Erabiltzaile Tresnak


morf:5:3:3:1:9

Frakzioak eta kalkulu eragiketak

Frakzioak zenbakien bidez adierazten direnez gero, atal honetan aztertuko ditugu.

"bat" zenbatzailearekin

bat zenbatzailea daramaten frakzioak hauek izan daitezke:Euskal Herriko pilotalekuetan apustu asko egiten dira eta diru asko egoten da jokoan

  • 1/2 (erdi)
  • 1/3 (heren)
  • 1/4 (laurden)

Honela erabiliko ditugu: ordu erdia, gazta erdia, ordu laurdena, etab. Edo Hiru miloi laurden galdu zituen pilotalekuan (750.000 euro) esango dugu.

"bost" zenbatzailetik gora

Bost zenbatzailetik gora, hainbat bide dauzkagu frakzio hauek adierazteko. Esaterako, 7/10 frakzioak irakurketa hauek guztiak izan ditzake:

  • Zazpi hamarren (erabiliena)
  • Hamarretik zazpi
  • Hamarretatik zazpi
  • Hamarretarik zazpi
  • Hamarreko zazpi

Antzera gertatzen zaigu 2/5 frakzioarekin ere:

  • bi bosten (zientzietan erabiliena)
  • bostetik bi
  • bostetatik bi
  • bostetarik bi
  • bosteko bi

Portzentaiak

Portzentaien kasuan honela egiten dugu:

  • %5 (ehuneko bost irakurriko da)

Ehunen eta milaren erabil daitezke centésima/centième eta milésima (millième) adierazteko.

Gogoratu, bestalde, Zalantzen txokoan ehunekoen idazkeraren inguruan jasotako jarraibide hauek 1:

  • Ehunekoa digitoz idazten da, % sinboloaren eskuin aldean kopuru zehatza emanez eta bien artean hutsune bat utziz: % 5, % 12…
  • % sinboloaren euskal izena ehuneko da. Hortaz, ehunetik, ehunetarik eta gisako hitzak letraz letra baizik ezin dira idatzi.
  • Ehunekoa deklinatzeko, % sinboloaren eskuinean digitoz adierazitako zenbakia deklinatu behar da, kasuan kasuko atzizkia erantsiz marratxorik gabe:
    • Ekonomia % 1 haziko dela aurreikusi du Jaurlaritzak. % 2ko aurreikuspena egina zuen urte hasieran.
    • Euskaraz gauza bat zenbat hazi den galdetzen dugu, ez zenbatean hazi den. Horrenbestez, honela emango dira ondokoak:
    • Langabezia % 5 hazi da Espainian.
    • *Langabezia % 5ean hazi da Espainian.
  • Ehunekoa zenbat hitzaren ereduan deklinatzen da eta, beraz, mugagabean jokatzen da;
    • Ikasleen % 15 etorri da eskolara greba egunean.
    • *Ikasleen %15a etorri da eskolara greba egunean.
  • Salbuespen bakarra dago ehunekoa mugatuan jokatzeko: aurretik emandako ehuneko kopuruaren osagarri denean hain zuzen ere. Esaterako, aurretik gainerako edo beste baldin badute:
    • Botoen % 80 EAJk eskuratu du. Gainerako % 20a EHBilduk.
    • Herritarren % 50 atez ateko zabor bilketaren alde dago. Beste % 50a kontra.
  • Ehunekoak singularrean egiten du aditzaren komunztadura.
    • Langileen % 5ek baiezkoa eman du.
    • Herritarren % 7k bozkatu du.
  • Gerta liteke zenbaitetan pluraleko erreferenteak berera ekartzea komunztadura.
    • Korrikalarien % 45ek denbora-muga gainditu du/duzue.
  • Ehunekoa dagokion hitzaren ondoren idatzi behar da % sinboloa.
    • Botoen % 60 eskuratu du hautagaiak.
    • * % 60 boto eskuratu du hautagaiak.
  • Beste hauek zuzenak dira:
    • Ehunetik (ehunetarik) 48 boto lortu ditu.
    • % 2,2 igo da KPIa.
    • % 4,8 hazi da BPGa.

erdia

Dena dela, ongi berezi behar ditugu itxuraz oso antzeko direla irudi dezaketen espresio hauek:

  • Liburu erdia irakurri zuen / Liburuaren erdia irakurri zuen

Bietan liburu baten erdia irakurri dela adierazi nahi da. Ez, ordea, hurrengo kasu honetan:

  • Liburuen erdiak irakurri zituen.

Adibide horretan, liburu multzo batetik, multzo horren erdia edo irakurri duela adierazi nahi da. Ideia hau beste modu batzuetara ere eman daiteke:

  • Liburuetatik erdiak irakurri zituen.
  • Liburuetarik erdiak irakurri zituen.
  • Libururik erdiak irakurri zituen.

Hala ere, liburu erdiak irakurri zituen baldin badiogu, beste zerbait adierazi nahi dela dirudi: liburuak erdizka irakurri zituela, liburu bakoitzaren erdiraino baizik ez zela iritsi. Ikus beste zenbait adibide:

  • Ganbaran dauzkagun sagarretatik erdiak usteldu egin zaizkigu.
  • Euskararentzat diren diruetatik erdiak Bilbo aldetik, euskara ez dakitenen eskuetatik, datoz.
  • Ahopean esaten ditu berbarik erdiak.
  • lotan ematen ditu ordurik erdiak.

Kalkulu eragiketak

Kalkuluan erabiltzen ditugun eragiketak honela irakurtzen dira:

  • Gehiketa:
    • 5 gehi 5 berdin 10 (5+5=10)
  • Kenketa: 3 ken 1 berdin 2 (3-1=2)
  • Biderketa:
    • 4 bider 3 berdin 12 (4×3=12)
  • Zatiketa:
    • 4 zati 2 berdin 2 (4:2=2)

Plus (+) eta minus (-) zenbakiaren positibotasuna eta negatibotasuna adierazteko erabiltzen ditugu. Hori horrela, ekuazio hau honela irakurriko da:

  • 5 + (- 3) + (- 1) = 1
  • Bost gehi minus hiru gehi minus bat berdin bat.

Beraz, bada, positibotasun-negatibotasun zeinuak dira plus eta minus.

Gaian sakonduz

1 EHULKUk ere jaso ditu bere gomendioetan

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Frakzioak eta kalkulu eragiketak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3