Erabiltzaile Tresnak


morf:5:4

Izenordaina

Hitzak berak adierazten duenez, izenak ordezka ditzakeen hitza da izenordaina (laburtzapena: izord.). Hizkuntzalaritzan izentzat jotzen dira, izen berezitzat, ez dutelako mugatzailerik onartzen, eta horrenbestez, berek bakarrik osa dezaketelako izen sintagma:

  • Zu pozik zaude.
  • Norbait etorri da.

Adibide horietan ikusten da zu eta norbait izenordainek perpauseko Izen Sintagma osatzen dutela. Horrenbestez, eskema hau zilegi da:

IS → izenordaina

Bestalde, izenordainak deiktiko gisa jokatzen du beti, hau da, testuan ageri diren ni, zu, gu, elkar… izenordainek komunikazio-egoera jakin bateko igorleari eta hartzaileari egiten diete erreferentzia.

Izenordain motak

Batetik, pertsona izenordainak eta izenordain zehaztugabeak bereizten dira. Pertsona izenordain arruntek (ni, hi/zu/berori, gu eta zuek) bestalde, forma indartuak ere badituzte (nihaur, zuhaur…). Hirugarren pertsonarako bera erakusle indartua erabiltzen da, edo izenordain zehaztugabeak (nor, norbait, edonor, zerbait, norbera, inor…). Beste ere izenordaina izan daiteke batzuetan, zehaztugabea. Izenordain bihurkariak eta elkarkariak ere badaude: -en burua eta elkar.

Hirugarren pertsonaren inguruan zalantzak dituzte beti gramatikariek, ez dagoelako argi benetan hirugarren pertsonarik badagoen. EGLU Ien (70. or) esaten da ez dagoela hirugarren pertsonari dagokion izenordainik, berez ez dagoelako pertsonarik hor: ni edo zuek diogunean pertsonez ari gara, baina hura gauza bat ere izan daiteke. Gainera, izen batekin ager daiteke, edo izena isilduta, izenordain funtzioarekin: hura erori da / [mutil] hura erori da. Horrenbestez, euskaraz bera erabiltzen dugu (determinatzaile nahiz izenordain izan daitekeena) beste hizkuntzetako hirugarren pertsonako izenordainen pare (ez da inoiz ere gauza bat), bera da pertsona izenordainetatik hurbilen dagoen hirugarren graduko erakuslea: berak ekarri du.

Izenordainen sailean ez ditugu sartu ohiko gramatiketan izenordaintzat hartu izan diren zenbait elementu. Adibidez, izenordain pertsonaletan ez ditugu lehen eta bigarren pertsonakoak baizik aipatu. Eta halaxe da: berez pertsonatzat lehenbizikoa eta bigarrena bakarrik har ditzakegu. Hirugarren pertsona deitzen den hori ez da, berez, pertsona: pertsona nahiz beste edozer izan daiteke. Zenbait gramatikatan bera eta gainerako erakusleak (hau, hori, hura) hartu ohi dira hirugarren pertsonako izenordaintzat. Hori horrela izanez gero, erakusleak eta antzekoak bi aldiz sailkatu beharko genituzke: batetik determinatzaile modura eta bestetik izenordain madura.[…] ( EGLU I, 70. or.)

Izenordain hauek aztertuko dira hemen:

Izenordainak
Pertsona izenordainak Zehaztugabeak Bihurkariak elkarkariak
Arruntak: ni, hi, zu, gu, zuek, berori… Galdetzaileak: nor, zer, zein x-en burua (bere burua, zure burua…) Elkar, Bata beste, Ene/neure, hire/heure…
Indartuak: neu, heu, zeu, geu, zeuek… Galdetzaileetatik eratorriak: norbait/zerbait
nor edo nor/zer edo zer
edonor/nornahi
ezer/inor/nehor (deus, batere)
nortzu, zertzu, zeintzu, zerbaitzu, zenbatzu
ezertxo, inortxo, zertxobait
norbera, nor bere
beste

Erreferentziak

  • Alberdi, Xabier (1994), Euskararen tratamenduak: erabilera, Bilbo: UPV/EHU (Doktorego tesia)
  • Alberdi Larizgoitia, Xabier, Euskararen tratamenduak: erabilera, Iker-9, Bilbo: Euskaltzaindia, 1996
  • Altube, Sebero (1929), Erderismos, Bermeo: Gaubeka Irarkola
  • Yrizar, “Observaciones referentes al empleo de las formas alocutivas” (Yrizar, 1981, II: 375-387)
  • De Rijk, Rudolf (2008), Standard Basque Cambridge: MIT Press
  • Allieres (1960) (Allières-ek (Allières, 1960) argitaratutako “Petit atlas linguistique basque français Sacaze”)
  • EGLU-I
  • Kintana, Xabier (1971), “Posesiboak idazle zaharretan”, FLV 3: 75-80.
  • Mitxelena (1988), “Sobre historia de la Lengua Vasca”, Anejos del Seminario de Filología Vasca “Julio de Urquijo” (ASJU) 10, Donostia
  • Saltarelli, Mario, et al. (1988), Basque, London and New York: Croom Helm.
  • Sarasola, Ibon (1980), “Nire/neure, zure/zeure literatur tradizioan”, Euskera 25: 431-446.
  • Uhlenbeck, Christian C. (1927). “Baskisch elkar” Mededeelingen der Koninklijke Akademie van Wetenschappen, Afdeling Letterkunde; dl.63, nr.6; Serie A. Letteren, wijsbegeerte, godgeleerdheid, 179–182. (See re´sume´ by Georges Lacombe, 1928, in RIEV 19:168.)

Glosategia

  • Deiktiko: seinalatzeko edo deitzeko erabiltzen diren hizkuntza unitateak dira deiktikoak, seinalatzaileak, alegia. Testuan egonik testutik kanpoko elementu bat seinalatzeko, deitzeko erabiltzen dira. Ikus harreman deiktikoak atala. Bidenabar, deiktiko horiek anafora zein katafora izan litezke.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Izenordaina", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3