Erabiltzaile Tresnak


morf:5:4:1:1:6

berori

Errespetuzko pertsona izenordaina da berori. Berez ez da izenordain pertsonala, erakuslea da, eta horrenbestez, ez lehen ez bigarren pertsonakoa, hirugarrenekoa, baizik. Hala ere, errespetuzko forma denez, bigarren pertsonarako ere erabiltzen da. Hori horrela, formaz hirugarren pertsonakoa da eta aditzarekiko komunztadura hirugarren pertsonan egingo du, baina esanahiz, bigarren pertsonarako erabiltzen da:

  • Berori joango da (= zu joango zara)
  • Berorrek erabakiko du (= zuk egingo duzu)

Edorta Jimenez

  • Egungo adibideak:
    • Gero agindu bat izkiriatuko dugu, berorrek izena azpian atseginez jarriko dion agindua. (Sukar ustelaren urtea, Edorta Jimenez)
    • Michel deituko diot, Michel de Reyau, berorrek besterik iradokitzen ez didan artean. (Konpainia noblean, Anjel Lertxundi)
    • Axola ez bazaio, garbi hitz eginen nioke berorri, aita. (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)
    • Jar beza berorren izena honen azpian, eta bakea emango diot. (Sukar ustelaren urtea, Edorta Jimenez)
    • Ama azkenetan dago, odol asko galdu du, berorren eskaka ari da… (Konpainia noblean, Anjel Lertxundi)

Errespetuzko izenordain pertsonala da eta egun ez da asko erabiltzen. Ori aldaera ere badu tradizioan, eta pluralean beroriek, gaztelaniazko su eminencia, su ilustrisima, su excelencia esapideen ordez erabili izan da:

  • Jaungoikoak egun onak eman dagiozala esaten dio Peruk Maisu Juani eta aurreraxeago honela segitzen du testuak: Berori bezain jaun apaindu batek oinak ipini ardan-etxe honetan?

Tradizioan asko erabili da berori izenordaina, Lazarragaren lanetan hasi eta Hegoaldean baditu adibideak, absolutiboan salbu (berorri), XX. mendekoa delako hori. Iparraldean Duvoisinek erabili izan zuen inoiz:

  • […] fundamentuzat arturik mal pekado frutaau dago lekuorretan galdurik limosneraok salzaen dabe lekuan beste frutarik onin batenaz egon gura dot aldionetan exilik zegaiti arren eztit emaiten igitaiak lekurik bada nipere jarri badagit sekula barriz koplarik poeta gazte doña Elena ez nax egongo exilik au nik onela esaterako asko dot errazoarik berorren serbizaria nax ta ez niri barriz burlarik. (Eskuizkribua, Lazarraga)
  • BERORREN GORTASUNARI, GURE JAUN ETA PRINTZE BIZAR LUIS-LUZIANO BONAPARTERI Eskaldunen amodioa, GOGOA ETA BIHOTZA ETA ORDOEN ARTETIK, Berorren eskupeko aphal, Bainan bethi eskerdun, DUVOISIN, kapitainarenak. (Laborantzako liburua, Duvoisin)
Egia da eguneroko hizkeran egun ez dela asko erabiltzen berori forma baina maila formalagoetan erabil daiteke, eskabide ofizialak, gutunak, instantziak, eta antzekoak egiterakoan, esaterako.

Formari dagokionez, bi morfemak osatzen dute berori izenordaina: hori erakusleak eta ber partikulak:

BERORI: ber + HORI

'ber' partikula

Ber partikula ez dago oso argi zein kategoriatakoa den, baina asko erabiltzen da euskaraz. Izenen edo aditzen aurrean (edo atzean), esaterako, OEHn jasotzen denez, zuberoako autoreetan batez ere:

Hirugarren pertsonako bera izenordainean ere ageri da ber partikula: (ber + a). Aditz batzuen aurrean ere bai, “bakarra, bakarrik” esanahiarekin:

Batzuetan “hain zuzen ere” esan nahi du:

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "berori", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3