Erabiltzaile Tresnak


morf:5:3:3:2:2

zenbait

Zenbatzaile zehaztugabea da zenbait, tradizioan zonbait aldaera ere erabili da.

  • Ez da beraz asaldatzekorik, oraiko langilek ere nahi badituzte zonbait urrats aintzinerat egin, beren zortearen hobetzeko. (Lana eri, Larzabal, P.)
  • Handik zonbait egunen buruan, muthila berriz badoa mendira, bezperan ogi joiten arizanik. (Ixtorio-mixterio, Barbier)

zenbait zenbatzaileak ez du inolako mugatzailerik onartzen eta “bat baino gehiago” adierazten du, kopurua mugatu gabe uzten badu ere.

Erabilera

Hegoaldean baino gehiago erabiltzen da Iparraldean, baina autore gipuzkoarrek eta nafarrek ere erabili izan dute. Gutxiago erabili izan da bizkaieraz. Gaur egun euskalki guztietara hedatu da.

Kokapena

Izenaren ezkerrean erabiltzen da gehienetan:

  • Igandetan zenbait aldiz Athletik ikustera joaten naiz.
  • Zenbait gizonek ez du sinesten holakorik…

Tradizioan aski arrunta da:

Baina beste batzuetan, eskuinaldean ere agertuko da:

  • Andre zenbaitek ez du inoiz ere ulertuko hori.
  • Liburu zenbaitetan ez duzu onik irakurriko.
  • […]ta hau baño gaiztoago dena, beraren obian izandu diran andre zenbaitek izutu gaituzte ekarri diguten berriarekin;[…] (Igande eta festegunetarako irakurraldiak, Mendiburu, S.)

Erabilera horrek ere tradizio handia du. Autore batzuek berdin jartzen dute ezker nahi eskuin, estilo kontu hutsa da:

  • Bozetako denboran ere, bere burua sobera erakutsirik, zenbait liskar eta ernegu izan zituen. (Oroitzapenak, Larzabal, P.)
  • Neri presuna gaixo horrek eman daut bizi guzirako erakaspena, Ebanjelioan aurkitzen dena: Emagaldu zenbait sartuko direla zeruan, beren ustez saindu handi diren batzu baino lehen. (Oroitzapenak, Larzabal, P.)
  • Gizon-gazte zenbait, estakururik batere gabeak, gorphutzez ederrak, zuhurtzian argituak, antzeetan trebeak eta jakitateetan ikhasiak, eta erregeren jauregian egon zitazkeenak, hekiei irakhastekotzat kaldearaz iskribatzen eta mintzatzen. (Biblia Saindua II, Duvoisin)
  • Ezik basherritar zenbait, edo artzain, edo lur-lanetako langile bat atzemana bazen; ezin-bertzezko premia jasaiten zuen; (Biblia Saindua II, Duvoisin)

Autore batzuek, zenbait hori eskuinaldean jartzen dutenean, ablatiboan jartzen dute determinatzen duten izena:

Ikusten denez, Haraneder oso sistematikoa da horretan. Elizanburu ere bai.

beste-rekin

beste-rekin ageri denean, ordea, beti eskuinaldean joango da:

  • Beste zenbaitek ez du hori uste.
  • Beste zenbait gizonek.
  • Beste gizon zenbaitek.

Tradizioan badira adibide asko holakoak:

  • Jantoki berean, bada, Olivadiko bidean ta Olivadi bereko mendian hau guzia ta beste zenbait gauz esan ta Apostol berak eta beste anitz an utzi ta igan zen Jesus zerura, ta igan zen berez zezaken Jangoiko-gizona bezala. (Igande eta festegunetarako irakurraldiak, Mendiburu, S.)
  • Gero nik ola bukatu nun: Egia esan, aurra, gizon arek olako gauza bikaiñak esanerazi dizkidan ezkero, etzeukanat batere gogorik beste zenbait gauzetan nere luma kaxkartzeko. (Kiton arrebarekin, "Orixe")
  • YARTZA: Auek baño erru audiago Oxer “ Batxillerrak ” Yurreamendiko semeak eta Andia-Torreko beste adiskide zenbaitek dute. (Domenjon de Andia, Labaien, A. M.)
  • GOTZON: Sua! Sua! PAXKUAL: Komentua erretzen ari dala!! (Antzez-joku oni egiantz eta indar geiago ematearren azken aldera Gotzon eta Paxkualekin gudari ta beste zenbait mutil sar ditezke, zuzendariak nai izan ezkero. (Lurrikara, Labaien, A. M.)
  • Badira hitzik ateratzen ez duten ta betteren gaistaginzak estalzen dituzten beste lausengari zenbait ere, ta oriek dira agertu behar lituzkeen bide gaistoak agerzen ez dituztenak; eta ez dituzte agerzen, gaizki dabiltzanekin gaizki ez gelditu naiez edo orien guraso gaisoei, nagusi edo aldei atsekaberik ez emateagatik eta oriek ere beretzen dituzte agerzen ez dituzten bekatu guziak, zeren bekatu oriek ez agerzea den […] (Igande eta festegunetarako irakurraldiak, Mendiburu, S.)
  • Estebanen ezpañez adirazten diguna: jangoikoak agerzen diela gaizki ta makur dabilzanei ere zerurako bide zuzena eta onez-onean arzen ezpadute, beldurzen dituela zenbait aldiz besteren eskuz ta beste aldi zenbaitetan emengo bere kastiguz ta geroko arrigarri andien izutasunez. (Igande eta festegunetarako irakurraldiak, Mendiburu, S.)

Bakarrik

Sarritan bakarrik ageri da zenbait:

  • Gutarik zenbait hilen gara aurten.
  • Zenbaitetan entzun izan dut.

Eta tradizioan ere badira horrelako adibideak:

Komunztadura

Aditzarekin egiten duen komunztadura dela eta, singularrez nahiz pluralez egiten du zenbaitek:

  • zenbait toki ikusi dut.
  • zenbait toki ikusi ditut.

Batetik tradizioa dugu kontu honetan. OEH-k dioenez, izen horren erreferentzia batzuetan plurala da argi eta garbi:

Beste batzuetan, berriz, singularra:

Autore batzuek, nolakoa den izen sintagmaren zentzua, numeroari dagokionez, aditza singularrean (zuela) edo pluralean jartzen dute (zitzan, zituen), adibideetan ikusten den gisan. Baina tradizioan hainbeste lekukotasun ditugu esanahia plurala izanik aditza singularrean erakusten dutenak. Pouvreauk, adibidez, hola dio:

  • Ezta nihor ere hain konplirik eta hain saindurik, non eztuen noizait zenbait tentazione, eta ezin gaudezke osoki gabe. (eta esanahia plurala da hor)

Idazle askok jarraitzen diote eredu horri: Etcheberri (Ziburukoa)k, Mendiburu, S.k, Larreguyk, Haraneder, J.ek, Mihurak… Baina horren parean, Aguirre, J. B.k, Iztueta, J. Ik, Lardizabalek edo Beovidek komunztadura beti pluralean egiten dute.

Gaurko idazleen artean ere badirudi askatasuna dagoela, eta batzuk sistematikoak badira ere, singularra edo plurala aukeratzen, arruntena da bi ereduak aurkitzea:

  • “Dena zilegi dut” dio zenbaitek. (Elizen arteko Biblia, Askoren artean)
  • Zuek niregana etorri eta esan zenidaten: Bidal ditzagun zurretik zenbait gizon lurraldea ikertzera, zein bidetatik joan eta zein hiritara sartu jakinaraz diezaguten. (Elizen arteko Biblia, Askoren artean)
  • Hango zenbait fruitu hartu zuten eta, itzultzean, Jaunak geure Jainkoak ematen zigun lurraldea ederra zela adierazi ziguten. (Elizen arteko Biblia, Askoren artean)
  • Emeki emeki, azken hamar urte hauetan, Euskal Herrian euskaraz agertu diren obra zenbait ari ditut biltzen. (Azken apeza, Aintziart, P.)
  • Kantikek hunkitzen naute: zenbaitek diote oihukatzen ditugula, triunfan. (Azken apeza, Aintziart, P.)
  • Zenbaitek Graal boteretsua xerkatzen zuten, nik aldiz abere mitikoen ikuskizun arras primitiboa, nintzen bezalakoa funtsean. (% 100 basque, Borda, I.)
  • Eta jakin ere badaki, zeren geroago beste zenbait kapitulu indexologiko aurkituko baititugu, hiztegia bukatu eta gero, adibidez, I: 72 eta Gidariaren azken kapitulua, III: 54. (Alderraien gidaria, Moshe ben Maimon / Kintana, X.)
  • Apezak oraindik otoitz zenbait egin zituen. (Anaiaren azken hitza,Landart, D.)
  • Izan ere, “jo” esan, eta jotze fisikoa baino ez baitu, antza, zenbaitek entzuten. (Egonean doazen geziak, Garzia, Joxerra)
  • Barbarossak ateari zenbait ukabilkada eta ostiko jo zizkion, eta burukada bat ere bai, nik uste. (Denak hasperenka, Gianni Celati / Lizarralde, P.)

Jakina, zenbait horren erreferentzia ezinbestean plurala da zenbaitetan, eta hor ez da tokirik singularra ibiltzeko:

  • Sorlekutik atera gabe, auzoko kanoien hotsa genuen bakarrik entzuna zenbaitek, edo ihesi etorri haurrideen etsipena ezagutua. (De re publica edo politikaz,

Xarriton, P.)

  • Kontura gaitezen beraz euskal ikastegi, ikastola, aldizkari, egunkari, argitaldari eta irrati-telebisten lanaren osatzeko eta jorratzeko, Koldo Mitxelena, Pedro Migel Etxenike, Gregorio Monreal eta beste zenbaitek ireki zuten Euskal Herriko Unibertsitatearen aldean, Karlos Santamaria, Jean Haritschelhar, Imanol Berriatua, Joseba Intxausti, Martin […] (De re publica edo politikaz,

Xarriton, P.)

Horietan, jakina, ez dago singularra jartzeko modurik.

zenbaitzuk

Batzuetan -tzuk atzizkia ere erants dakioke zenbait zenbatzaileari eta orduan zenbaitzuk ematen du. Azkeneko kasu honetan aditzarekin egiten duen komunztadura plurala da beti. Tradizioan badira adibide batzuk, hainbat autorerenak:

  • Lan pizer zenbaitzuk bakarrik eginbearrak dire. (Dirua galgarri, Izeta)
  • Langabekoen laguntzeko, erri-gizonek eta beste zenbaitzuek, erabaki dute laguntzeko; bakotxari emanez iru pezeta, noiz artio ez dute erran. (Nafarroatik, "Larreko")

Egungo idazleek ere erabiltzen dute:

  • Zenbaitzuek hori argiro aldarrikatzen dute[…] (Alderraien gidaria, Moshe ben Maimon / Kintana, X.)
  • Sumendi zenbaitzuren erupzio eta eztanda gertatu ziren, bai, orobat meteorito zenbait erori, nola ez, baina gu erabat suntsitu izana ez zen meteorito handi baten ondorioz gertatu soilik, ez… (Denboraren mugan, Irigarai, J. A.)

zenbat, zenbait

Euskaldun batzuek nahasi egiten dituzte zenbat eta zenbait. Ezin daitezke bata bestearen ordez erabili, ordea:

  • zenbat → galdetzailea
  • zenbait → zenbatzailea

Bai esanahiz eta bai itxuraz, ezberdinak dira.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "zenbait", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3