Erabiltzaile Tresnak


morf:5:4:1

Pertsona izenordainak

  • Aitor Galdakaon jaio zen. Galdakaoko Andra Mari eliza
  • Bera Galdakaon jaio zen.
  • Gu Galdakaon jaio ginen.

Bera eta gu izenordainak Aitor bezain izenak dira adibide horietan, izenaren ordez erabiltzen ditugun pertsona izenordainak dira.

Gramatikek pertsona izenordainak aipatzen dituzte pertsonen gramatika ezaugarriak erakusten dituztelako (euskal aditzak ere islatzen ditu ezaugarri horiek). Pertsona izenordainek ez daukate eduki lexikorik, diskurtsoan parte hartzen duten pertsonak izendatzeko erabiltzen dira, hau da, ezaugarri deiktikoak dauzkate. Izenordainak deiktiko gisa jokatzen du, hau da, testuan ageri diren ni, zu, gu, elkar… izenordainek komunikazio-egoera jakinetako igorle eta hartzaileak adierazten dituzte. Han, hemen eta antzeko aditzondoek diskurtsoko toki jakin bati erreferentzia egiten dioten bezala, zu izenordainak “nirekin” edo “gurekin” elkarrizketan ari den pertsonari egiten dio erreferentzia. Horrenbestez, pertsona izenordainak lehen edo bigarren pertsonarekin lotzen dira; hirugarren pertsonaren lekua erakusleek betetzen dute.

Diskurtsoko pertsonak

Lingua Vasconum Primitiae

Euskarak lau izenordain hauek erabili izan ditu lehenengo eta bigarren pertsonen ordainetan:

  • ni → (1. perts/sing)
  • hi → (2. perts/sing)
  • gu → (1. perts/pl)
  • zu → (2. perts/pl)

Horiek hartuta, aditz batek lagunduta, honela geratuko litzateke izenordainen eskema:

  • ni nator
  • hi hator
  • gu gatoz
  • zu zatoz

Baina gaurko euskaran ez da hori gertatzen: batetik, hi markatua da, ezin da noiznahi eta nolanahi erabili, eta alokutiboaren adizkiekin lotzen da ezinbestean; bestetik, zu bigarren pertsona singular bezala erabiltzen dugu, eta zuek bigarren pertsona plural gisa. Baina zuek berriagoa da, eta euskal morfologiak (batez ere aditzak) erakusten duenez geroago sortu da, nahiz euskaraz argitaratutako lehenbiziko liburuan (Linguae Vascomun Primitiae, 1545, Etxepare) ageri den.

  • Icussiric anhicetan beflarrian pobria
    Erí gosse egarria eta buluzcorria
    Ene ycenian anhicetan galdeguinic limosna
    çuyec vqhen baytuçuye heçaz guti ansia. (Linguae Vascomun Primitiae, Etxepare)

Beraz, aldaketa hau gertatu da historian zehar euskal izenordainekin:

  • ni, hi, gu, zu → ni, hi/zu, gu, zuek

Hau da, zu zatoz singularra da egun baina plurala zen lehen, pertsona bati baino gehiagori egiten zion erreferentzia. Ondorioz, asimetria sortu da aditzaren morfologian (ikus Hizkuntza ergatiboa atala) eta pluralerako zuek zatozte sortu du hizkuntzak. Bigarren pertsonakoa da berori ere, geroago aztertuko dugu.

Diskurtsoko erreferentzia eta aditz morfologia

Pertsona kontzeptuak bi interpretazio ditu gramatikan: batetik, diskurtsoko hizketariak deitzeko erabiltzen dugu (lehen aipatu dugu deixia); eta bestetik, aditz flexioaren marka morfologiko batzuk ere seinalatzen ditu. Horren arabera, hiru pertsona bereizten dira euskal aditzean:

  • hitz egiten duena (lehenbiziko pertsona)
  • nori hitz egiten dion (bigarren pertsona)
  • nortaz edo zertaz hitz egiten den (hirugarren pertsona).

Aditz morfologiak ezaugarri horiek islatzen ditu:

  • ni nator / nator → n: hitz egilea, lehen pertsona singularra
  • diozu, zaio…

Lehenbiziko eta bigarren pertsona, beraz, elkarrizketariak dira. Hirugarren pertsona, berriz, izenei dagokie.

Diskurtsoko pertsonak (ni) aditz morfologian (nator) islatzen direla esan dugu baina beti ez da betetzen arau hori. Beroriketa tratamenduan ikusten da hori: berori forma bigarren pertsona seinalatzeko erabiltzen dugu, baina aditzean hirugarren pertsonaren markak hartzen ditu: berori dator, bigarren pertsona da esanahiaren aldetik, baina formaz hirugarrena. Izen sintagmei (zaharra, mendia, zuhaitzak…) hirugarren pertsona dagokie bi zentzutan: diskurtsoan zertaz ari garen adierazten dute, eta aditzean ere hirugarren pertsonaren markak hartzen dituzte (ikus hemen Inflexioa eta Aditz komunztadura). Baina gehienetan paraleloak diren “diskurtsoko erreferentzia” eta “aditz morfologian” badira salbuespenak: adibidez, korrikalariok asko jaten dugu esaten badugu, subjektuan diskurtsoko hirugarren pertsona erabiltzen dugu (korrikalariok), baina aditzean lehenbizikoa (dugu). Adibide korapilatsuagoak ere badira, eta zalantzak ere sortzen dira sarri:

  • ? ni naiz kafea ekarri dizuna / dizudana
  • zergatik egiten diozu oihu aitari? (=zergatik egiten didazu oihu?)
  • begira ze mozoloa den hau! (=begira ze mozoloa zaren zu!)

Azken bi adibideetan hirugarren pertsona jartzen dugu lehenbizikoaren tokian.

Euskaltzaindiak honetaz

Glosategia

Alokutibo: nor, nori eta nork pertsona-morfemez gain, solaskidearen marka ere azaltzen duten adizkiak dira alokutiboak. Euskal aditzean bi erregistro edo maila daude: neutroa eta alokutibo edo markatua. Solaskidearen marka bi modutan isla daiteke adizkian:

  • Hika: toka (gizonezkoari) eta noka (emakumezkoari) ere esaten zaio hika-ko tratamenduari.
  • Zuka: xuka ere esaten zaio.
  • Laguna kalera joan da. NEUTROA
  • Laguna kalera joan duk/dun. HIKAKO ALOKUTIBOA
  • Laguna kalera joan duzu.ZUKAKO ALOKUTIBOA

Ikus Euskararen tratamenduak atala, honetan guztian gehiago sakontzeko.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Pertsona izenordainak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3