Erabiltzaile Tresnak


morf:5:4:1:1:8

bera

Hirugarren pertsonaren inguruan beti daude zalantzak eta arazoak, eta ez dago batasunik gramatiketan. Eta batasun falta hau ez da euskararen kontu soila, beste hizkuntza askotan ere zalantzak sortzen dira hirugarren pertsonako izenordainak sailkatzerakoan.

Batetik, badirudi, egiazko pertsonak (erreferentzia zuzen, zehatz eta bakarrekoak) lehenbizikoa eta bigarrena direla. Gaztelaniaz, esaterako, lehen eta bigarren pertsonako izenordainekin batera él, ellos, los, ella, ellas, la, las, ello, eta abar hartzen dira hirugarren pertsonako izenordain gisa. Frantsesez, berriz, il, elle, on, ils, elles, eta abar. Ingelesez ere gauza bera: he, she, it, eta abar. Hau mundu arrano hau

Euskaraz, ordea, ez dago pertsona izenordain arrunt gisa erabiltzeko elementu bereziturik, eta horien guztien parekoa artikulua da. Eta artikulua beti ageri da izenki batekin: autoa. Besteetan erakuslea erabiltzen dugu: auto hori1. Tradizioan artikulua bereiz erabili izan da, eta bizkaieraz ere arrunta da egun hala erabiltzea:

  • Adibide klasikoak:
    • ha etorri da.
    • Entzun ditzagun bi ama alaba elkar-hizketan: Ama, begira-zazu leihotik plazara: Ni bezalakorikan plazan ha ote da? Lai, lai, lai, tra la ra la ra lai! Begiak erne ditut, bi zangoak arin Hainbertze dohainekin ez nauke mutxurdin! Mutikoen artean itzul-inguruka, Gizon-geitzat baduzket dotzenan hameka. (Euskal Literaturaz, Lafitte, P.)
    • Mutilak, ha zuan etxea! Atezain bi egozan, biak gipuzkoarrak. (Hau mundu arrano hau, "Batxi")
  • Egungo adibideak:
    • Gizon ha, gaztetan, Rufino mutikoaren soinuan dantzan egina zan, antza, eta haxe kapritxoa sartuko jakon. (Rufino Arrola, Vulkanoren atzamarrak, Amuriza, X.)
    • Mundu guztiak dakina hau da: zuek bizi zinien herrian agertu zala ha orain dala hamar urte Halloween-egunean. (Harry Potter eta Azkabango presoa, J.K. Rowling / Iñaki Mendiguren)
    • Han Orixeren omenezko monolitoa dago eta berpiztu nintzanetik ez naz oraindino ha ikusten joan. (Agur, Euzkadi, Juan Luis Zabala)

Hura erakuslearen kasu marka batzuetan haren aztarna garbia ageri da: haren, hari, harekin… Baina hura, absolutiboan, erakuslea da (este, cet edo thisen parekoa). Zenbaitetan izenordain gisa ere erabiltzen da: hura etorri da. Adibide horretan izena isildu dela pentsa daiteke, baina beste batzuetan izenordaina dela ere badirudi: Aimarrekin hitz ein dut eta harekin ari nintzela deitu du Markelek. Hala ere, horrelakoetan joera handia dago harekin erabili ordez berarekin esateko: Aimarrekin hitz egin dut eta berarekin ari nintzela deitu du Markelek. Hori guztia aztertuta, zaila da esatea salbuespen horiek salbu, euskaraz hirugarren graduko izenordain arruntik daukagunik. Egokiago da esatea erakusleak dauzkagula eta batzuetan pertsona izenordain gisa ere erabiltzen ditugula.

Ildo horretan, hirugarren graduko erakusle indartua, bera, erabiltzen dugu gehien hirugarren pertsona singularrari dagokion izenordain gisa. De Rijkek (2008: 114) “Quasi Pronoun” esaten dio izenordain honi. EGLU liburukietan determinatzaile gisa jasotzen da bera:

  • gizon bera etorri da
  • gizona bera etorri da

Gainerakoetan izenordain gisa agertzen da, izenik gabe, izen sintagma berak bakarrik osatzen duela:

  • Nereak esan du berak egingo duela patata-tortila
Ikus sakontzen atalean berari buruz jaso ditugun artikuluak eta informazioa.

Perpaus horretan, Nerea izan daiteke bera, edo beste norbait. Baina izena jartzen badiogu ondoan, ezin da Nerea izan:

  • Nereak esan du neska berak egingo duela patata-tortila

Hor ikusten da bi bera daudela, izenordaina eta determinatzailea.

Bere, genitiboa

Esan dugu bera erakuslea dela baina izenordainaren zeregina ere hartzen du, eta haren forma genitiboa bere da:

  • Berak esana da jaiotza, koitoa eta heriotza direla bere gaiak.

Izenordaina ez denean, determinatzailea denean (lagun bera, laguna bera) beraren erabiltzen dugu:

  • lagun beraren (*lagun bere)
  • lagunaren beraren (*lagunaren bere)

Euskara Institutuan euskararen inguruko hamaika baliabide aurkituko duzu

Bere, haren, beraren

Bere, haren eta beraren formen erabileran nahasteak sortzen dira eta hainbat idazlek idatzi dute horren inguruan (ikus sakontzen atala). Oro har, esan dezagun lehen eta bigarren pertsonan ez dagoela zalantzarik izenordainaren erreferentean:

  • Ikusi dut/duzu Mirenek nire/zure autoa eraman duela.

Hirugarren pertsonan, ordea, testuinguruak argitu behar du zein den izenordainaren erreferentea:

  • Mirenek haren autoa eraman du. (Miren ez den norbaiten autoa)
  • Ikusi dut/duzu Mirenek haren autoa eraman duela.

Beste hirugarren pertsona bat ageri bada esaldi berean, izenordainak ez du argitzen erreferentea hura den ala esalditik kanpoko beste bat:

  • Aitorrek ikusi du Mirenek haren autoa eraman duela. (Aitorren autoa ala beste norbaitena?)
  • Aitorrek ikusi du Mirenek beraren autoa eraman duela. (Miren ez den eta aurretik aipatu den hirugarren pertsonarena: Aitorrena)

Lehenengo adibide horretan ez dakigu Mirenen autoa den ala beste norbaitena. Bigarren adibidean, ordea, beraren erabiliz aditzera ematen da izenordainetik hurbilen dagoen pertsona (Miren) dela erreferentea, eta ez lehenago aipaturiko norbait (haren):

  • Aitorrek ikusi du Mirenek beraren (Aitorren) autoan eraman duela haren (hirugarren pertsona bat) oparia.

Ikus orain bere izenordainarekin sorturiko perpaus hau:

  • Mirenek bere autoa eraman du. (bere = Mirenen, Mirenek Mirenen autoa eraman du
  • Ikusi dut Mirenek bere autoa eraman duela. (bere = Mirenen)
  • Aitorrek ikusi du Mirenek bere autoa eraman duela. (bere = Mirenen, *Aitorren, *inoren)

Horrenbestez, hiru esaldi hauek osa daitezke:

  • Aitorrek ikusi du Mirenek bere autoa eraman duela. (bere = Mirenen)
  • Aitorrek ikusi du Mirenek haren autoa eraman duela. (haren = Miren ez den eta aurretik aipatu den hirugarren pertsonarena)
  • Aitorrek ikusi du Mirenek beraren autoa eraman duela. (beraren = Miren ez den eta aurretik aipatu den hirugarren pertsona batena, ia beti Aitorrena)

Oharrak

Artikulu honen sakontzen atalean beraren inguruko hainbat informazio jaso da. Hori gorabehera, kontuan izan oharrok:

  • Halako esaldietan zuzena da beraren izenordainaren lekuan haren erabiltzea. Ekialdeko euskalkietan, adibidez, sarri gertatzen da hori. Hala ere, beraren erabiltzeak anbiguotasunak saihesten ditu.
  • Mendebaldeko erabilera batzuetan haren/beraren/bere ez dira horrenbeste bereizten: beraren erabili ordez bere erabiltzen da askotan eta harenen ordez bere. Gaztelaniaren eraginez, bere bihurkaria gehiegi erabiltzen da egun. Ikus EHUren Kalkoen Behatokian gai honen inguruan emandako azalpenak.
  • Nahasteak saihesteko, hobe da bere zentzu bihurkarian baino ez erabiltzea:
    • Aitorrek bere etxea saldu du. (bere = josuren)
    • Aitor bere lagunarekin joan da mendira. (bere = josuren)
    • Bere etxera eraman dugu Aitor. (bere = josuren)
    • Aitorri berea gustatzen zaio, ez zurea. (bere = josuren)
  • Aitorrek haren etxea saldu du. (haren = Aitor ez den norbaiten)
  • Aitor haren lagunarekin joan da mendira. (haren = Aitor ez den norbaiten)
  • Haren etxera eraman dugu Aitor. (haren = Aitor ez den norbaiten)
  • Aitorri harena gustatzen zaio, ez zurea. (haren = Aitor ez den norbaiten)

Perpaus berean izen sintagma bat baino gehiago badaude hirugarren pertsonakoak, izenordain bihurkaria anbiguoa izan daiteke, eta halakoetan testuinguruak argitzen ez badu, beste era batera argitu beharko da erreferentea:

  • Aitorrek Miren bere etxean utzi du. (bere = Aitorren/Mirenen)

Kontuan hartu behar da beraren (errepikapenezkoa) erabili den gehienetan, haren (soila) erabil daitekeela. Bereizkuntza nagusia bere bihurkariaren eta bihurkari ez diren haren/beraren artekoa da:

  • Maitek argi eta garbi hitz egin zuen bere azken hitzaldian, beraren izena daukan liburuaren inguruan.
1 Euskaraz bi hori bereiz ditzakegu:
* deiktikoa, arruntena eta erabiliena: gero egingo dugu hori
* izenordainaren inguruko zerbait, gaztelaniazko elloren parekoa: hori ez dakigu

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "bera", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3