Erabiltzaile Tresnak


morf:5:4:1:2

Pertsona izenordain indartuak

Lehen eta bigarren pertsonei dagozkien izenordainek forma indartuak dituzte eta horiek ikusiko ditugu atal honetan.

Forma

Izenordain indartuak aztertzerakoan ohartuko gara batetik euskalki batetik bestera forma eta aldaera bat baino gehiago daudela, eta bestetik, forma horien erabilerak muga sintaktikoak dauzkala.

Formari dagokionez, aldaera hauek guztiak daude tradiziozko testuetan:

SINGULARRA PLURALA
1. pertsona: ni neu (neur), nihaur (nihau, nihauri, nehaur, niñaur, nihor, ñaur); nerau, neroni (neoni, neror, nerone, nedoni, negoni, nagoni, neuni, neone, neune, neroi)1. pertsona: gu geu (geur), guhaur (guahu, gihaur, ginhaur, gaur, gihau, guhaur), gerok, geroni*1 (guhoni, gehori)
2. pertsona: hi/zu/berori heu, hihaur (hiaur, ihaur, ihau, hihau, hiau, yaur), heroni (herori, hihaurori, hioroni)
zeu (zeur), zuhaur, zerori
berori2 (bedori, beroi, bere-beroi)
2. pertsona: zuek zeuek, zerok

Hirugarren pertsonan esan dugu ez dagoela izenordain indarturik, bera erakuslea erabiltzen da izenordain gisa.

Ikusten denez, euskalki batetik bestera forma eta aldaera bat baino gehiago dago (baina desberdintasuna ez da euskalki kontua bakarrik), eta euskara baturako formarik hobetsi ez bada ere, neu/geu sistema da erabileran nagusi. Hiztegi Batuak espresuki ontzat eman dituen aldaerak letra lodiz azpimarratu dira koadroan: neu, nihaur, nerau; heu, hihaur; zuhaur, zerori; geu, guhaur; gerok. Bestalde, *geroni forma espresuki baztertzen du Hiztegi Batuak eta horregatik jarri zaio izartxoa. Beste aldaerei buruz ez du oharrik egiten Euskaltzaindiak, beraz, hiztunak berak erabakiko du zein noiz erabili.

Adibidetegia

1. pertsona singularra:

  • neu:
  • neur:
  • nihaur:
  • nihau:
  • nihauri:
  • nehaur:
    • eniz ni bizi, baina IESUS ene Iauna bizida nitan, Erran nahidu Apostoliak, Iesusek arrapatu du ene arima, ene bihotza, ene borondatia beraganat, nik harganat dudan amorio saindia dela kausa, eta nik hala hala Iesusen bihotza tiratudut nehaurganat, hark niganat dian amorioa, eta gratia dela kausa, halatan IESUS bizi da nitan, eta ni, Iesusetan. (Onsa hilceco bidia, Tartas)
  • nihor:
    • Alabainan zuk jotzen eta zuk sendatzen duzu, zuk hobira jautsarazten eta zuk handik eraikarazten duzu; eta nihor itzur ez daite zure eskuari. (Biblia, Duvoisin)
  • ñaur:
  • nerau:
    • Okasiyo bat emen izan da juan dan aurreko urtian, ni ere bistan fortunatuba, nerau ez nitzan partian, nere lagunak, zuen disputa ori biyontzat kaltian, ez tokatzia obe litzake orrelakuen artian. (Jarritako bertsoak, Errota, P.)
    • AGURRA Begoña-ko Miren: gixon ittun onen azkengo agurra samurrez entzun; euzkotar gaxua nerau dozu, Ama, aberrija izten dot juteko urrun. (Urretxinddorra, "Aizkibel")
  • neroni:
  • neoni:
  • neror:
    • Baldin ihardetsi gabe utzten badut, ordaiñaren bihurtzera enseiatzen ezpanaiz edo neror agur egitera aitzintzen banaiz, erranen dute eztheus bat naizela, beldur naizela, egiak erran zaizkidala eta halatan neure buruaz fida izan gabez, hitz eske nabillala. (Guero, "Axular")
    • O ene desirik handiena! Zergatik ni neror bakharrik utzten nauzu? ni hunela deskonsolatua largatzeaz zuk zer loria izaiten duzu? ene atsekabeak gatik zuri zer gozo heldu zaitzu? Oilloak bere xitoak ahal bezanbat gaitzetarik begiratzea gatik bere hagalpean gordatzen ditu, eta nola zuk ni ez nauzu hain maite? Biotarik batak ganbiatu behar dugu, edo nik zure maitatzera, […] (Debozino eskuarra, Haranburu, J.)
  • nerone:
    • Behin baino gehiagotan pentsatu dut, nerone beneditano sartzea; ez batere mundu huni ihes egiteko, bainan hobeki otoitz egiteko. (Oroitzapenak, Larzabal, P.)
    • Tuen, trufen ta kolpeen azpitik noa oihuka, Zango-hezurrak higatu eta nerone hil arte, Harek odola emanik, ez baitezaket nik uka: Besoak zabal goait dago. (Zeru-menditik, "Iratzeder")
  • nedoni:
    • Umiak negarrez ta nedoni antsika, gizona mozkortzian etxian musika; erantzuten badiyot kontrako itzika, nere bizkarrak eztu sentitzen otzika. (Bertsoak, “Xenpelar”)
  • negoni:
    • 8 Mangera onek begira nola amenazatu gaituan, gauza guziak beretako nai, etzan kontentu kituan; egun orretan iru andre re urak eraman zituan, aur bat ere an atera zuten gaixua ia ituan; negoni bistan enitzen baño ala jakindu nituan. ([:egile:txirrita:obra|Bertso jarri guztiak]], Txirrita)
  • neone:
    • Eresi ori zer dan neonek ezin esan det bertsoetan; bakarrik esan agian leike aingerutxoen izkuntzetan Itxaropenak bezela goruntz egan nai luken nai samiña; biotzak beti musuka bekin euki nai luken atsegiña. (Biozkadak, "Jautarkol")
    • Erraten dio: - Lurreko xinaurria, nork eman behar hau permisionea hunarat ethortzeko? - Nork eman behar nik dikan? Neonek hartu! Eta iresten du.
      Erraten dio: - Lurreko xinaurria! Nork eman hau permisionea hunarat ethortzeko? - Nork eman behar nik dikan? Neonek hartu! Eta iresten du.
      - Nork eman hau permisionea hunat ethortzeko? - Neonek hartu! - Jan behar haut! Urbiltzen zaio eta ematen dio gure artzaiñak bere zigorrarekin golpe txiki bat lepuan. (Euskal ipuinak, Wentworth Webster)
  • neune:

1. pertsona plurala:

  • geu:
    • gizonak, asarrea beste gauza guztiak lez ondo da aldizka edo txandaka, ta euskaldunak arazo onetan ez gara iñoz asarratu, ta onezkero ordua da ta geu be nozbait asarratu gaitezan. (Edo geuk edo iñok ez, "Kirikiño")
    • Geu pozik bagagoz, naiz onak eta lagun-urkoaren edo geidearen maitaleak izan, leku gitxi euki oidau gure biotzean iñoren naigabeak, zenbat eta pozago, ainbat eta gitxiago. Egi zaleak bagara esan daigun egia: geu pozkor bagablltz, ezta iñoren naigabea gure mingañetik barrura sartzen, geientsuetan. (Kresala, Aguirre, D.)
  • geur:
    • Neu geur legez sartu ta arik zortzi egunera atunetan asi ginean, edo obeto esateko egalaburretan; bada lurrak lenengo lenengo dakazan ikoai ikolorak legez, itxasoak lenengo lenengo dakazan atunei, egalaburrek esaten iake. (Batxi guzur, Azkue, R. M.)
    • […] beti presa mila monjaren baño abadesa 23 Kontentuago dagoalakoa gaaten dabela basallorea eperki janik baño priorea 24 Zerren beti bere da arinago borondatez nekea egitea baiño bere posa asedetea 25 Orain dator fraile malmaz arro bat atxakiz arturika bisitea onagaz dakarrela agintea 26 Erabilten gaitu ilabetean bere tripearenzat errastruan geur barriz tiri taio konbentuan 27 Arenzat eperra bardin al bada ez gorri tantarik baize zuria aumarik badogu ez azuria 28 Konbenturik konbentu dabilela or ase eben bete bigardoa mutil mando bota ta tabardoa 29 Niri barriz zerren negian berba neure aide jabe prenzipal batez deo graziaz zu azota zatez […] (Eskuizkribua, Lazarraga)
  • guhaur:
    • Begira gaiten, guhaur hortarat ez gintezkelako urgulutik. (Senperen gertatua, Larzabal, P.)
    • XOBADINAK: Bainan, haurrak, sobrakinak dira horiek guziak! JOANNAK: Xo! andre Xobadina; hasian hasi, goazen bururaino! Mariaren eta Xanetaren arimak libratuko ditugu hola Purgatorioko suetarik, eta guhaur ere orai arterainoko Ifernutik. (Supazter xokoan, Barbier)
  • guahu:
    • Bai eta goren gorenean, aitz baten itzalean bazkaldurik, elgarren ondoan egonak, beha bazter zabalari, begiak alde orotan ikerka, bulharrak gain hetako aire meheaz ezin asez; artetan, halako eremuak gure oinetan ikusiz eta guhau hain ttipi, hain ezdeus, barnea hersten zaungularik bakotxak guretzat ginaukan laztura batek. (Buruchkak, Etchepare, J.)
    • Eta elizatik atheratzean, eskualdun andana bat elgarretaraturik, hetarik batek erran zion Piarresi: “To, jakin izan bagindu, guhau ere kofesatuko gintuan, zuekin hortxet kominiatzeko”. (Piarres, Barbier)
  • gihaur:
    • Halatan bekhatoria, zu eta ni pagano gututzu Ienkoaren kontre Ibiltzen gireño, eta oraño pagano bano sordeix, zeren dakigularik legea, eta legiaren defensa, ezpaitugu begiratzen, ez bata, ez bertzia eta hartan baitugu erakhusten gure malitia, eta gure bekhatia handiagudela, eta krimenelago haiena beno, dugularik lege ona, eta lege saindia, gihaur beikira legiaren begiratzale gaixtoak, erran dian bezala aitzineko doktor berak libru berian. (Onsa hilceco bidia, Tartas)
    • Gihaur bagina zuri hersazaliak, badakizügü ezkinatiela digno entzünik izateko, bena Jesü-krist zure Seme Dibinoa eta gure Salbazalia, arartekari ezarririk egiten deitzügü gure galtoak; haren merezimentien ordari emagützü, othoi, behar dütügün graziak eta sokhorriak. (Maria birjinaren hilabetia, Intxauspe, E.)
  • ginhaur:
    • […] (ri) rik, dialakoz gero urthiki ta zen lehen lekhian jarri, haren marraker giradia beha egonen? Lotsa izan ezpada sobera igaiten dolürik dütükia so egiletarik? Sobera lotsa edo ordüzegi ükheitia edo arrazo gaberik, dirade orozbat damnügarri ürrhün direnetzaz lotsan izaitia da zorthü dolügarria, laisterregi jin dadin beldürraz beikirade ginhaurt bethi eskerniatzen, bena gogoa bageneza Izairian diradian gaizak haurrak bezala beren bederatzü hilabetiaren azkentzian diradiala sortzen, khozüta ezkiniro gure bizitze eskelia mila gogomen auherrez. (Filosofo huscaldunaren ekehia, Eguiateguy, J.)
  • gaur:
    • gauren (Le petit Catéchisme Espagnol du P. Astete, traduit en trois dialectes basques: 1. Aezcoan, par Don Pedro José Minondo, Instituteur à Garralda, avec la coopération de Don Martin Elizondo d'Aribe […], Ed. del Príncipe Bonaparte. Londres, 1869)
  • gihau:
  • guhaur:
  • gerok:
  • geroni*:
    • Ez dugu segurki behin ahantziko nola egun batez, Salaberry bildoztar eta Castagnet Lekunberrikoarekin geroni ari ginelarik, obusa ikaragarri batek lastersko lekhuak hutsarazi zauzkun! Ihiztariek berek bazuten nun josta. (57a gerlan, Zerbitzari)

2. pertsona singularra:

  • heu:
    • AROTZA: (Samar) Heu!
      GREGORIO: (Ahapetik) Ezti zaite.
      AROTZA: Heu. (Herriko botzak, Larzabal, P.)
    • Bildur izan ai eu, gura badok: ezkaizak besteok bildurtitzat edo Txantontzat euki. Or gau-erdi-inguruan norberen gerizarik bere ikusten eztan gau illun baten, buru-utsik, ortozik edo orpo-utsik eta erdi-billoizik, erraldoia lango Damutu andi bat begien aurrera, eu bakarrik agoala, aurkeztuko balitzakik, ezintzake, Txili, bildur izango? - Ona, Erroke (ukabillaz maiari ots eragiñaz esan eutsan Txilik): ire aitaita baizen sendoa enok; onelan da guzti bere inpernuko deabrua bera Damutu-iantziaz agertuko balitzakit, eta iarraituteko esango baleust bere, enintzake bildur izango, eneuke atzera egingo. (Bein da betiko, Azkue, R. M.)
  • hihaur:
    • - Ez zakiat, to, bainan, bazuan zer egin, tenore batez! Ez haiz alfer egona hihaur ere, gaurgoiti, eta hire erhi-muthur pullit horiek lan ederrik egin ahal die!. (Piarres, Barbier)
    • eta halako emazteki adintsu batenganik ihork igurik ez zezakeen indarrarekin tinkatu zuen berehala, ziotsalarik: — Ez hintzen hi gaur bilatzen nian ihizia, baina hihaur jin haiz ene sareetara, ez dea hala? Ezin jakin zuen, ordea, besteak astirik ukan zuenetz hitz horien entzutekotz, bere luzean eroria baizetzan aulkiaren oinetan, begitartea jadaneko urdindurik eta mihia ahotik erdi aterarik. (Narrazioak, Mirande)
  • hiaur:
    • Hik enünduiana erhatzaz jo ederki, ündarreko behor haren tratiaren gaiñeti? Ehintzana hiaur jin, bohorra hartürik, baizik eta bazütiala harek defaut handik? Ordian enünduiñana ezarri odol gorriz betherik, jenten ahalkez egon benintzan hiri südürra hautsi nahirik? Hire eskü idorrekin den gütienian pasoka hireganatüz geroz, sakolan diñat hogei eta hamargarren pipa. (Kaniko eta Belxitina, Oihenarte, J.)
    • ! Hire presunerak tratatuko dituk nik manatu bezala eta ez hiauri laket zaukan bezala. (Berterretx, Larzabal, P.)
  • ihaur:
    • Uhoin lagünak nausatzen beitzian Jesüs Jüdioekin, erraiten zeiolarik: Krist bahiz, libra hadi ihaur eta gü hirekin; - Dismas, uhoinak mehatehatzen zian eta erran zeion: Eztüka hik Jinkoaren beldürik, hunen ber gaztigian izatez? Gük halere jüstoki egarten diago, gure egitaten phena igurzten beitügü; bena hunek zer gaizki egin dü? - Eta gero Jesüsen ganat begiak itzülirik erran zeion: Jauna, orhit zite nitzaz, zure […] (Maria birjinaren hilabetia, Intxauspe, E.))
    • Hire hobena oraino ttipiago lukek, ihaur joaiten bahitz jaun xapeldun horietorat, gertatuaren pena erakutsiz. (Etxahun, Larzabal, P.)
  • ihau:
    • Uhoin lagünak nausatzen beitzian Jesüs Jüdioekin, erraiten zeiolarik: Krist bahiz, libra hadi ihaur eta gü hirekin; - Dismas, uhoinak mehatehatzen zian eta erran zeion: Eztüka hik Jinkoaren beldürik, hunen ber gaztigian izatez? Gük halere jüstoki egarten diago, gure egitaten phena igurzten beitügü; bena hunek zer gaizki egin dü? - Eta gero Jesüsen ganat begiak itzülirik erran zeion: Jauna, orhit zite nitzaz, zure […] (Maria birjinaren hilabetia, Intxauspe, E.)
    • Hire hobena oraino ttipiago lukek, ihaur joaiten bahitz jaun xapeldun horietorat, gertatuaren pena erakutsiz. (Etxahun, Larzabal, P.)
  • hihau:
    • Ene ahal guziaz usnaturikan ere, usain hura den-gutienik ez dut hautemaiten egun: gaztetasuna hihauri joan baitzaik segur, gehiago ikusiko ez dukana, daut adiarazten bizkar-hezurrari beheiti trufari kixkil batek. (Beribilez, Etchepare, J.)
    • Ez baihuen sekulan bilduko hihaurek merezimenduez. (Sarako lorea, Larzabal, P.)
  • hiau:
    • Hori atsaldian hiauk ikusiko uk, Pello.
    • Hik enünduiana erhatzaz jo ederki, ündarreko behor haren tratiaren gaiñeti? Ehintzana hiaur jin, bohorra hartürik, baizik eta bazütiala harek defaut handik? Ordian enünduiñana ezarri odol gorriz betherik, jenten ahalkez egon benintzan hiri südürra hautsi nahirik? Hire eskü idorrekin den gütienian pasoka hireganatüz geroz, sakolan diñat hogei eta hamargarren pipa. (Kaniko eta Belxitina, Oihenarte, J.)
    • Ez baduk hiaurek hire burua zaintzen, xakurra bezala ibiliko hute.
      Ez dik balio jaun horieri kasu egitea, hiaurek atxik heina. (Mendekoste gereziak, Etchepare, J. B.)
  • yaur:
  • heroni:
    • Ethorria baita jendaki madarikatu haren gaztigatzeko ordua, habil heroni; oraikoan ematen dayat eskua halako gaixtagineri egiteko nahi ditukan min guziak. (Baigorriko zazpi liliak, Duvoisin)
  • herori:
    • Eta berriz erran zioten: Sarthu haiz hemen arrotz bezala; gure juiatzera ethorri haiz? heroni hekiek baino hobeki ehoko hagu. (Biblia, Duvoisin)
  • zeu:
    • Eta batez bere zeu aurreratuten bazara berari egun onak emotera, berba egitera, presente bat biraldutera. Eta, baldin faltak zureak badira, zeu bazara errudun, orduan zu zagoz obligaturik aurreratutera, berba egitera, parkaziño eskatutera, baketutera. (Gueroco Güero, Añibarro)
    • Zure amodiozko biziera onetan neure arimea sendoago iarri dedin, orain zure Komunioko Sakramentu adoragarrian Zeu ondo artzeko, indazu grazia. (Kristiñau dotrinea, Cardaberaz)
  • zeur:
    • […] usaiz beterik oita kapa bat emunagaiti ez nax geratu piloxik inori emun bajagot bere ez nago damu jakinik ene erriti oita zurera badago bidazidorrik oi aetati paseazeko eztot ardura lagunik bide artati iramo badot zure kalera gezirik ene laztana oi utra dago galanto enpleadurik zure lekuan ederra nor dan zeur ezpazara ez dakit zegaiti inor ederra dala gurean ez da famarik linda damea ni neurau nago galanto informadurik zure lekuan ez oi dala ederrez konfradiarik donzella eder juzgaetako asko bear da gauzarik onestidade parebagea fundamentuzat arturik mal pekado frutaau dago lekuorretan galdurik limosneraok salzaen dabe lekuan beste frutarik onin […] (Eskuizkribua, Lazarraga)
    • Bost ille barru zeur alboan izango dozu oniñoan. (Fabulas en dialecto vizcaino, Zabala, J. M.)
  • zuhaur:
    • Haatik, nola apur batentzat atera behar baitut, otoi zaude zuhaur berarekin, ni berriz itzuli artio. (Angles ginelarik, Larzabal, P.)
    • […] Eta nizaz eduki kontu, Nahi ezpanuzu net hil-urhentu, Nola bainuzu ja hurrentu; Ezi bihotza, zu beti hala Ikusiz gibel zauztadala, Hotzarriturik orai hil-hila, Hoboro nitan eztabila: Bana zuk nahi baduzu sarri Harzara piztu et eratzarri, Nonbait, egizu, Jainkoaren partez Ikus zitzadan zenbait artez; Bana zureki nahi nikezi Elizan nehor zuhaur bezi, Et ekuslerik ageri elizan Lekutara zindiaurizan. (O-ten gaztaroa neurtitzetan, Oihenart)
  • zerori:
    • Heldu zare eneganat, enekiñ nahi duzu, zure banketerat gonbidatzen nauzu, zeruko ogia jaterat eman nahi darotazu, aingeruen ogia, ez bertzerik zu zerori baizen, diot zu zerori, zeiña baitzare ogi bizia zerutik jautsia, eta munduari bizia ematen diozuna. (Jesu Kristoren Imitazionea, Aranbillaga)
    • Nori beraz zuri zerori baño hobeki eman ahal ditzoket ene obrak eta ene bihotza? Zuk eman baitarotazu izatea, eta bizia. (Egia katholikak, Gasteluçar)
  • berori:
    • - Nagusiak esan zigun ahal genuen ondoena berori hartzeko.
      - Je, je! Zer xelebrea den berori.
      - Berori? Jose Anton.
      - Berori. Berori! Ez al dakigu, bada? Jose Anton.
      - Eta ukatzen badio berorrek berori dela.
      - Orain bezala esango diot, bada, zergatik ni ez naiz ni arranoa! Esan nahi dut ni ez naizela zuk uste duzun ni, ni ez naizela berori, hura dela ni, zuk uste duzun ni; eta ni ez naizela berori, berori dela hura, eta hura dela hura, eta ni naizela ni, eta.
      - Zer ikusten dut? Soina mudatuta? Zer itxura da hori? Hori ere gogoratu zaio? Baina zer zelebrea den berori? Je-je! Txoratuko du osaba berorren aterakeriekin. (Bañan ¿zein naiz ni?, Soroa, M)
    • Badakigu berori oso zalea dena, Alkate jauna.
      MANTTONI: (Ataritik) Sartu, sartu, eder horiek! - Ederki eman ere!, ez jauna, ez: berori aurretik. (Bi ahizpak, Lizardi)
  • bedori:
    • - Baldes? - Baldes; eta bedori neri galdez? Bertsolaria ere puskatxo bat banaiz, eta bedorrek apiziorik balu, paretxo bat bertso alkarri botako genizkio.
      - Nola da ba ori? - Ai Jauna; bedori Jueza da baiño eztakizki lege guziak.
      Bedori? - Zoaz berealatik kalabozora. (Euskalerritik zerura eta beste ipui batzuk, Urruzuno)
    • Guztiaz ere, bigaramunean Gipuzkoako, Arabako, Bizkaiko, eta Nafarroako Diputadu jaunak alkarturik aurkeztu zitzaiozkan Napoleoni, esaten ziotelarik, ezen, Jauna, gure Errege Fernando zazpigarrenak aditzera eman digu, Españako Erresuma andiaz jabetu dala bedori. (Gipuzkoako probintziaren kondaira, Iztueta, J. I)
  • beroi:
    • Gelditzen da jentia arrituta lez bidekuari begira ta: - Ene! Zer da gero beroi? - Jesus Maria ta Kose! - Arrayie, oixe eztok gauzona! - Aitiaren, Semiaren. (Bigarrengo abarrak, "Kirikiño")
    • Bazkaldu eta gero etxe aldera asi, guri egin digue bastante noblezi, akonpañatu gaitue musika ta guzi, danon partetikan nik beroi milla grazi, Arantzazun ez dira oso triste bizi. (Jarritako bertsoak, Errota, P.)
  • zeuek:
    • Ez al duzute astelen au egiazko bigaramontzat artu zeuek? Eta lana, ugari dugu, aste bitartean jada ere bada-ta. ( Araibar zalduna, Erkiaga, E.)
    • Gizonak, burnizkoak ezpazerate, emakumeak, errukirik badezute, begirezazue nola dagoan zeuek irabazteagatik, infernutik ateratzeagatik, zerura eramateagatik. (Euskal testuak, Larramendi, M.)
  • zerok:
    • Apurka ta astiro dirautsaz barruko geiok etxekandre mazalak Nikanor-eri, katuari ainbeste bidar esanak; eta oraingotuaz mutillari berari beste zerok bere bai: soiñean daukanaz bakarrik ara agertu izan dan arren, gizon egiteko aukerea ta eretia, nai izan ezkero, edonok izan oi dituala-ta, lan egiteko nekerik ez dagiala iñoiz izan. (Batetik bestera, Erkiaga, E.)
    • Ongi, Aingeru onak, ongi: ta ezin garbi zenezoke zuek zerok zeren esku leun-zuri-ederrekin? Ez ote da mundu guzian arkituko, zuek zeren lan orretarako bearko dezuten adiña ur ta esku-oial, eun mee, olanda, ta ruan? - Badira, bai, zuek lan au, egin liteken era zuzen batez, egiteko bearko liran ur ta oial guztiz egokiak; eta pozik zuek billatuko zenituzkee, Jaungoikoaren […] (Jesusen amore-nequeei, Mendiburu, S.)
niñaur, nagoni, neuni, neroi, guhoni, gehori, hihaurori, hioroni eta bere-beroi aldaeren adibiderik ez da aurkitu, baina OEHn ageri dira aldaera horien erreferentziak

Erreferentziak

  • Alberdi, X. (1986a), “Euskarazko tratamenduen ikuspegia: I. Historia apur bat”, Donostia, ASJU, 149-202.
  • ——- (1986b), “Alokutibotasuna eta tratamenduak euskaraz: II. Markinaldeko kasua”, Donostia, ASJU, 419-486.
  • ——- (1989), “Euskararen morfologiazko ikerketak (1900-1936)”, ASJU, XXIII-3, 769-796.
  • ——- (1991), “Hikako tratamenduaren balore sozio-afektiboak”, Fontes Linguae Vasconum, Studia et Documenta, 1993, 64, 425-442.

Euskaltzaindiak honetaz

1 Hiztegi Batuak bereziki baztertzen du geroni forma
2 Berori berez da forma indartua eta horregatik aldaerak ditu soilik

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Pertsona izenordain indartuak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3