Erabiltzaile Tresnak


morf:5:3:3:2:5

gutxi

Esanahiari dagokionez, asko edo anitz-en kontrakoa da gutxi. Euskalki guztietan erabili izan da eta erabiltzen da. Izenkiaren ezkerrean ageri da gehienetan:

Aldaerak

Hainbat aldaera dauzka gutxik: guti, gutti, gitxi, gixi, guttu…

Erabilera

Esan dugu gutxi izenkiaren ezkerrean agertzen dela gehienetan, baina ez beti. Ikus dezagun bada, perpausean non eta nola erabiltzen den.

Mugatzailearekin

Aurreko adibideetan ikusten den gisan, batzuetan mugatzailea hartzen du:

  • Pena gutiaren ordain hañitzez latzagoa, Barkhatzekotz mundu, edo purgatoriokoa. (Manual devotionezcoa, Etcheberri (Ziburukoa))
  • Errezibi zazu arren Ene obra aphurra, Zeña baita deus gutia Dagotzun eredura. (Eliçara erabiltceco liburua, Etcheberri (Ziburukoa))
  • Baina bitartean ene dohakabea! Ene ahalak eskasten dira: eta ene egunak, nola gutiak baitira, ardietsi hurran dira: hargatik erranen diot. (Debozino eskuarra, Haranburu, J.)
  • Ez jauna, baia dudan diraden, ala ez galdegin bear du dakienari, eta ala dudatik atra; baia denbora gutia denean trabajazen dena nezesidade bage izanagatik, solamente da bekatu beniale. (Dotrina kristioarena euskaras, Beriayn, J.)
  • Bekatu mortal da Iainkoaren eta gure Giristino lagunaren kontra egiten den guztia, baldin gauza asko handia ba-da, eta borondatearen konsentimendu osoarekin egiten bada; baiña gauza gutia eta aphurra denean, eta borondatea ere ez xoil deliberatua, orduan benial da eta ez mortal. (Doctrina Christiana, Materre, E.)

Aditzondo edo izen sintagma

Bakarrik ageri bada, aditzondoa izan daiteke, edo izena isildutako izen sintagma, baina askotan zaila da bien artean bereiztea:

  • Nork sobera bezarkatzen baitu gutti hersten du. (Dialogoak, Voltoire)Les manuscrits d'Etxahun Barkoxe
  • Gutixe dela gaizkirik ez egitia, bat bedera, ezpadadi enseia obra onen egitera Doktor saindu hark berak dio oraño erran den lekhuan kastitatia, birjinitatia eztela on, gutti dela, ezdeusa dela, kastitatia, eta xahutasuna gabe. (Onsa hilceco bidia, Tartas)
  • Mündian gütik dila haboro sofritü. (L’œuvre poétique de Pierre Topet-Etchahun, Etxahun)
  • Gutxiren gose dena, gutxik asetzen omen du. (Mitxelenaren idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
  • Gutti ezagun diren idazle trebeak. (Idazlan guztiak, Mitxelena, K.)

Egungo adibideak ere badaude:

  • Gutxi egin du katiluko esnea kaka koloreko gauza higuingarri bat bilakatu denerako. (Errotarria, Jokin Urain)
  • Gutxi iraun du mitoaren denborak, ordu artekoak baino olatu oldartsuago batek ontziaren marrazkia desegin baitu brastakoan. (Konpainia noblean, Lertxundi, A.)

Beste erabilera batzuk

gutxi zenbatzaileak baditu beste erabilera batzuk ere:

  • Esaterako, gutxi uste denean gisako itzuliak ageri dira idazleen artean:
    • Erioa jaugiten da guti uste denian eta agian ez emanen konfesione ephia; hirur gauza albaditu ehork ere egiaz, nola ere hil baitadi, doha salbamenduian. (Linguae Vascomun Primitiae, Etxepare)
    • Guti uste dugun lekuan dago erbia lo. (Prosistas navarros contemporáneos en lengua vasca. XX-garren mendeko Nafarroako Euskal idazlariak, "Larreko")
    • Gutxi uste nuen nik… (Neguko zirkua, Cano, H.)
    • Umetatik hasita eta gaztaroan sartu arte bederen, betidanik izan dut halako gutxi-uste bat: (Nerabearen biluzia, Mendiguren Elizegi, X.)
    • Niri esan behar! –esan zuen Santxok-; bereak eta bi igarri gabe joango zitzaidalakoan niri, ez nuen gutxi uste. (On Kixote Mantxako, Miguel de Cervantes / Ezkiaga, P.)
  • Partitiboarekin ere erabiltzen da:
    • Baiña lore hetarik guti lotzen, eta itxatxekitzen ohi da: heken fruitutik guti umotzen eta ontzen da: nork nola eztakiela, ihartzen, eta iraungitzen ohi dira. (Guero, "Axular")
    • Toki begikoagorik guti Eskualerrian. (Beribilez, Etchepare, J.)
    • Horrelakorik guti ageri da gure artean. (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
  • Eta ablatiboarekin:
  • Adjektiboarekin ere bai:
    • Iñazio Loiolakoari ez zitzaizkon guti eder gerlari lagunetarik ukhaiten zituen laudorioak. (Bi saindu hescualdunen bizia, Laphitz)
    • Badira fruituak, irasagarra bezala, bere gozo minaz on guti direnak konfiturarik baizen. (Philotea, Pouvreau, S.)
    • Egiaz errepublikano bat da, askotan, kanpoz gizon konplia; bainan ongi etsaminatzen bada, bere hitzetan da guti sinhetsgarria, bere agintzetan guti leyala; bertzerenaren hartzeko maiz prest dena, bai eta bertze holako frango estakuru handi eta ttipi dituena. (Frantziako hirur errepubliken ixtorioa laburzki, Elizanburu, M.)
    • Asko dira deituak, gutxi aukeratuak: baina guztiek izango dute ordaina. (EAB)
  • Txikia den zerbait, asko ez den zerbait adierazteko:
  • Izen bezala ere erabiltzen dugu:
  • Azken urteotan asko hedatu da gutxi balitz esapidea:
    • Eta hori gutxi balitz, etengabe ibili dira argazkiak atera eta atera. (Jeans-ak hozkailuan, [:egile:zubizarreta_p|Zubizarreta, P.]])
    • Eta, antz harrigarri hori gutxi balitz, hara non, gainera, Mikhail Semionovitx zuen izena! (Arima hilak, Nikolái Gógol / Jose Morales)
    • Eta hori gutxi balitz, zakurraren nagusiek irri egiten zuten nolako beldurra nuen ikusita. (Paradisuko Almanaka, Gianni Celati / Rey, F.)
    • Hori gutxi balitz, hona zertara biltzen den D ereduko eskola batean filosofiaren historia (Itsasoan euri, Garzia, Joxerra)
    • Eta hori gutxi balitz, “tocar las tetas” idatzi zuen. (Gorde nazazu lurpean, Saizarbitoria, R.)
EGLU-V liburukian, 371. orrialdean, argi azaltzen du Euskaltzaindiak hori gutxi balitz baldintza perpausa dela, eta beraz, ondorioa eskatzen duela: Hori gutxi balitz, txartel gehiago eskatuko nituzke. bezalaren ezkerretara ere joan daiteke, baldintzaren ondorioa isilean dela: Hod gutxi balitz bezala, epaileak bi txartel gorri atera zizkion Realari. Horrenbestez, Hori gutxi balitz bezala esapideari bezala kentzea ez da egokia. Osorik eman behar da, edo, bestela, Hori nahikoa/aski ez dela edo Hori nahikoa/aski ez eta… erabili
  • Horren aldaera da gutxi bailitzan esapidea:

Zenbakarria edo zenbakaitza

Batzuetan izenaren testuingurua nolakoa den, zenbakarritzat edo zenbakaiztzat har daiteke gutxi. Hori horrela, ikasle gutxi etorri ziren esaten badugu, badakigu etorri zirenak ez zirela asko. Aldiz, ikasle gutxi etorri zen baldin badiogu, ikasle hitza izen zenbakaiztzat hartu dugu, ikasle masa gisa edo.

Konparazio egituretan

Konparazio egituretan, gutxi zenbatzaileari maila gradua ere erants diezaiokegu:

  • Hori oso guti gustatzen zait.
  • Horri arrunt guti gustatzen zait.
  • Hori arras guti gustatzen zait.

Eta gauza bera gutxi Izen Sintagma oso batean agertzen denean:

  • Arrunt / Oso gauza gutxi gustatzen zaizkit mundu honetan.

Baina ez dugu esango honen antzekorik:

  • *Hori arrunt / oso asko gustatzen zait.

Komunztadura

Komunztadura singularrean nahiz pluralean (gehiago) egiten du gutxik, izen zenbarriekin doanean:

  • Artista gutxi izango da mugimendu horri buruz bere jarrera definitu ez duenik, arbuiatzeko, besterik ez bada ere. (Bertolt Brecht, adibidez, bere lehenengo bi antzezlanen ondoren, edo Fritz Lang). (Irudia, Jacques Aumont / Josu Zabaleta)
  • Egungo egunean munduan nazio gutxi izango da India bezain jainkozale. (India harrigarria, Garate, G.)
  • Hori dela eta, nola beharrik ez den izan, irakasle mota ere aski desberdina izanik, oso doktore gutxi egoten da erdi mailako ikastegietan. (Unibertsitatea eta euskal gizartea gaur, Juan Ignacio Pérez / Salaburu, P.)
  • -Jauna, - mutilak erantzun - egun gutxi da herri honetan nagoela; baserritar aberats batenean nago morroi Ianerako; (On Kixote Mantxako, Miguel de Cervantes / Ezkiaga, P.)
  • Gauez nahiz egunez, gutxi ohartuko da konpas bateko kantuarekin bakarrik orduak bete daitezkeenik, hegoak astinduz etxe-txuloko ataria freskatzen duelarik. (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)

Izena zenbakaitza denean, ordea, komunztadura singularrean egiten du:

  • Anai-arrebarik ez du, bere gurasoak hil ziren, ez goizegi, ez beranduegi, familia, familiarik gelditzen bazaio, barreiatuta dago, familiaren berririk iristeak, iristen bada, lasaitasun gutxi ekartzen du, aldez aurretik lasaitasunik ez badago, alaitasuna joan zen, doluak ez du merezi, eta benetan berarengandik hurbil sentitzen dituen gauza bakarrak irakurtzen ari den probak dira, dirauten bitartean, maskara kendu beharreko okerra, eta baita ere, batzuetan, berea izan beharko ez […] (Lisboako Setioaren Historia, José Saramago / Alonso, J)
  • Errealitate-efektuak irudikapenezko irudi batean (koadroa, argazkia ala filma izan, axola gutxi du, printzipioz) analogia-aztarren guztiek ikuslearengan eragiten duten efektua esan nahi du. (Irudia, Jacques Aumont / Josu Zabaleta)
  • Baina bizitzak zentzu gutxi du,…
    … gero eta gutxiago,…
    … ni neuz aparte beste Jainkorik…
    … inon ere ez badago. (Garzia, Juan-Egaña, A.-Sarasua, J.)
  • Bueno, agian ez da horren gaztea ere, bizar gutxi du. (Eta emakumeari sugeak esan zion, Oñederra, L.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "gutxi", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3