bat egin zuen eta hauek dira eman dituen jarraibide nagusiak1:

  • Orduak honela ematen dira: ordu bata, ordu biak, hirurak, laurak, bostak, seiak, zazpiak, e.a. Ordu hitzaren ordez oren ere erabil daiteke: oren bata, bi orenak / biak, hirurak, e.a. Postposizioekin: ordu batean, bietan / ordu bietan / bi orenetan, hiruretan, e.a.
  • Erdia honela adierazten da: ordu bat eta erdiak (*ordu bata eta erdiak), ordu bi eta erdiak, hiru eta erdiak, bost eta erdiak, ordu bat eta erdietan, ordu bi eta erdietan, hiru eta erdietan, bost eta erdietan, e.a. Gauza bera oren hitzarekin.
  • Laurdena honela adierazten da: ordu bat eta laurdenak, oren / ordu bata eta laurden, ordu bi eta laurdenak, oren / ordu biak eta laurden, hirurak eta laurden, hiru eta laurdenak, hirurak eta laurdenetan, hiru eta laurdenetan, bostak laurden gutxi(ago), e.a.
  • Minutuak: hamarrak hamar gutxi, hamarrak hamar gutxiago, hamarrak hamar gutxitan, hamarrak hamar gutxiagotan, seiak eta bostean, laurak eta hogeian, hirurak eta hemezortzian, e.a.
  • Zifretan ematen direnean, bi punturekin bereizten dira orduak eta minutuak, eta bakoitzeko bi zifra erabili behar dira beti: 00:12, 12:10, 09:25, e.a. Postposizioak hartzean, orduei plurala erantsi behar zaie, eta minutuei singular marka, dagozkien lotura bokalekin: 15:00etan, 15:03an, 15:04an, 15:30ean, e.a. Irakurtzeko orduan hobe da, hala ere, honela irakurtzea: hiruretan, hirurak eta hiruan, e.a. Erabilera formaletan ontzat ematen dira, dena den, hamabostak eta bostean, hamabostak eta hamabostean, e.a.
  • Egitarau, kartel eta horrelakoetan ez dago eragozpenik erdiko bidea hartzeko: arratsaldeko 5etan, goizeko 11,30etan, iluntzeko 8etatik 11k arte, arratsaldeko 3etatik gaueko 12ak arte, e.a.

Konturatzen garenez, lehen adierazi bezala, orduetan hirur eta laur aldaera zaharrak gorde ditugu zerbait atxikiz gero: hirurak, hiruretan, lauretatik…, bestela hiru eta lau.

Euskaltzaindiak honetaz

1 Ikus Euskaltzaindiaren 35. araua, Orduak nola esan

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Orduak nola eman euskaraz", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3