Erabiltzaile Tresnak


morf:5:4:1:1:2

hi

Bigarren pertsona singularreko izenordainetako bat da hi, zu formaren parekoa, eta hiztunak aurrean daukan entzuleari egiten dio erreferentzia. Hala ere, zukako moldea ez bezala, hika oso markatua da, ez da neutroa, eta lagunarteko hizkeran edo anai-arreben artean baino ez da erabiltzen:

  • Hire autoan joango gaituk/gaitun lanera.
  • Bazakiat bitxia irudituko zaiala, baina hire etxean geratu beharra zaukaat. (Gezurrak, gezurrak, gezurrak, Iban Zaldua)
  • Gero, hik arma jaitsi huen, oso astiro. (Sandor Marai/Xabier Olarra, Azken hitzordua, 33)

Hitanoa edo forma alokutiboak erabiltzen direnean, aditz jokoan ere forma horri eutsi behar zaio:

  • *Hik egingo duzu dantza.
  • Hik egingo dun/duk dantza.

Horrenbestez, esan bezala, hi aukeratuz gero, ezinbestekoa da aditz sistema osoan hitanoa erabiltzea, alokutiboa.

Atal honen hasieran esan dugunez, hurbiltasun handia adierazten du hitanoak, hau da, ezin da zuka bezala nonahi eta nolanahi erabili. Toki batetik bestera, gainera, aldatu egiten dira hitanoa erabiltzeko baldintzak: batzuetan lagunartean erabiltzen da; beste batzuetan mutilen artean bai, baina nesken artean ez, edo mutilek neskei bai eta alderantziz ez; toki batzuetan anai-arreben artean bai, beste batzuetan ez; senar-emazteen ere tokiaren arabera1… Murrizketa horiek gorabehera, ez da egokia hika egitea adeitasuna zor zaion norbaiti2. Hori dela eta, hika ez dagokion lekuan erabiltzea “ijito hizkeratzat” (Azkue, R. M.k ematen du horren berri) hartu dute batzuek. Hala ere, badirudi galduta zuten zenbait inguru eta girotan berpizten ari dela molde hau.

Kontuan hartu bestalde, hiztunak aurrean daukan entzulea nor den, sexua ere bereizten dela hitanoan. Aurrean dagoena mutila bada, hizlaria mutila nahiz neska izan, honela egituratu beharko dugu:

  • hiri esan diat eta hik egingo duk.

Aldiz, mintzakidea neska baldin bada, hitz egiten ari dena mutila nahiz neska izan, honela eman beharko da:

  • hiri esan dinat eta hik egingo dun.

Garibay, E.k bere garaian ere erabilera honen berri ematen zuen.

Ikus hemen Euskaltzaindiak gai honen inguruan esandakoak

Bokatiboetan

Hi asko erabiltzen da bokatiboetan:

  • hi, hator hona!
  • hi heu!
  • hi haiz gaizki erraile bat!
  • Adibide klasikoak:
    • Hi haiz hobendun handiena! ERRETORA: Orhoit hadi, Joanesen familia aitarik gabe ezarri dukala. (Etxahun, Larzabal, P.)
    • Ohoinak ere noiz-nahi Horren sainga ilhaunari Gabaz ziren irriz ari: “Xakhur prestua hi haiz, hi!” Gero ixiltzea sari, Jo harrika gaixoari. (Kantikak eta neurtitzak, Zalduby)

Bizkaieraz urriagoa den arren, tradizioan euskalki guztietan ageri da (XIX. mende hasierako autore gehienetan -Mogelek kontatzen duen Peru Abarkako alegia kenduta- ez da ikusten). Mendearen bigarren aldian, ordea, gehienek erabiltzen dute.

Grafiari dagokionez, hegoaldekoa izan arren, Larramendik hrekin idazten du.

  • ZORRONDO: (Astoari) Ale, hi, babil hortik!.
    PELO: (Lerhotik) Hi, gaizo Bittor, habil etxerat, xuxen xuxena gero!. (Antzerki laburrak, Larzabal, P.)
  • Hi, hoa hemendik! Betterra lasterka emaiten da ihesari, manatu zaion bezela, eta kontent! Orduan apez xaharrak, burua guti edo aski nahasirik, argi-hiltzeko makil luze hura hartzen du bi eskuz, eta kask, gain-behera Murtutsi: - To, atxikak hori, mutur beltza! Pin, pan! Krik, krak! patapun! hogoi-ta-bortz zati egin omen zen harrizko […] (Murtuts eta bertze, Lafitte)
  • Eta lotsatzen ez aiz hi ta hire lagun oroitzar horiek, lan txarra deitzea lanik gaitzen ta latzenari? Hi ta hire ballerakoak besterik ezpaliz mendarte oietan, euskeraren saietsetik euskaldunok galduak, baita tuak ere gindukek, erdaldunen bekaitzez ezin ekusiaz, ta juzku gaiztoz. (Euskal testuak, Larramendi, M.)

kakotxa
kakotxa
Ulysses-ek 18 kapitulu ditu, elkarren oso desberdinak, eta gertaeren denbora egun batera dago mugatua: 1904ko ekainaren 16ko goizeko zortzietatik hasita, hurrengo 18 orduen kontaketa egiten du

Batzuetan hi horren ordez motel ere erabiltzen da, antzeko balioarekin:

  • -Esna hadi, motel! - erregutu zidan anaiak. (Putzu, "Txillardegi")
  • -Asko sentitzen diat, motel. (Dublindarrak, Joyce, J. / Irene Aldasoro)
  • Aitonak - “ Zer diok, motel! Aitaren, Semearen. (Garoa, Aguirre, D.)
  • Eta erantzun zidan: Zer egingo diagu ba, motel! Berriz ere bateonbat etorriko al dek noski! Eta alaxen aldegin nuan baserri artatik, txakur txiki bat ere artu gabe. (Neronek tirako nizkin, Salaberria, S.)

Leku postposizioak

Leku postposizioak gehituta, gramatika klasikoetan (Ithurry, Laffite) hitan, hitara, hitarik… gomendatzen dira.

  • Eztezala menosprezia hitan den dohaina, zein eman izan baitzaik profetiaz, Anzianoen konpainiaren eskuen inpositionearekin. (Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria, Leiçarraga)
  • Baldinetaria uzten ez baduk, huna non igorriko dudan hitara, eta hire zerbitzari, eta hire populu, eta hire etxeetara zer-nahi uli: eta uli mota guziez betheko dira Egiptoarren etxeak, eta hekiek izanen diren lurra oro. (Kaniko eta Belxitina, Oihenarte, J.)
  • RAMONA: Gogotik eskua altxa nezakek hitarik hurbiltxago banintz, marmalu beltza, hi! SEKRETARIOA: Ho, ho, Jaun Presidenta. (Mugari tiro, Larzabal, P.)

Hala ere, testuetan sarriago ageri dira hiregana(t), hireganatu, eta zaharrenetan hire baitan ere bai. Leiçarragak hireganik erabiltzen du. Hala ere, hi baitan, hitan eta hiregan ere erabili dituzte zenbait egilek. Instrumentalean hitaz da aldaera erabiliena.

  • NAUSIA: Zer behar diagu beraz, gure langile bat errenatzat? Hire ofizioarekin maiz izanen dituk jende handiak hireganat etorriko direnak. (Lana eri, Larzabal, P.)
  • Bai, Jainkoa hor ziagok Auhenez eta nigarrez, Hireganat ethorririk Gu konsolatu beharrez. (Egia katholikak, Gasteluçar)
  • Bapo! Gizon gelditu haiz, Enrike! Andre batek ez hau menderatu, baina ezta, hik ere hireganatu, eta bera gabe ez haiz biziko. (Goi argi, Barriola)
  • Eta gitarrarien boza, ez musizianoena, eta ez xirola eta tronpeta joileena ez dun adituko gehiago hire baithan; zer nahi ofiziotako ofizialerik batere ez dun aurkhituko hire baithan gehiago, eta errota harriaren habarrotsa ez dun adituko hire baithan gehiago. (Jesu Kristoren ebanjelio saindua, Haraneder, J.)
  • Eta dohain eta gratia hauk hireganik inpetra ahal ditzagunzat, ezadila othoi gure falta handiez eta anhitzez gehiagorik orhoit, baina eure miserikordia handiagatik barka ietzaguk hek, egiaz inuokaturen autener egiteko prometatu drauean bezala. (ABC edo Kristinoen instrukzionea, Leiçarraga)
  • Hire arimaren gozoko frütak joan dütük hireganik, eta gaiza gizen, eta ederrak, galdü zaitzak, eta ez-tütü hurak haboro edirenen. (Beste zenbait itzulpen, Intxauspe, E.)
  • Oi! nere dohakabea! Oi! zeru ederra, erresuma loriosa! Neretzat egina hintzen; hi baithan erreginatzeko ta nere Jainkoaz gozatzeko nintuan egina. (Meditacioneac gei premiatsuenen gainean, Duhalde)
  • Herri preziatua, aita-amen lurra, Mendiek ez askiren harroken bulharra Kondenatzeko bethi hazi duian haurra, Uzten badu bethikotz hitan den tresora. (Eskaldunac, Hiribarren, J.M.)
  • Ez eiki eguna hitan, Eztuk satisfazerik: Nihork eztik bere baithan, Hitaz gozo osorik. (Deboten brebiarioa, Argaiñaratz, P.)
  • Hiregan (Itun Berria. Elizen arteko Biblia)
  • Mintzatu nauk hitaz herriko eta jandarmen buruzagiekin. (Etxahun, Larzabal, P.)

Gaian sakonduz

Ikus hemen Ahotsak webgunean “Hika” eta “berorri” formen erabileraz jaso duten lekukotza.

1 Gai hau (hitanoaren erabilera) Alberdik (1994, 1996) aztertu du: ikus Tratamenduen erabilera atala eta Erreferentziak atalean jasotako lanak.
2 Erabilera honen ohiturak gaur egun ez badatoz bat, historian ere aldatuz joan dira: Leizarragak hi erabiltzen du Jaungoikoari zuzentzen zaionean: Irakats gaitzak eure borondatearen egiten, ezen hi aiz gure Iainkoa: hire Spirituak bide xuxenera gida gaitzala, othoi eta zu, berriz, erreginarekin bakarrik erabiltzen du: Baina are gehienik bihotz eman ukan zerautana zen nik nuen esperanza, ezen moien hunez Iainkoaren hitz purak ukanen luela sartze eta abanzamendu Heuskal-herrian: eta hunetakotzat zu Andrea, hunez zerbitzaturen zinadela tronpeta baten anzora, zeinez Iainkoak deitzen baitzaitu hala zure Nafarroako resuman ere Satani gerla egitera, nola egin eta egiten ere baitraukazu zure dominationeko berze leku guzietan.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "hi", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3