Erabiltzaile Tresnak


morf:5:3:3:2:8

zenbat, zenbanahi

Zenbat galdetzailea eta zenbanahi (zenbat-nahi) ere sail honetan sartzekoak dira, zenbatzaile zehaztugabeetan, alegia.

kakotxa Zenbat buru hainbat aburu. kakotxa

zenbat

Zenbat galdetzaileak hainbat aldaera dauzka: zeinbat, zeinbet, zemet, zonbat…

  • Zeinbat pensamentu, ta obra alper, eta zeinbat bidar enpleau utsean, edo deungaro denpora ezteustazuna emon beste gauzetarako, ezpada zeu adorau, zeuri gusto emon gauza guztietan, eta neure pekatueen penitenzia egiteko? (Paskalen gogamenak, Moguel, J. A.)
  • Orreik orlan diriela: Zeinbet izete, entendimintu eta borondate dagoz Jangoikoagan? (Beste zenbat itzulpen, Uriarte)
  • GREFIERA: Zonbat orenetan bururatzen da bala? MERA: Gauerditan. (Hila espos, Larzabal, P.)

Kopuruaz galdetzen du zenbatzaile honek1:

  • Zenbat euskaldun bizi da Iruñean?
  • Ierusaleme, Ierusaleme, zeinek hiltzen baitituk Profetak, eta lapidatzen hiregana igorri diradenak, zenbat aldiz nahi ukan ditut bildu hire haurrak, oilloak bere xito aldea berehegalen azpira bezala, eta ezpaituzue nahi ukan?(Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria, Leiçarraga)
  • Neure etxekoandreak daukazanak langoa ia, edo ia barik Jaungoikoak daki zenbat dirutan erosi daben au Jose Antoniok. (Kresala, Aguirre, D.)

Erabilera

Hainbat modutan agertuko zaigu zenbat perpausean:

  • Harridura esaldietan (eta kidekoetan) kopuruaren handia adierazten du:
    • Zenbat kalte dakarren arinkeriak!
    • Zeinbat zeran obea! (Ipui onak, Moguel, B.)
    • Zenbat lan ez dugu egiteko! que de travail n'avons-nous à faire!” (Diccionario manuscrito vasco-francés, Duvoisin)
    • Kargu ederrik munduan bada, zonbat ederra zuena! (Odolaren mintzoa, Xalbador)
  • Izenondoekin nahiz aditzondoekin:
  • Batzuetan –ago atzizkiarekin erabiltzen da, ezezko perpausetan:
  • Tradizioan ikusten da izenaren balioa ere hartu duela kasu batzuetan:
    • Dituen diruen zenbat, ez naiz heldu jakitera. (Etxebarria)
    • Huna Jainkoa handi dela, gure jakitateari garai; haren urtheek zenbatik ez dute. (Biblia Saindua II, Duvoisin)
    • Gudari zenbata eta beste zeaztasunak jakiteko. ( El Criterio euskeraz, Balmes / Ioseba Zinkunegi)
  • Esamolde batzuk osatzen ditugu galdetzaile honekin:
    • zenbat ere:
      • Nik, zenbat ere urratua nintzen, une horretantxe biratu nuen burua, bi segundo, hiru gehienez ere. (Rock'n'roll, Epaltza A.)
    • zenbat ere…-ago:
      • Eta, ur hotzez busti ondoren zenbat ere sendoago eta freskoago sentitu, hainbat biziagoa eta jasanezinagoa bilakatzen zen une bateko beldurraren sentipena. (Zazpi urkatuak, Leonid Andréiev / Jose Morales)
    • zenbat eta…-ago:
      • […]eta hori, zenbat eta maizago ordena horretan berean ikusi baititu hainbat eta tinkoago. (Etika, Spinoza / Xarriton, P.)
    • zenbat… hainbat:
      • Zenbat eta gehiago ugaldu, hainbat eta gehiago galtzen dute balioa, gauza gutxiago ordezkatzen dituztelako. ( Legeen espirituaz II, Montesquieu / Iñaki Iñurrieta)
    • zenbateraino:
      • Hemen aitortuko ez banu zenbateraino lagundu ninduten. (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)

zenbanahi

Zenbanahi zenbatzaileak “nahi adina, asko”, adierazten du:

  • Zenbat nahi jatera eman dezoten, ezin ase daiteke behinere? (Diccionario manuscrito vasco-francés, Duvoisin)
  • Zonbat nahi lili eta argi emanik ere inguran, aise ohartuko dira. (Murtuts eta bertze, Lafitte, P.)

Adjektibo nahiz adberbioekin erabiltzen da:

  • Zonbat nahi urrun mariñelak bere begiak heda ditzan, bethi urak ditu ikhusten. (Igandea edo Jaunaren eguna, Arbelbide, J. P.)
  • Guk ere jasan nola behar dugun, zenbat nahi dorphea izanikan ere, Jainkoak igortzen daukun kurutzea. (Supazter xokoan, Barbier)
  • Zunbat nahi maltzür eta faltsü izanik, eztitik Jaun Errejentak izan direnak khanbiatzen ahal. (Miranderen idazlan hautatuak, Mirande)

Gaian sakonduz

1 Ikus hemen, gauzen prezioa euskaraz nola ematen den.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "zenbat, zenbanahi", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3