Erabiltzaile Tresnak


morf:5:4:1:1:1

ni

Lehen pertsona singularraren izenordaina da eta hiztunari dagokio beti:

  • Ni irakaslea naiz.
  • Atzo liburuak eman zizkidan irakasleak niri.
  • Maite nirekin etorriko da bilerara.

Genitiboa

Forma indartuak alde batera utzita, izenordain honen forma genitiboak, eta genitiboa oinarri duten gainerako postposizioek aldaera bat baino gehiago daukate. Eredu estandarrean bizkaierazko aldaera onartu da, nire (niregana, nirekin, niretzat…), baina hainbat gipuzkoar idazlek ere erabili izan dute forma hori, Inzak, Orixek eta Etxaidek esaterako:

  • An lotu zan nire nagosia ta ni agaz, eta kapa-muturra ezker-aldera yaurtiten ebala, giltza bat atara eban besartetik, idigi eban atea, ta etxera sartu giñan. (Tormes-ko itsu-mutila, "Orixe")Esku liburua

Euskararen historian gehien dokumentatu den aldaera, hala ere, nere da, hori baita XIX. mende hasieratik gehien hedatu dena (zuberera, bizkaiera eta Pirinioetako mintzairak kenduta). Iparraldean eta autore nafarren lanetan lehenagotik ageri da, XVII. mende amaieratik. Idazle zaharrenek, ordea, ene erabiltzen dute gehien:

  • Balinetan ioan ez aninz ogenduru ninzaten Ene kontra falseria bethi zinhetsi zaten Iustizian enzun baninz sarri ialgi ninzaten Haren faltaz hasi nuzu iaugitiaz doluzen. (Linguae Vascomun Primitiae, Etxepare)
  • SARAKO ESKUARA ESKUAL-HERRI GUZTIAN ESTIMU, ETA OSPE HANDITAKOA DA § 1 Laudorio emaillen eginbidea denaz geroztikan Sort-herriaren loriez, eta abantaillez mintzatzea, arrozoinekin ene hertarrek erantzuki egin lezakedate: baldin orai parada hunetan ezbanintz mintzatzen ene Sort-lekhuaz, eta herriaz. Zeren Basilio Sainduaren eredura, laudorio emailen arteko legea baita, Sort-herriaren abantaillen erakustea, eta argitara emaitea; Beraz ene eginbidea da, Sara ene Sort-lekhuaz, eta Laburdi ene herriaz mintzatzea; eta hala lehenbizirik mintzatuko naiz ene Sort-lekhuaz. (Escuararen hatsapenac, Etcheberri (Sarakoa))

Gaur egun esapideetan erabiltzen da batez ere ene:

  • ene!

Izenaren ondoan ere ageri da nere, zentzu maitakorrarekin:

  • ama nerea!
  • Oi ama, oi ama nerea,
    nor eta zer naizen?…
    Oi ama, benetan, zure semea
    ez daki iñork zer den! (Olerkiak, Loramendi)

Biderkatzea

Biderkaturik ere erabili izan da literaturan nire, egiturari indarra emateko:

  • […] bere seme gaizto Absalon galdu zuen aldian, ta galdu bazuen ere berari bere erreinu guzia kenzera zetorrela ta beraren soldadu berei eman zien batall gaiztoan, ill zelako berria aditu zueneko, damuz, bihotzeko miñez ta naigabez beterik asi zen esaten: “Absalon, nere nere seme maitea, nere seme Absalon, nork eman lezakedan zure ordez ni ill ta zu bizirik gelditzea” (Igande eta festegunetarako irakurraldiak, Mendiburu, S.,)
  • Oh! hemendik aintzina, nola bihotz bethetasun osoaz zugana bihurturen naizen! Nere gauza guziak nola utziko ditudan zure gainera! Eta nerera zu zerbitzatzea eta bihotz guziz maithatzea nola dudan hartuko! Oi Jesus nerea eta osoki nerea, eta nere-nereagoa, ni neror neretzat baino. (Liburu ederra, Duvoisin)
  • Giza-familia ososaren interesak, nere-nereak bezala artu bear ditut (Villasante)
  • Niretzat etsairik gaiztoenak izandakoak sortua izan ba zera ere, ezagutu zaitudan ezkeroz nire-nirea baiziñan maite zaitut. (Kristau fedearen sustraiak, Villasante)

On Kixote Mantxako

Egungo testuetan, oso adibide gutxi aurkitu ditugu, zehazki bi liburutan baino ez, eta biak dira itzulpenak, On kixote Mantxako eta Hiltzaile baten aitormena:

  • […] askotan, jendaurre eta egokiera askotan saiatu naiz ni, ia erabat zabaldutako uste ustel hori egia-argitan zuritzen; batzuetan ez naiz nirearekin aurrera atera, beste batzuetan bai, egiaren lepagainean eutsi eta eutsi; hain da, izan ere, egiazkoa egia hori, Amadis Gaulakoa nire-nire begiz ikusi dudala esateko ere banago: gorputzez lerdena zen; aurpegi-zuria; bizarra, naiz eta beltza, oso egokia; begi zorrotz bigun bitartekoa; arrazoitan motza; zital gaitza eta barkabera; eta horrela, Amadis egin dudan bezalaxe irudi marratu nezake noski, nik […] (On Kixote Mantxako, Miguel de Cervantes / Patxi Ezkiaga)
  • Zera da ni harriturik naukana, eta orain egunez dela bezain seguru dakit nik hori, Durandartek nire eskuetan bukatu zituela bere egunak; eta, hil eta gero, nire-nire eskuz atera niola bihotza; libra bi izango zen, egia esan; kemen handiago omen du eta, izadilari eta zaldun hura benetan hila izanik, nolaz aritzen da orain, bizirik balego bezala, hasperenka eta aieneka? (On Kixote Mantxako, Miguel de Cervantes / Patxi Ezkiaga)
  • -Baliteke hori guztia, Santxo - Don Kijotek berriz - baina ez da horrela; nire-nire begiz ikusia eta nire-nire eskuz ukitua baita nik esandako guztia. (On Kixote Mantxako, Miguel de Cervantes / Patxi Ezkiaga)
  • Hara zergatik: nire-nire begiz ikusi ez banu, zeinek sinestarazi behar zidan niri, munduan tximino asmatzaileak badirenik? (On Kixote Mantxako, Miguel de Cervantes / Patxi Ezkiaga)
  • Nire-nire poltsikotik lera bat pagatu nuen haren atzetik joateko, eta nire-nire poltsikotik pagatu nituen morroiak eta mirabeak han-hemen entzundakoak kontatze aldera. (Hiltzaile baten aitormena, Joseph Roth / Matías Múgica)

Datiboa

Datiborako niri forma onartu da euskara estandarrean, neri forma berriagoa (nere-n oinarritua) baztertuta.

Hauxe da, hortaz, Euskaltzaindiaren erabakia: ni izenordainaren noren kasuan nire erabil dadila (eta, jakina, niretzat, nirekin), eta orobat ene, maila jasoan bederen; nori kasuan niri erabil dadila.
Ikus hemen Euskaltzaindiaren ene/nire, niri araua.

Niri euskalki guztietan erabili da, eta Etxepareren liburuan ere ageri da:

  • Vnsa ~uc har banen~a~u gomendutan gogotic
    Ecin damna nayndeyela cinesten dut segurqui
    Anhiz veguiratu du~ galduren cenetaric
    Niri ere hel ~aqui~at othoy galdu gaberic.
    (Linguae Vascomun Primitiae, Etxepare)

Baina eni ere ongi dago dokumentatuta: XVIII. mende erditik aurrera behe-nafarreraz eta zubereraz ageri da, eta Hegoaldean Añibarro hasi zen erabiltzen. Orixek eta Etxaidek ere erabiltzen dute:

  • Eni eginiko mesedeena. (Escu-liburua, Añibarro)
  • Ozen esaten ditut
    neunek entzuteko;
    nire mintzo au, aldiz,
    ez izan ordeko.
    —Oek ere ez aal lute
    maiz urardotuko!—
    Mintza Zerau garbiro
    eni irakasteko! (Barne Muinetan, ("Orixe")

Egungo literaturan ere adibide asko daude, Iparraldeko idazleen artean batez ere:

  • Ez diezadala berriz otoi eni erran Sasiondoko teologo berriak “Ebanjelioa duela nahi irakatsi eta ez euskal gramatika”! Galda niezaioke berari, ea bere ebanjelioa irakasteko nahitaez darabilen gramatika, norena ote den: aingeruena aments, ala gaskoinena? Ezen ez dugu ihespiderik: aitortzen ez den fedea galtzen da. (De re publica edo politikaz, Xarriton, P.)
  • Indianoak ikusten dira, beha eni! (Septentrio, Arkotxa, A.)
  • Ama jina baxira eni moralaren egitera eta zer egin behar dutan erratera, itzultzen ahal xira berehala. (Zeruetako erresuma, Borda, I.)

Instrumentala

Instrumentalean nitaz da forma erabiliena:

  • Adibide klasikoak:
    • Bikendik igarri dio nexka maitearen eskuari, ta mintzo argalez diotsa: Erruki nitaz, Mireio, ta Yainkoari otoitz, oraintxe bearrean naun eta. (Mireio, "Orixe")
    • Halere, ontsa ez den zerbait egitera banoake, ausaz Danceny jaunak berak ez luke jadanik uste onik nitaz! (Harreman arriskutsuak, Choderlos de L.)
  • Egungo adibideak:

nitaz formarekin batera, niri buruz egitura ere erabiltzen da:

  • Adibide klasikoak:
    • Ene sotana ikustearekin Aleli-ri gogoratu zitzaion batzuetan entzuten den erran zaharra: “ Erregeak eta Apezak dituguno, beti gerla izanen dugu! ” eta bota zuen niri buruz: “ Hau apeza duk! Honek behar dik gaur hil! ”. (Oroitzapenak, Larzabal, P.)
    • Hemen bederen, español olio higuingarriaren usainak ez gitu nardatu, dio niri buruz itzulirik gure zerbitzarietarik batek. (Beribilez, Etchepare, J.)
  • Egungo adibideak:
    • Ikastolara doazen ume guztiek ikasi beharko dute folio bat niri buruz, baina gero, kalean, ez zara inor. (Zortzi unibertso, zortzi idazle, Urkiza, A.)
    • Esan bai, baina pentsatu zera pentsatu dut: “zer arraio esan ote die Peterrek eskolakoei niri buruz? Nire erdipurdiko ingelesarekin ez naiz, ba, pertsona egokiena mintzamen eredua izateko inorentzat. (Ekialdeko mamuak, Arretxe, J.)

Izen gisa

Izen gisa ere erabiltzen da ni, sustantibatuta, alegia:

  • Adibide klasikoak:
    • Berjakintza-petiko gorena (berjakintza gaindikoa esan genezaioke); oso bestelakoa, gure benetako nortasuna da eta gure egiazko “ni” - a; gorputza hil ondoan han dugu bizi, bai eta gorputza sortu aurrean ere, Geley-ren ustez. (Artikuluak, Mirande)
    • Eta maiz egingo dugu topo horrelakoekin, “ni” hori ez baita ez laburra ez meharra (Idazlan guztiak, Mitxelena, K.).
  • Gaurko adibideak:
    • Arantxa Urretabizkaiak bere Nia ez ezkutatzeko eskubidea aldarrikatzen du, ama alabaren begiz deskribatu beharra, eta baita, amaren irudian emakumea ere badagoela agerraraztea. (Zortzi unibertso, zortzi idazle, Urkiza, A.)
    • Lehenik, subjektuaren barne haustura daukagu: Legearen hitzarekin bat egin duen nia eta Lege horren aurka borrokatzen den desira ez-zilegia. (ETAren hautsa, Joseba Zulaika)
    • “Iruditzen zait puntako bertsolari izateak, “nia” puzteko aukera ematen duela, eta hori beti da erakargarri, baina, bizi honetan egin dezakegun gauzarik ederrena juxtu kontrakoa da: (Trapuan pupua, Perurena, P.)
    • Zeren beldur izan nintekeen galdegiten nion neure buruari; nire ni ausartak barre egiten zion nire ni beldurtiari, eta inoiz ez dut egun hartan bezala sumatu gure baitan ditugun bi izakari horien arteko kontrakotasuna, batek baietz, nahi zuela, besteak ezetz, aurka eginez, aurrena bat, hurrena bestea, gailentzen zirela. (Fantasiazko ipuinak, Guy de Maupassan / Josu Zabaleta)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "ni", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3