Erabiltzaile Tresnak


morf:5:3:3:3:3

oro

Dagokion izen sintagmak aipatzen duenaren osotasuna adierazten du oro zenbatzaile orokorrak. Tradizio handia du testu baxenafar eta zuberotarretan, eta XIX. mendetik aurrera orokorra da Iparralde osoan. Gehienetan forma zehaztugabe gisa ageri da.

kakotxa Gazteak ez jakinez, zaharrak ezinez, doazi oro deseginez. (Esaera zaharra) kakotxa

Erabilera

Hainbat modutan erabiltzen da oro zenbatzailea:

  • Izenordain gisa (edo dagokion izen sintagma isildurik duela):
    • Hor ikusten denez, orok ergatiboa da, autoreren batek absolutibo plural gisa erabili izan badu ere. Absolutibo forma bakarra oro da.
    • Erlatibozko perpausa aurretik daukala:
      • Sukaldean zeuden orok […] erne eta adimin iraun zuten. (Joanak joan, Etxaide, J.)
      • Axolazko den oro. (Idazlan guztiak, Mitxelena, K.)
      • Gertatzen den oro bere koadernoan idazten duen mutil estatubatuarra. (Itoiz, porlanezko gezurra, Edurne Elizondo)
    • Mugatu plurala:
      • Oroen bularra. (Itz-lauz, Lizardi)
      • Baziren oroendako etxangiak. (Erderakadak, Garate, G.)
      • Agur Maria erran dezagün
        ororek algarrekilan. ( Santa Grazi. Pastorala., Casenave)
    • Izen sintagma baten ondotik:
    • -ko atzizkiaren eskuinean:
      • Besterik da uste izatea jaso itxurako oro poesia dela. (Hogeita bina, Andoni Egaña)
      • Ohitu egin nintzen aitaren kontrako susmoak bazkatzera: hark egin edo esandako oro beltz ikustera, haren isiltasuna gero eta handiago sentitzera. (Ihes betea, Lertxundi, A.)
  • Adjektibo gisa ere erabiltzen da, Izen sintagma duela aurrean, kasu atzizkiak harturik:
    • Erakusle baten ondotik:
      • Ez niz hortan sartzen.Esku tzarretan emanik galdu dituela eta orai, berriz kobratzeko, 150000 libera behar dituela, zertako behar diozkagu, guk, Xiberotarrek, diru horiek oro eman? (Murtuts eta bertze, Lafitte, P.)
      • Horietan orotan, bakotxak egin beharko bere hautua goiz edo berandu. (Ene artzain-etxolak, Larre, E.)
      • MARI-EDERREK: Hots, Maria, molda zaite hor, xokoño hortan, zure puska horiekin oroikin! Ile hori bardindurik emazu pulliki pulliki. (Supazter xokoan, Barbier)
      • Xehetasun horiek oro, orratzetik hari, Matiasek zekizkien. (Anaiaren azken hitzak, Landart, D.)
    • Aurreko sintagmak plural marka duela:
      • Eta orduian zuk idazu indar eta grazia bekhatuiez ukheiteko bide dudan doluia, perfektuki egiteko neure konfesionia, neure bekhatuiez oroz dudan barkhamenduia, bai digneki errezebi zure gorpuz sainduia, baietare behar diren berze sagramenduiak. (Linguae Vascomun Primitiae, Etxepare)
      • […] eta bere pian oro etxiak erorten dela, arrabaskatu, zitizu, herraustu, eta porrokatu, zure haurrak oro, zure familia oro galdu da, eta peritu, haienak egin du, aita zira haur gabe gertatu. (Onsa hilceco bidia, Tartas)
      • Hek eta bertzeak oro zahartu ondoan erretretarik gabe urrikalgarri anartean? Nork zer egiten du Frantzian hordikeriaren kontrako legerik, edo zerbeit, jende xehea, langilea ez uzteko edanak hiltzerainokoan gal-araztera? (Zezenak errepublikan, Hiriart-Urruty, J.)
      • Lurreko gauzak oro. (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
      • -“Emakumeak oro Kaiserren bezero”. ( James Cain / Olarra, X.)
    • Aurreko sintagma singularrean mugatua:
      • Behar da haitatü urthian orotan egün bat. (Andere Dona Maria, Alexis Mercy)
      • […]bainan, hark agindurik bere gogoa oro ager zezaion, zergatik eta nolako zen haren lotsa azalduz, adi erazi zion neskatoak atsegin bat zitzaiola orain betiko lotsa hori,[…]l (Haur besoetakoa, Mirande)
      • Herriak orok jakin beza. (Santa Grazi. Pastorala. , Casenave)
      • Pitagoritarrek mundua oro kopuru ta kidetasun dala uste zuten. (Musika ixilla. Música callada. Fray Luis Leon eta Donibane Gurutzen olerkirik onenak, erderaz eta euskeraz, Gaztelu)
  • Aditzondo gisa:
  • Esapideetan:

Laburtuz, hortaz, hauek dira ororen erabilera nagusiak:

  • Izen baten ondotik zuzenean, kasu markak eta postposizioak mugagabean hartzen dituela eta komunztadura ere gehienetan singularrean egiten duela: Gazte oro larunbatero ateratzen da; Gazte orok uste du…; Gazte ororekin joaten da.
  • Artikulu plurala hartzen duen izen sintagma baten eskuinean: Gazteak oro larunbatero ateratzen dira; Gazteek oro uste dute…
  • Erakuslearen eskuinean: (Gazte) horiek oro etorri dira; (Gazte) horiek oro uste dute…
  • Izenordain gisa: Dantzara joan ziren orok ikusi zuten; Hemen orok dakite hori ez dela hola gertatu.
  • Adberbio gisa: Gazteak, hori gertatu denetik oro aldatu dira.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "oro", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3