Erabiltzaile Tresnak


morf:5:3:3:2:1

batzuk

Izen sintagmaren eskuineko aldean ageri ohi da eta bat zenbatzailearen pluraltzat hartzen dute gramatikariek. Hori dela eta, aditzarekiko komunztadura beti pluralez egiten du:

  • Andre batzuk etorri dira.
  • Ikasle batzuei esango diet.
  • Idazle batzuek horrela nahi dute.
  • Eta haren ingurura bildu ziren oste handi batzu, haletan non, untzi batera iganik hartan jarri baitzen, eta ur hegitik zagoen populu guzia. (Biblia Saindua III, Duvoisin)
  • Etorri zirian aldizka beste mutil batzuk, ta iñok bere ez eban ikusi. (Ipuinak, Moguel, J. A.)

Bakarrik, Izen Sintagma osatzen

Bakarrik ere ager daiteke batzuk, izen sintagma berak bakarrik osatuz:

  • Batzuk sartu ziren.
  • Hor zeuden berrogoi bat Portuges, batzu 15-16 urtekoak. (Oroitzapenak, Larzabal, P.)
  • EEzen hekietarik batzuek sinhetsi ez badute ere, halakoen sinhets gogortasunak ezeztaturen othe du Jainkoaren zintasuna? Urrun dago. (Biblia Saindua III, Duvoisin)
  • O nik baneuka animak Jaungoikoaren artaldera erakartzeko batzuek izan duen jakituria! (Sermoiak, Aguirre, D.)

Kasu markak

Hauek dira batzuk zenbatzailearen kasu markak: batzuk, batzuek, batzuei, batzuen (batzuengan, batzuengana, batzuengandik, batzuen baitan, e.a.) batzuekin, batzuez, batzuentzat, batzuetan, batzuetako, batzuetara, batzuetatik (-tarik)1:

  • Adibide klasikoak:
    • Nora joanik ote zen haurra? Karrikara agian, eskolako lagun batzuengana, edo parkeko zuhaitzen artean zegoen bakarrik paseiatzen gaixoa. (Haur besoetakoa, Mirande)
    • Bertze batzuek ezartzen dituzte ogian usain azkarreko belar batzuetarik. (Laborarier, Abbadie, A.)
    • Alaere zer lastima! Ain atzendurik dago obligazio gau, ezi, batzuen baitan estaike ezaun baduten aitarik ta amarik, edo aitabutxi edo amabutxirik munduan, ta esta izan duten ere; ain gaizki doktrinatuak ta aziak daude! (Sermoiak, Lizarraga)
  • Gaurko adibideak:
    • Funtsean, zer gertatzen da herri-gizon batzuen baitan, berek beren burua giza eskubideen lehen begirale omen den Nazio Handiaren zerbitzari leial daukatelarik? (De re publica edo politikaz, Xarriton, P.)
    • Baietz, ontsa zela, ihardetsi zidan pollikiño, zurubi motz batzuetarik hupatzean enearen gainean zuen etzan-lekuratøø. (Bihotzeko mina, Dirassar)

Euskaltzaindiak honetaz

1 Gogoratu Euskaltzaindiaren 12. araua, BAT eta BATZUK-en deklinabidea

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "batzuk", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3