Erabiltzaile Tresnak


morf:5:3:3:2:3

asko

Zenbatzaile zehaztugabe hau Euskal Herri osoan erabili izan da, salbu Pirinioetako euskalkietan eta Zuberoan.

Perpausean daukan kokapena eta erabilera

asko zenbatzailea hainbat modutan agertuko zaigu perpausean, bide horiek ikusiko ditugu segidan.

Izenaren ezkerrean edo eskuinean

Izenaren ezkerrean edo eskuinean joan daiteke asko, nola diren euskalkiak edo hiztunaren ohiturak:

  • Gizon asko
  • Asko gizon

Ildo horretan, izenaren aitzinean agertuko da Iparraldeko euskalkietan; eta izenaren ondotik beste tokietan. Bizkaieraz beti ondotik:

asko, bera bakarrik

Bakarrik ere erabiltzen da asko:

Egungo testuetan ere aurkituko dugu molde honetan:

  • Segurtasunari buruzko zalantzak onartuta, Agoiztik alde egin edo han gelditu da askoren kezka nagusia, urtegia betetzen hasi zirenetik. (Itoiz, porlanezko gezurra, Edurne Elizondo)
  • Askorentzat, ekonomia analisia lanbide dutenak aurreikuspenak egiten baino aurreikusitakoa zergatik betetzen ez den azaltzen dira adituak. (Txanponaren bi aldeak, Iñaki Heras)

Izenondo gisa

asko izenik gabe ageri denean, bi egoera hauek izan ditzakegu:

  • Asko bildu ziren azken orduan.
  • Horrek asko daki.

Lehenbiziko kasuan pentsa daiteke izena isildu dela, (edo izenordain gisa erabilia dela ere esan daiteke) eta isildutako izena kontestutik ondoriozta daitekeela:

  • (Gazte) asko bildu ziren azken orduan.
  • Horrek (diru) asko irabazten du.
  • (gauza) asko saltzen da han.

Baina bigarren adibidean, horrek asko daki baldin badiogu, badirudi aditzondo hutsa dela, gutxi-ren kontrakoa. Antzekoa daukagu honelakoetan ere:

  • Hori esatea asko esatea da.

Tradizioan adibide ugari daude halakoak:

Egungo testuetan ere ageri da horrela:

  • Baina asko esatea da hori. (Glosolaliak, Linazasoro)
  • Goizean baino maiztuago zegoen, bitartean asko nekatu izan balitz bezala. (Soinujolearen semea, Atxaga)

Aditzondoekin

Aditzondoekin ere agertzen da asko:

Egungo idazleek ere erabiltzen dute asko molde honetan:

  • Maiz asko, ordea, politika - eta gizarte-xedeak lortzeko baliatzen da nahasbide hori: edo nortasun-berdintasunari atxiki nahi zaiolarik parekotasuna; edo, alderantziz, ez-parekotasuna mantendu nahi delarik desberdintasunen aitzakian. (Sagua, eulia eta gizakia, François Jacob / Garzia, Juan)
  • Eta laster asko geratu zen agerian okerrak nireak zirela. (Durduzaz eta dardaraz, Amélie Nothomb / Joxan Elosegi)
  • Euskaldunok ederki asko dakigu hori, eta, antza denez, ez genuen atzo goizean ikasi. (Elezaharren bidetik, Martin Anso)
  • Maiza, berriz, lasai asko bideratu zen kalerantz. (Denak du bere prezioa, Mintegi, M. A.)

Adjektiboen ondoren

Adjektiboaren ondoren erabiltzen dute idazle batzuek asko, artikuluarekin, hura indartzeko:

Kontura gaitezen, bestalde, askoa honek ez duela zerikusirik aski oker eratu berri den anitza-rekin. Besteak beste, hauxe dio Euskaltzaindiaren Hiztegiak anitz zenbatzailea izenondo gisa erabiltzearen inguruan: [Oharra: Euskaltzaindiak, anitz-ek euskara idatzian izenondo gisa izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori izenondo gisa ez erabiltzea gomendatzen du, eta industria anitza eta kidekoen ordez askotariko industria eta kidekoak erabiltzea]1

Ezezko perpausetan

Ezezko perpausetan ezer, deus, inor… eta kidekoen ondotik ageri ohi da asko:

  • Zenbati, nik, niri ezer asko kosta gabe, beren premietan lagun nizaiekeen! (Santa Genobebaren bizitza, Arrue, G.)
  • Espainian gaudela adierazteko ez dela deus askoren beharrik: aski dira kitarra soinua eta guardia civil baten (hobe biren) kapelu okerra. (Idazlan guztiak, Mitxelena, K.)
  • Arrokeriyan ez naiz asiko irrintzi eta algara, umildadian itzegitia gustatutzen zait, al bada, danak alkarri lagunduta re bizitzen naiko lan bada; salan ez daukat ezer askorik, iya ustu zait ganbara, nere bertsuak aituxe dira, orain gaztien txanda da. (Bertso jarri guztiak, Txirrita)
  • Ez nuan iñor askorik agurtu. (Bizi naiak lege zorrotzak, Zinkunegi, A.)

izan aditzarekin

asko zenbatzaileak ez du lekurik izan aditzaz baliaturik egiten ditugun esapide batzuetan, eta bestelakoak erabili behar ditugu:

  • Guztiz beldur dira.
  • Arras beldur dira.
  • Arront beldur dira.
  • Txit beldur dira.
  • Beldur dira.
  • Izigarri beldur dira.
  • Oso maite dut.
  • Arrunt maite du ama.
  • Landibarren biziki maite dute Irene.

Horrelako adibideak biltzen ditu Garate, G.k (1988)

Hala ere, horrelako testuinguruan asko eta osoren artean aise erabiliagoa da asko ( OEH). Azkuek (1905-1906) bere hiztegian dio ezin dela asko hitza erabili pasioei, isurkariei, gasei… ezarririk.

  • La palabra «mucho», aplicada a pasiones, líquidos, gases, etc., se traduce por andi. Emplear asko en estos casos es un barbarismo. «Mucho miedo, mucha sed, mucho humo, mucha agua hay en el mar», no deben traducirse bildur asko, egarri asko, ke asko, ur asko dago itsasoan, sino bildur andia, egarri andia, ke andia, ur andia dago itsasoan. Cuando a las pasiones les acompaña su verbo izan, la palabra «mucho» debe traducirse y se traduce (salvo algún enorme barbarismo) por guztiz, arras, tsit o alguna otra partícula que indique superlativo. Se indica también repitiendo la palabra que denota la pasión. «Tienen mucho miedo, si tuviera mucha sed, me tienen mucho cariño», se traducen guztiz bildur dira o tsit bildur dira, guztiz egarri balira, maite maite naute. (Diccionario vasco-español-francés, Azkue, R. M.)

Ezin dela, hortaz, beldur asko, egarri asko, ke asko, ur asko dago itsasoan… erabili, eta horien ordez beldur handia, egarri handia, ke handia, ur handia dago itsasoan… erabili behar direla. Eta egia da tradizioko testuetan batez ere holakoak ageri direla: beldur handia, neke handia, pisu handia… Baina horren ondoan neke asko edo pisu asko ere ageri dira, nahiz askoz autore gutxiagok erabili. Egungo testuetan ere tradizioko ohitura da nagusi. Berdin gertatzen da hotz handia, bero handia eta holakoekin.

Hori guztia dela eta, su asko eta su handia oso ongi berezten ditugu euskaraz. Su asko diogunean leku ezberdinetako suez ari gara:

  • San Juan gauean su asko egiten da herrietan.

Esaldi horretan esan nahi da su bat baino gehiago egiten dela San Juan gauean herrietan. Alderantziz, berriz, adibide honetan:

  • Su handia zen herri hartan eta suhiltzaileak deitu genituen.

Hori esanez gero, su bakarra dela eta su hori handia dela esan nahi dugu, indarrean dagoela sua. Eredu horri jarraituz: maitasun handia, lotsa handia, eta abar. Nolanahi ere, horien kontrakoa ez da ke txikia edo horrelako zerbait, baizik eta ke gutxi. Bikoteak, bada, eredu hauetakoak ditugu:

  • ke handia / ke gutxi
  • maitasun handia / maitasun gutxi
  • beldur handia / beldur gutxi
  • lotsa handia / lotsa gutxi

Konparazio perpausetan

Konparazio perpausetan ere aurkituko dugu asko:

Komunztadura

Komunztadura singularrez egiten du askok XVI. eta XVII. mendeetan. Lazarraga k plurala ere erabiltzen du, eta XVIII. mendetik aurrera plurala hasten da nagusitzen:

Zenbaitetan, hala ere, badirudi komunztadura hori singularrez edo pluralez egitea adierazgarria izan daitekeela. Ildo horretan, EGLU-Iek (143) bereizketa hau egiten du Liburu asko erosi dut eta Liburu asko erosi ditut perpausen artean. “Ez dirudi gauza bera esaten dugunik”, dio, eta azalpen hau ematen du: Lehenbiziko adibidean liburu masa hartzen dugu gogoan eta bigarrenean, aldiz, liburu bat, eta beste bat, eta beste bat, eta abar. Beste adibide bat hartuz gero argiago geratzen da: harri asko bota dute eta harri asko bota dituzte. Lehenbizikoan, zenbakaitz modura hartua da harri hitza, harri kantitate handi bat esango bagenu bezala. Adibidez, mendian bidea konpondu nahi bada harri asko botatzen da. Gauza bera gertatzen da jende asko etorri dela diogunean. Hor zenbakaitza da jende hitza. Baina harri asko bota dituzte esaten badugu, harriak bota dituztela ari gara esaten.

nahiko

Batzuetan nahiko-ren ordez, edo nahiko adberbioaren esanahia duela erabiltzen dugu asko:

Beste batzuetan biziki, oso, txit… esan nahi du:

Eta gehiegi adierazteko askotxo erabiltzen da:

  • Latin askotxo zenekien, itxura zenez, eta hor jarduten zenuen, inolaz ere ezin uler nezakeena esplikatu nahian: This is the subject because.. ø and.. ø the nominative. (16 ipuin amodiozko, Mendiguren Elizegi, X.)
  • Askotxo irabazten du horrek.
  • AZeruetako Resuma haien dela seguratzen duenaz geroz, eta haien gainean eskuak ezarten, eta hek Iainko bere Aitari gomendatzen drautzanaz geroz, asko klaroki deklaratzen drauku, ezen hek eztitugula haren Elizatik iraizteko. (Othoitza Ecclesiasticoen forma, Leiçarraga)
  • Ez deritzait horrela, ezen ez da ahaztu behar Irlandarrak politikaren aldetik beren gain egon baziren ere, asko goizik Latinen kultura eta hizkuntza ezagutu zituztela Kristauen propagandari esker 451-garren urtean zuen Celestinus aita sainduak Palladius misionesta hiberniarat igorri, eta hartarik landa laster Patricius ospetsuak harrigarriko obra egin zuen erlisione berriaren hedatzeari buruz, hala non erran baidaiteke Irlandarrik guztiz gehienak kristau […] (Artikuluak, Mirande)

askorik

Ezezko testuinguruetan askorik erabiltzen da zenbaitetan:

  • Beste buru zuridun agure ori, Zaldibiko artzaia Orrek eztu txanpon askorik egingo iñoren alde. (Garoa, Aguirre, D.)
  • Ez zuela denbora-paxako huskeriekin asti askorik galtzen. (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)

Baiezko testuinguruetan ere ageri da askorik:

  • Baserritar sendo askorik ezagutu dodaz nik neure bizitzan. (Ipuin-barreka, Bilbao, F.)
  • Ixil askorik jaio zan
    Alostorrean semea. (Euskal Baladak, Lakarra)

asko-ren ordezkoak

askoren ordez euskalki zenbaitetan beste adjektibo eta adberbio batzuk ere erabiltzen dira (eta askotan anbiguetateak sortzen dira):

  • Jende asko bildu zen.
  • Egin duk festa asko? / Egin duk besta poliki?
  • Asko badira han. / Bakarrak badira han.
  • Jendea barra-barra bildu zen.
  • Jendea erruz bildu zen.
  • Belarralde ederra bildu dugu aurten.
  • Sagar asko bildu du / Hainbeste sagar bildu du.
  • APAIZGAIA: Jendea erruz dator! Arestian eldu diran autokar biak ikusiko zenitun, beko plazaruntz artu dute. (Euskal eguna, Labaien, A. M.)

Gaian sakonduz

1 Informazio gehiago, Sakondu atalean

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "asko", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3