Erabiltzaile Tresnak


morf:5:3:3:1:8

Urteak eta data

Urteak eta data euskaraz nola ematen diren ikusiko dugu atal honetan. Gogoratu, Euskaltzaindiak 37. araua eman zuela, Data nola adierazi. Hauxe litzateke arau horren laburpena:

data euskaraz
Durango(n), 1995eko martxoaren 7a(n)
1995/03/07; 1995-03-27; 1995/III/07; 1995-III-27
1993-11-23ko bilera agiriak dioenez…
gaur, urtarrilak 20,…
*otsailak 20 egin zuten bilera

Urteak aipatzea

Urteak aipatzen ditugunean ez da beharrezko –a eranstea. Honela, 1813 urtea, adibidez, modu hauetara esan daiteke, nahiz eta erabiliena lehenengoa izan:

  • 1813: mila zortziehun eta hamahiru (bakarrik agertzen denean)
  • 1813a: mila zortziehun eta hamahirua (perpaus baten barnean)
  • 1813.a: mila zortziehun eta hamahirugarrena

Data osoa

Data oso-osorik jartzen dugunean, urtea adierazten duen zifrari –ko erantsiko zaio, -en hilabeteei eta –a egunari:

  • 1983ko martxoaren 7a.

Inesiboa ere erabiltzen da:

  • 1983ko martxoaren 7an.

Data eta tokia

Eta tokia aipatu nahi bada, berdin, tokia aipa daiteke besterik gabe, edo guztia inesiboan emanez:

  • Durango, 1983ko martxoaren 7a.
  • Durangon, 1983ko martxoaren 7an.

Baina ez da komeni biak nahastea:

  • ?Durangon, 1983ko martxoaren 7a.
  • ?Durango, 1983ko martxoaren 7an.

Ez dira gomendagarriak erabilera horiek.

Zenbaki hutsekin

Zenbakiak bakarrik erabili nahi badira, sistema bat baino gehiago ikusten dira:

  • 1983/03/07
  • 1983.03.07
  • 1983/III/07
  • 1983-03-07
  • 1983-III-07…

Jakina, 1983/03/07ko egunkarian ikusi nuen gisako esaldiak ere erabiltzen dira.

Hilabetea eta eguna

Hilabetea eta eguna bakarrik adierazi nahi direnean, bi aukera ditugu:

  • urtarrilaren 20a
  • urtarrilak 20

Hala ere, ez dira beti biak aukeran izaten. Urtarrilak 20 egitura kasu postposizio agerikorik eskatzen ez duenean erabil daiteke, beste zerbaiten aposizioan doanean, esaterako: Datorren ostegunean, urtarrilak 20, bilduko da epaimahaia. “Urtarrilak 20 egun dituela” edo horren antzeko egituraren laburpena da, azken batean. Esapide hori oso praktikoa izan daiteke karteletan eta erabiltzeko:

  • Elizondo, ekainak 4.
  • Elizondon, ekainaren 4an.

Baina postposizio atxiki bat ezarri behar zaionean, ezin dugu egitura hori erabili. Okerrak dira, beraz, ondokoak:

  • *Hilak 20 eta 27an, bestalde, Txotxongilo taldeak txikienentzako Erreka Mari eta Altxor bat patrikan emango du.
  • *Otsailak 24tik 27 arte izango da ikastaroa.
  • *Datorren otsailak 14 egingo dugu bilera.

Honela behar lukete horiek:

  • Hilaren 20an eta 27an…
  • Otsailaren 24tik 27(a) arte…
  • Datorren otsailaren 14an…

Honek guztiak testuan zehar urtea, hilabetea eta eguna adierazi nahi denerako ere balio du, jakina. Goian aipatu ditugun aukeretatik forma bakarra geratzen zaigu orduan:

  • 1993ko martxoaren 7a egun handia izango da guztiontzat.
  • Jardunaldiak Bilbon, 1994ko urtarrilaren 5etik 7ra izango dira.

Hileko lehen eguna

Hilaren lehenbiziko eguna bi modutara irakur daiteke:

  • martxoaren 1a
  • martxoaren lehena (edo martxoaren lehenbizikoan / lehenbiziko egunean etorriko dira).

Tradizioan ez dago adibide asko: gehienak (holakoak bai badira) astearen lehen egunetan; hilabetearen lehen egunetan… eta gisa horretakoak dira.

  • Adibide klasikoak:
    • Lehenbiziko hilabetheko lehen egunean, lekhukotasuneko tabernaklea jarriko duzu. Beraz bigarren urtheko lehenbiziko hilabethean, hilaren lehen egunean, jarria izatu zen tabernaklea. (Biblia Saindua I, Duvoisin)
    • […]eta urak xumetuaz zihoazen lehen baño lehenago hamargarren illhabeteraño, eta hamargarren illhabeteko lehen egunean mendi puntak agertu izan ziren. (Ethorkia eta Ilkhitzea, Urte)
    • Eta guziz goiz astearen lehen egunean ethorten dirade monumentera, iguzkia ia ilki zenean 3 Eta erraiten zuten elkarren artean, Nork aldaraturen drauku harria monument borthatik? (Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria, Leiçarraga)
  • Gaurko adibideak:
    • Urtarrilaren lehen eguna nolako, urtarrila bera halako. (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)
    • Frantziako hegoaldeko zenbait aldetan, abenduaren lehen egunean, San Joan Kaleko gazte jendea hiritik irten makilaz armatua, eta aurrena txepetxa harrapatzen zuena errege izendatzen zuten. (Harrizko pareta erdiurratuak, Perurena, P.)

Aposizioak

Aposizioetan, hiru modutara eman daiteke asteko zein egun den:

  • martxoaren 7an, osteguna / ostegunean / ostegunarekin.

Tradizioan ere horrela erabili da:

  • Garagarrillaren 12-an, igandearekin tokatu zan bere gorputza kanposantura eramatea, eta egundoko jende-pilla zan. (Neronek tirako nizkin, Salaberria, S.)
  • Illek ogei ta amar astelenarekin, txerria ilko degu guk egun orrekin; pakean afaltzean tripuliñarekin, Brindo! egiñen dugu pattar goxoakin. (Kontu eta bersoak, Astiz, A.)

Egun ere badaude adibideak:

  • Gaur, astelehenarekin, 7: 30 etatik zegoen bere Zuzendaritzari aterpe ematen dion eraikinaren atariaren ondoan. (Lasto sua, Epaltza A.)
  • Kantuz hastera doa
    Ahetzetik Mattin
    Agorrilain zortzian,
    igandearekin. (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)
  • 1586an, ekainaren 21eko arratsalde apalean, Pincio muinoko bere etxean, Erroman hil zen, larunbatarekin, Martin Azpilkueta, Doktor Nafarra deitua. (Enkiridion, Azpilkueta, M. / Xarriton, P.)

Horrenbestez, azken bolada honetan asko hedatu den arren, ez da egokia ondorengo moldea:

  • *martxoaren 7an, ostegunez, ezkonduko dira.

Adina

Adina zenbakien bidez ematen dugu:

  • hogei urteko neska
  • amar urteko mutila
  • bost hilabeteko haurra…

Iparraldean batetako ere erabiltzen dute idazle batzuek. Urte batekoa delarik, honela eman daiteke:

  • urteko haurra
  • urte bateko haurra
  • urtebeteko haurra

Tradizioan ere holakoak erabili izan dira:

  • Eta eskeñiko dio Jaunari bere doaña, urtebeteko bildots mantxa gabeko bat holokaustoan, eta urte beteko ardi mantxa gabeko bat bekatua gatik, eta ari mantxa gabeko bat, doañ paketsutzat. (Biblia I, Uriarte)
  • Ordea nola hastean baitzen malizia gabe, urthe batetako haurraren pare, eta egoitza hartan iraun baitzuen bi urthez, eta ez gehiago: (Guero, "Axular")
  • Esku ttipiño batzu zituen, hamabi urteko haur baten erhiak, dena hezurra. (Mendekoste gereziak, Etchepare Landerretxe, J.)
  • Eta ideki zuen bere diruko khutxa eta armadari eman zioen urthe bateko soldata; eta manatu zioeten egon zitezen zertara nahi abian. (Biblia Saindua II, Duvoisin)

Euskaltzaindiak honetaz

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Urteak eta data", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3