Erabiltzaile Tresnak


morf:5:4:1:1:3

zu

Bigarren pertsonako izenordaina da zu, neutroa, ez-markatua. Singular balioarekin erabiltzen da egun, baina garai batean plurala zen, eta pluraltasun horren aztarnak aditzean geratu dira: "Zu" esaterakoan, sarri hatz erakuslearekin seinalatzen dugu mintzakidea

  • Nik hi aipatu haut. (*haitut)
  • Nik zu aipatu zaitut. (*zaut)
  • gu gabiltza / zu zabiltza
  • ni nabil / hi habil

Pertsonen markak argi ikusten dira hor:

  • ni –> n
  • hi –> h
  • gu –> g
  • zu –> z

Baina plural marka ere ageri da gu eta zuren kasuan: -tza. Beraz, simetria handia dago ni/hi eta gu/zu izenordainen artean: nabil / habil; gabiltza / zabiltza. Baina zu singularrera pasatu eta hark utzitako tokia zuek izenordain berriak bete behar izan duenean, asimetria handiak sortzen dira. Batetik, –tza pluralgilea ageri da singularrean (zabiltza); eta bestetik, zuek izenordainaren marka berriak gaineratu behar dira: nabil / zabiltza; gabiltza / zabiltzate.

Gauza bera gertatzen da perpaus honetan:

  • haiek zuek ikusi zaituztete
  • z- –> pertsona
  • –z- –> pluralgilea
  • –te- –> halamoduzko pluralgilea
  • -te –> hirugarren pertsonaren marka
Gehienentzat bigarren pertsona singularreko izenordain bakarra zu da egun, eta areago hi erabiltzen ez dutenentzat. Hi eta zu, biak erabiltzen dituztenek, ordea, egoera batzuetan bat eta besteetan bestea erabiltzen dute: aitari edo amari, eta oro har errespetuz hartu nahi dituzten mintzakideei zu esango diote, baina adiskideari, anaiari, edo konfiantzazko mintzakideei, beharbada, hi.

Kasuak

Instrumentala

Instrumentalean zutaz da tradizioan gehien erabili den forma, Euskal Klasikoen Corpusean makina bat adibide dago jasota:

  • O noiz etorriko da gaitz horien finamendua? noiz libratuko naiz bizioen gathibutasun ondikozko hunetarik? Noiz, Jauna, zutaz xoilki orhoituko naiz? noiz neure bethean boztuko naiz zure baitan? Noiz izanen naiz egiazko libertatean traburik gabe, gorputzeko eta arimako garririk gabe? Noiz izanen dut bake konpli hura, bake seguratua, eta ezin hautsizkoa, barreneko eta kanpoko bakea, bake alde guzietarik finkatua? Jesus ona! noiz agertuko naiz zure aitzinera zure […] (Iesusen Imitacionea, Pouvreau, S.)
  • Ez gira zutaz ari.
    TARTALET: (Sekulako elasturian) Ez gira zutaz ari, gu. (Senperen gertatua, Larzabal, P.)
  • Ekusiko dezu, zure Jaungoikoa zutaz ez urrikaltzera, ara bearra ziñala zu, ta an kiskiltzen ta erretzen beti, ta beti, egon bearra. (Jesusen amore-nequeei, Mendiburu, S.)

Adlatiboa

Adlatiboan zugana da erabiliena, eta Iparraldean gehiago zuregana:

  • O nere Jaungoiko guztia amoriozkoa! Zure Eriotza, ta obiagatik, zure pasio guziagatik, ta zure Ama maiteak orduan artu zuen biotzeko naigabe esan al baño andiago argatik, indazu, arren, Jauna, argi, ta indar andi bat nere biotza egiaz zugana biurtzeko, penitenzia egiazkoa, ta zuk naizun bezala, bizimodu berri santu bat artzeko, zure amorioan bizi, ta ill nadin. (Aita S. Ignacioren egercicioac, Cardaberaz)
  • Sarritan izan ziran benetan Uda odeitsu tristiak, Sarri bai sarri Gaztela-aldeko Trumoi-ots bildurgarriak, Zugana eldu ezin zirean; Baña euren oñaztarriak, Ta bai atzera biurtzen ziran Erdal-errira guztiak, Ipar-aixeak zirealako Lur onetako nausiak. (Ama euskeriaren liburu kantaria, Arrese Beitia)
  • Belu nator zugana.
    Ni barriz, zer nas zugana elduteko? Zu nire ao ta bular loian sartuteko? Enas ni ikuski zantar ezetarako ez bat; bekatuz kirastua; abere itsu bat, eta ezin geiagoan billau prestu eza? Bada, ze aurpegigaz elduko nas, Angeruen ogia yatera? Moyses zeure adiskide andiak biotzik ezpeukan, zeu agertu zintxakazan sasi erexeginera urreratuteko; San Yoan Bautista […] (Escu-liburua, Añibarro)
  • Ez dakit ezer garbiro eta iakiteko ustean nator zugana. (Auñamendiko Lorea, Aguirre, D.)
  • Ezen zuregana egiten Baldin badu ihesa, Zure faborea eztu Edirenen eskasa. Halaber zure baithan du Fabore edirenen, Nork ere baitu lasterra Zuregana eginen. (Eliçara erabiltceco liburua, Etcheberri (Ziburukoa))
  • Denak irten dira) XI (Sartzen dira Kanonigo eta Romulo) KANONIGO: Zuregana, Romulo, bake eske nator Nere deiari ez zaite, izan bada gogor. (Pastorala antzeko antzerkiak, Larzabal, P.)

Gaurko idazleek biak zugana eta zuregana erabiltzen dituzte, baina bigarren moldea gehiago:

Xabier Montoia

  • Zugana beso zabalik joan eta besarkatu zintuen. (Elektrika, Montoia, X.)
  • Hurbilduko naiz pixka bat gehiago zugana. (Ostiralak, Jon Arretxe)
  • Izan ere, kanpora joaten zarenean, ligako, UEFAko edo Eurokopako partidak jokatzera, haiei begira egongo naiz, urrun zauzkadanean ere zugana itzultzeko: zure begi gardenetara eta zure odol-zurrunbiloetara - eta, hatz erakusleaz sudur-punta behin eta berriro ukitzen zidala, mimo handiz erantsi zuen -: Egia esan, futbolari aparta zaren neurrian, zure bi hanka horiek moztu, formolean sartu, eta halaxe gordeta nahi nituzke […] (Odolean neraman, Irigoien, J. M.)
  • Nik ez nuen zuregana hurbiltzeko keinurik egin; zuk ere ez zenuen niganako pausorik eman; baina nirekin zegoen lagunak jo zuen irakasle jaunagana, aurreko ikasturteko tratu jatorra gogoan seguru asko, eta horrela sortu zen solasa, gu hirurok bildu gintuena. (Arima enkoniatuak, Mendiguren Elizegi, X.)
  • Laguntza behar izanez gero, jo kanpaitxoa eta zuregana joango gara - proposatu zuen Pilarrek, hala puntuak irabaziz denen aurrean. (Bost ahizpa, Aitor Arana)

Bestalde, zure baitara gutxiago erabiltzen da:

  • Iauna da zurekin, erran nahi da, berboa, zein baita Trinitatearen bigarren presuna, iautsten da zure baitara, zure baitan haragiaren hartzera. Zure baitara iautsten da, zure baitan egoiteko, ez xoilki amudioz eta graziaz, bainan oraino bere naturalezaz, zuk hura espiritualki zure ariman, eta zure gorputzean, bai espiritu bezala, bai haragi egin bezala, iduki dezazun amorea. (Giristinoaren dotrina, Pouvreau, S.)
  • Arrotza zure baithara onhets zazu, eta harek nahasmenduan eragotziko, eta zerorren ontasunetarik khenduko zaitu. (Biblia, Duvoisin)
  • Aingeruak erantzun zion: “Ats Sandua yetxiko da zure baitara ta Guziz Gorenaren indarrak itzal egingo dizu”. (Yesu Kristo gure Yaunaren bizia, Polikarpo, I.)

Ablatiboa

Ablatiboan zureganik (Iparraldean) eta zugandik (Hegoaldean) (zurengadik ere bai XX. mendean):

  • Zu etzaitezela penetan eman, etzazula iharduk zure gogoetekiñ; eztiozozutela ihardetz hark ematen darozkitzun dudei, baiñan siñhetz zazu Jainkoaren hitza; entzun zatzu Sainduak eta Profetak; eta zureganik ihesi egorriko duzu espiritu maleziazko hura. (Jesu-Kristoren imitazionea, Xurio, M.)
  • Bilhatu nauzu, zureganik Ihesi nenbillanean; Baldinba ez nauzu utziko, Bilhatzen zaitudanean. Hauk ere bada, zerbait dire Ni hemen urrikaltzeko, Eta zureganik humilki Grazia bat izateko. (Egia katholikak, Gasteluçar)
  • Uraz alde hartarat zirenean, Eliak erran zioen Eliseari: ikhus ezazu zer nahi duzun egin dezadan zuretzat, zureganik hastandu gabe. (Testamen çaharreco eta berrico historioa, Larreguy)
  • Arbolatik gaur jausten diran orri igarrak, Legez ama zugandik noa jausitera; Emon deust uste baga gazterik ill bearrak, Orbel bat legez noa auts biurtutera. (Asti-orduetako bertsozko lanak, [:egile:arrese_beitia|Arrese Beitia]])
  • Asi bada berbertatik; asi berriro animaren etsaia purrukatzen, jarrai gogotik aragiaren jaikiera gaiztoak azpiratzen, ekin griña oker guztiak zugandik kentzen. (Garoa, Aguirre, D.)
  • Jesus, Zugandik urrun ai!, ibilli gera, kabitik iges dagin txorian antzera. Zugandik urrun, berriz, itxaso nasia. (Biozkadak, "Jautarkol")
  • Alarik ere, lendabiziko makurkeria zuregandik asi zala agertu zidan, autorkuntzatik aparte. ( Araibar zalduna, Erkiaga, E.)
  • Or nengola mai banizun, zuregandik urruti nagola ziñez maite dizutela aitortu bear dizut. (Loretxo, Arruti, T.)

Horiek baino gutxiago zutarik eta zure baitarik:

  • Zure amodioaren gozoa erakutsi dautazu, ez nuen bizia eman dautazularik; zutarik urrun egokita zure zerbitzurat deitu nuzularik eta maita zitzatan dautazularik manatu. (Jesu-Kristoren imitazionea, Leon, L.)
  • Zion: Agur Maria, bakhar emaztea Dena garbi, argi huts, itzalik gabea Aita zurekin duzu; harena zurea; Zutarik sortuko da Jesus Jaun Semea. (Lan orhoitgarri zonbait, "Oxobi")
  • Holako boz ederrik Etzazula zutarik Berritz utz hurbilzerat. (Amatxi, Decrept, E.)
  • Saratar apez-gai zenari Extebe, nun zira? Oraino nundik zaude ni ganat begira? Bihotzez hurbil bainan zutarik hain urrun, Jainkoak nahi duen tokirat banoa, Guziak irriz, kantuz jasanez zu lagun, Urrundik ezaun baita bihotzen gozoa. (Pindar eta lano, "Iratzeder")
  • Zure handitasunak, o ene Jinkoa! ez du mugarririk ezagutzen: zure baitarik daukazu, haren azpikoak dire gañerako handitasunak. (Andredena Mariaren imitazionea, Mihura)
  • Zure baitharik ditugu Zazpi dohain hautuak, zure baitharik hamabi pare gabe fruituak. (Noelac, Etcheberri (Ziburukoa))
  • Bertze olerkiak baditutzu, ez zure baitarik sortuak, bainan halere zure baitan haziak, izan diten zure teatro lirikoa, zure paraliturgiak, zure inobreko kantikak edo salmoak, hetan Izpiritu Sainduari mailegatzen baitiozkatzu zure eskual-mintzoa, zure eskual-bihotza, eta eskual-gogoa. (Euskal Literaturaz, Lafitte)

Alokutiboa

Lehenago aipatu da hi alokutiboa: lanera joan da esan beharrean, hiztunak lanera joan duk/dun esan ditzake, alokutiboa erabiliz. Baina zu alokutiboa ere badago (xu alokutiboa), duzu/duxu, alegia. Beraz:

  • joan da (neutroa)
  • joan duk/dun
  • joan duzu/xu

Nafarroako herria da Luzaide, Nafarroa Beherearekin muga-mugan. Hango dantzak, "Bolantak" oso ezagunak dira

Ekialdean bakarrik erabiltzen da, Zuberoa inguruan batez ere (Erabileraren nondik norakoak nahiko nahasiak dira1 hala ere):

  • Izigarri ilun duxu! Aintzinetik banekien nik segurik joan beharko nuela, gehiena izanez. - Zer eginen duxu xuk makilarekin? - Sugeak eta apoak kalituko! - Eta otsoak? - Berdin-berdina! - Hartzak? - Hek ere! Ez nintzan gogotik atera etxetik. (Mendekoste gereziak, Etchepare, J. B.)
  • Ihaut-irian xitxia Arras on izanen duxu! (Bertsuak, Etxamendi, M.)
  • Atzo gaitzeko aferetan zia[i]ltzatxun guardia hok; usua pasatu ta ondotik pasatu duxu gizon bat Frantziat, autua Edarretako onduan utzita. Autua ebatsia omen (t)zixin; ze trastiak dailtzan! Orai etxu nehoindako beldurrik. ( Luzaideko euskararen hiztegia)

Inpertsonala

Zu izenordaina modu inpertsonal edo generikoan ere erabiltzen da:

  • Nola jarri behar dut martxan garbigailua?
    Ezkerreko botoiari sakatu behar diozu, programa aukeratu eta ondoren botoi borriari eman behar diozu.

Adibide horretan ageri diren duzu horiek arruntak izan daitezke, hau da, elkarrizketa batean hiztunaren aurrean dagoen pertsonari erreferentzia egiten diote. Baina galdera horri honela ere erantzun dakioke:

  • Nola jarri behar dut martxan garbigailua?
    Ezkerreko botoiari sakatu behar zaio, programa aukeratu behar da eta ondoren botoi gorriari eman behar zaio.

Erantzun horretan, aditz-molde inpertsonalak erabili dira. Honelako iruzkinak ere inpertsonalak izaten dira:

  • bizitza gero eta laburragoa duzu.
1 Ikus honen inguruan Alberdi 1994, 1966; Bonaparte 1869; Yrizar 1981, eta Allières 1960

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "zu", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3